Belarri modernoa, uste baino antzinakoagoa
2007/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela 260 milioi urteko narrasti batzuen fosiletan, anatomikoki belarri modernoak zituztela ikusi dute paleontologoek. Aurkikuntza horrek ezeztatu egin du orain arteko ustea; izan ere, zientzialariek uste zuten dinosauroak sortu zirenean garatu zirela ondo entzuteko aukera ematen zuten egiturak, belarri modernoak, alegia, eta hori duela 200 milioi urte inguru izan zen.
Hori baino lehen, ornodunak lur lehorrera egokitu, eta gaur egungo ugaztunen, narrastien eta hegaztien arbasoak bereizten hasi zirenean, entzumenak ez zuen garrantzia handirik. Hori ondorioztatu zuten ikertzaileek, ordura arte aurkitutako fosiletatik. Hain zuzen, lehorreko lehen animaliak ia guztiz gorrak ziren. Orain, ordea, frogatu dute narrasti haiek gaur egungo sugandilek bezain ondo entzuten zutela. Antza denez, hori abantaila bat izan zen haientzat, eta eboluzioan aurrera egiten lagundu zien.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia