}
Arantza Aldezabal Roteta Leioako Zientzia eta teknologia fakultateko “FisioKlima-AgroSosT” ikerketa-taldeko ikertzailea

"Belardia aipatzean, gazteek “Dena berdina da; belarra besterik ez dago!” erantzuten dute. Ideia hori hautsi nahi izan dugu."

2024/05/29 Elhuyar

Hondarribiko Talaia BHI ikastetxeko DBH 2 eta 3. mailako ikasleek, Arantza Aldezabal ikertzailearekin eta EHUko Leioako Zientzia eta teknologia fakultateko “FisioKlima-AgroSosT” ikerketa-taldearekin batera, biodibertsitatea eta landare-itsutasuna aztertu dute, “Gluoien Mahaia, gazteak inspiratzeko” proiektuaren barruan. Belardietan edo hiri-lorategietan egiten diren lanek biodibertsitatean duten eragina aztertu dute.

belardia-aipatzean-gazteek-dena-berdina-da-belarra

“FisioKlima-AgroSosT” da zuen ikerketa-taldearen izena. Zeintzuk osatzen duzue taldea?

Oso talde heterogeneoa gara. EHUko bederatzi irakasle-ikerlari iraunkorrek, kontratupeko lau ikerlarik eta bost doktorek osatzen dugu. Jakintza eremu desberdinetakoak; alde batetik, botanikakoak; bestetik, landare-fisiologia jakintza arlokoak, eta, azkenik, ekologia jakintza arlokoak. Gainera, askotan kolaborazioak egiten ditugu beste talde batzuekin.

Zer ikertzen duzue?

Gure ikerketa landa-eremuko agroekosistema desberdinetan oinarritzen da. Agroekosistema deitzen diegu nolabait naturalak ez diren sistemei, giza jardueraren bat duten sistema horiei, alegia. Landa-eremuaren paisaia honako hauek osatzen dute: giza elikadurara bideratutako kultiboek, abereek erabiltzen dituzten landa-eremu seminaturalek eta basoek.  

Han bizi diren organismoen arteko elkarrekintzak aztertzen saiatzen gara. Horretarako, lurzoruak, landare-elementuak eta horiez elikatzen diren animaliak ikertzen ditugu. Landareen funtzionamendu fisiologikoa ere aztertzen dugu. Batzuetan, agroekosisteman bertan egiten dugu lan, eta beste batzuetan, esperimentalki, negutegietan, batez ere ezaugarri fisiologiko konkretu bat aztertzeko.

Gluoien Mahaia proiektuaren bidez, zuen ikerketa proiektua ikastetxeetara hurbildu duzue. Zer helburu izan du horrek? Zer transmititu nahi izan diezue ikasleei?

Labur esanda, landa eremuen kontserbazioa eta biodibertsitatea gizakion esku dagoela transmititu nahi izan diegu. Kasu honetan, baserri-giroko landa-eremu bat ikertu dute, baina hiriko lorategi batean egin daiteke ikerketa bera. Biek duten ezaugarria da gizakien kudeaketa bidez mantentzen direla eta horrek asko eragiten duela belardi horren kontserbazioan eta biodibertsitatean.

Gainera, hasiera batean, belardiak ez dira erakargarriak. Basoaren inguruan, esaterako, pedagogia asko egin da. Adibidez, ikastetxeetan egun bereziak antolatzen dituzte zuhaitzak landatzera joateko. Hau da, basoak badu aitortza bat. Belardiak ez. Belardia aipatzean, gazteek “Dena berdina da; belarra besterik ez dago!” erantzuten dute. Ideia hori hautsi nahi izan dugu. Gainera, nahiko nuke ikusarazi belardia lanerako basoa baino askoz ere eskuragarriago dela, hurbilagoa eta bertatik bertara behatzekoa.

Zer da belardi bat ondo kontserbatzea?

Belardi bat kudeatzeari uzten bazaio, biodibertsitatea galdu egiten da, baina gehiegi kudeatzen baduzu ere berdin. Oreka behar da.

Gizakiak askotan ez du biodibertsitatearen zaintza kontuan izaten belardiak kudeatzean, eta normalean ekoizpen-helburuarekin kudeatzen da. Adibidez, baserritarrak zenbat belar ematen duen begiratuko du, animaliei jaten emateko. Hiri eta herrietan, lorategi politak eduki nahi dira, jendea pozik egoteko. Kontua da herritarrentzako lorategi polita belar motz-motza duen hori izango dela… Hori benetan lorategi bat zaintzea da? Belardi bat ongi kudeatzeko, aurretik ezagutu egin behar dugu. Hori izan da abiapuntua, ikastetxean ikerketa martxan jartzean.

Zer urratsi jarraitu diezue?

Hasteko, Elhuyarrekin eta ikastetxeko irakasleekin bilera bat egin genuen, bakoitzaren rolak azaltzeko eta diskurtsoa gazteei egokitzeko. Unibertsitateko irakasleak izanik, DBHko gazteei azalpen argiak ematea erronka izan da guretzat.

Gazteekin egindako lehen saioa ikasgelan hasi genuen. Gure burua aurkeztu genuen haien aurrean, eta galdera hau bota genien: zer da belardi bat? Galderen bidez, ikasleen inplikazioa eta parte-hartzea bilatu genuen.

Lehen aipatu bezala, hasteko, behaketaren garrantzia azpimarratu genien. Kudeatzen den belardi bat kudeatzen ez den belardi batekin alderatuko genuela azaldu genien, konparaketa horretatik ondorioak ateratzeko eta ikusteko zein den kudeaketa egokia.

Uste dut lortu genuela transmititzea zeinen garrantzitsua den behaketarako galdera zehatzak eta hipotesiak planteatzea, baita neurketa egiteko zein aldagairi erreparatuko diegun zehaztea ere.

Maila teorikoko lanketa egin ostean, ikertu beharreko belardira irten ginen.

Denon artean partzela esperimentalak markatu genituen belardian, 5x5eko 4 partzela pare. Guztira 8 partzela. Belardiaren toki desberdinetan jarri genituen, ohartu baikinen belardia txoko batetik bestera oso desberdina zela. Adibidez, eremu batek aldapa handiagoa du besteak baino.

Beste saio batean, lehen laginketa egin genuen. Saio horretara, neurketarako kit guztiak eraman genituen. Oinarrizko neurketak egin zituzten, eta logistikoki nola aritu zehaztu genuen, hala aste horretan bertan egin behar zituzten gainerako ariketak euren kabuz egin zitzaten.

Behaketa egiteko zerri erreparatu behar izan diote?

Lurzoruan, laginak jaso eta xomorroak behatu dituzte, ez hainbeste kopuruari erreparatzeko, zein motatakoak diren ikusteko baizik. Mikrofaunaren biodibertsitatea esaten diogu horri. Aldi berean, laborategian aldagai fisiko-kimikoak aztertu dituzte, hala nola PHa. Laginketa-egunean, lurzoruaren tenperatura eta hezetasuna neurtu zituzten. Baita CO2 isuriak ere. Azken hori bi eratara egin dute: ontzi batekin gaua simulatu dute, ikusteko landareek egun argiz arnasketa eta fotosintesia egiten dutela une berean, eta gauean, berriz, soilik arnasketa.

Lurzoruaz gainera, landare-inbentarioak egin dituzte, zer espezie dauden ikusteko. Landare horien herbario bat egin dute, landareak prentsatuz eta lehortuz. Landare horiek gure laborategiko bisitara ekarri dituzte.

Eta, azkenik, landareak loratzean, polinizatzaileak behatu dituzte. Hau da, ikusi dute zer polinizatzaile-motak bisitatzen duen zer lore. Polinizatzaile eta landareen arteko elkarrekintza ikusten dute horrela.

Azken honekin azpimarratu nahi izan diegu biodibertsitateak ez duela bakarrik espezie-kopuru altua esan nahi, baizik eta euren arteko elkarrekintza. Elkarrekintza horiek garrantzia handia dute belardien funtzionamenduan. Landareez harago, ohartarazi diegu espezie bat galtzen bada zenbat elkarrekintza galtzen diren eta horrek zer ondorio dituen.

Zuen laborategietara joan zirenean, zer egin zenuten?

Eurak laborategiko teknikari sentitzea nahi genuen, eta haientzat prestatutako protokolotxo baten bidez, ekarritako landare laginak neurtu zituzten: pigmentuak eta proteinen kontzentrazioak. Oso polita izan zen. Irakasleek esan ziguten oso gustura aritu zirela. Gainera, doktoregaiak izan zituzten laguntzaile, eta gazteak izateak gertutasun handiagoa eman zien gazteei.

Zer garrantzi du ikastetxeetan halako proiektuak egiteak?

Ikasleei mundu berri bat irekitzen diezu, hortxe aurrean dutena baina ikusteko gai ez direna inork ez dielako aukera eman. Mundu hori da natura bera, eta naturak transmititzen dizkien emozioak grabatuta geratzen zaizkie. Emozio onak eta txarrak. Ikustekoa zen nolako beldur eta nazkak zituzten batzuek polinizatzaileekin eta xomorroekin. Azken finean, esperientziak eta emozioak dira, eta hori grabatuta geratzen da.

Bestetik, lantzen duzu ezkutuko potentzial bat, eta transmititzen diezu gai direla halako ikerketa bat egiteko. Gazte asko poztu egiten dira lortu dutela ikustean. Irakasleok ere sinetsi behar dugu gazteek duten gaitasun horretan. Aukera hori ematea garrantzitsua da.

Azkenik, proiektuak trasmisiorako aukera ematen die. Arro bazaude zure ikerketaz eta hori kontatu nahi baduzu, Elhuyar Zientzia Azokaren aukera dago. Hor salto handia ematen da, jendartean erakusten baitute. Gainera, jendaurrean azalpenak eman beharko dituztenez, arduraz hartzen dute. Hori ere sentitzea garrantzitsua da.

Eta zuei zer ematen dizue?

Guk premia ikusten dugu ikastetxetan halakoak egiteko. Sentsazioa dugu ikasleak gugana iristean direnerako berandu izaten dela. Ikaragarri garrantzitsua da ingurunearekiko maitasuna eta errespetua ikastetxe mailatik transmititzea. Gure misiotzat jotzen dugu, eta, beraz, aukera hori ematea ikaragarria da. Eta, gainera, dibertigarria.

Zer garrantzi du ikerketa-mundua eta gazteak harremanetan jartzeak?

Honi esker, ikerlariok pertsonak garela, hurbilekoak garela, ikusten dute. Saiatu gara hori transmititzen. “Hemen gaude zuei gauzak irakasteko, baina guk ere zuengandik ikasteko”. Pixkanaka, konfiantza hartuz joan dira, eta gero eta gehiago hurbildu dira galderak egitera.

Gainera ikasgelatik kanpo, zelaian bertan aritzeak naturaltasuna ematen dizu, gelan bururatuko ez zitzaizkien galderak bururatzen zaizkielako eta adibideak ere unean bertan inprobisatzen dituzulako.

Zein izan da irakasleen inplikazioa?

Ezinbestekoa da, eta euren egunerokotik at dagoen esfortzua egin dute.

Alde batetik, ikasleekin aurretik landu zuten gaia, testuingurua azaltzeko. Adibidez, fotosintesia zer den gogorarazi zieten.

Bestalde, landare-espezieen zerrenda pasatu genien, eta fitxa plastifikatuak sortu zituzten, erakargarriagoa izan zedin. Gaur egun badaude mugikorretako aplikazioak, unean bertan zer landare den esaten dizutenak. Gu, ordea, ahalik eta tresna digital gutxien erabiltzen saiatu gara, mugikorrak alde batera utzi eta gazteek datuak eskuz jasotzeko.

Haiek ere asko eskertu digute guk egindako lana.

Aurrera begira, proiektu hau beste ikastetxe batzuetan martxan jarri nahiko zenukete?

Bai. Gainera, proiektua ikastetxearen neurrietara egokitu daiteke, ikastetxearen baliabideetara, eremuetara edo ikaslearen adinera.

Gainera nahiko genuke ikasleak ere bere herriko alkate edo udalari proiektua aurkeztea, berdin-berdin balio duelako herriko lorategi batean edo lursail batean. Horrela ikasleak sentitu daitezke herri mailan eragile aktibo eta egiten duten ikerketak balio sozial bat duela ikusiko dute.

Amaitzeko, zein anekdota datorkizu burura?

Landareak loratu gabe zeuden, eta nik esaten nien dena delako landarea zela. Ikasleek galdetzen zidaten nola nekien hori, eta nik azaltzen nien botanika ikasi nuela eta landareak gustuko izan ditudala betidanik . Gazte batzuek erronka bota zidaten: “ Apustua egin dugu; hiru hosto desberdin ekarriko dizkizugu, eta ea asmatzen duzun zer diren”. Eta erantzuna eman nien, eta harrituta geratu ziren.

Bestalde, barre handiak egiten zituzten landareen izenekin, baina esaten nien izen horiek informazio asko ematen zutela. Adibidez, “Trifolium pratense”-k adierazten digula hirusta gorria batez ere belardietan egoten dela, edo “pulmonaria”-k sendatzeko balio zuela.

Belardian sortu diren interakzioko uneak dira niretzat baliotsuenak. Beti esaten diet, “Ez ahaztu: landareak igurtzi, sentitu, usaindu… Askotan, hori da landareak identifikatzeko era errazena”. Elkarrekin ukitu eta usaindu ditugu landareak.

 

Edukietan sakontzeko, ikusi Teknopolis saioak Arantza Aldezabalekin egindako erreportajea. https://teknopolis.elhuyar.eus/eu/erreportaiak/belardien-dibertsitatea-ezagutuz/

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia