Beldurra irrazionala bihurtzean
2001/04/22 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Fobiak beldur irrazionalak eta neurriz kanpokoak dira. Animalia, objektu edo egoera batzuei izan dakiekeen izua da. I.M. Marks adituak Ikarak, fobiak eta erritualak liburuan idazten duenaren arabera, fobiak errealitatearekiko erabat neurrigabeak dira eta ezin daitezke ez esplikatu ezta arrazoitu ere. Norberaren kontrola baino indartsuagoak direnez, oso zaila izaten da aurre egitea eta estutasuna sortzen dion egoera saihestea beste irtenbiderik ez du izaten fobia duen pertsonak. Azken finean, beldur izatearen beldurra da. Saihestea ezinezkoa denean, babestuko duen lagun edo objektua bilatzen hasten da.
Gaur egungo gizartean, fobia sortzen duten egoerak eta arrazoiak, eta fobia duten pertsonen kopurua areagotu egin dira, batez ere, populazio-dentsitate handia dagoen lekuetan. Ikerketa baten arabera, biztanleriaren % 77k dauka fobiaren bat. Estutasuna edozein dela ere, sintoma fisikoak berak dira: pultsuaren azelerazioa, arnasa hartzeko zailtasunak, izerditzea, dardarak, ahoa idortzea eta muturreko kasu batzuetan blokeatzea eta paralizatzea dira. Pentsamendu dramatikoak ere izaten dituzte, hiltzeko eta erotzeko inpresioa, besteak beste.
Ezin bizia
Biztaleriaren % 77k fobiaren bat badu ere, normalean, ez da oso nabarmena izaten egoera batzuk saihestea ez baita batere zaila. Adibidez, hegazkinez ibiltzeak ikaratuz gero, nahikoa da automobilez, trenez edo itsasontziz bidaiatzea. Baina badira askoz ere jasangaitzagoak eta gogaikarriagoak diren beste fobia batzuk. Adibidez, agorafobia, leku irekiekiko fobia, edonorentzat bihur daiteke jasangaitza. Izan ere, imaginatu taberna zein denda batean sartu eta zeure burua jendartean ikusteko ideiak berak beldurtuta bizitzeak zer suposa dezakeen. Ikara horrekin bizi den pertsona, epe luzera, etxetik atera gabe bizitzera kondenatua dago. Kasu horietan, beste fobia-kasuetan baino gehiago jotzen da psikiatraren laguntza eske eta, normalean, tratamendu psikoterapikoek eta antidepresiboek emaitza onak ematen dituzte.
Alderantzizko fobia, leku itxiekiko beldurrean oinarritua, klaustrofobia da. Fobia hori saihestea errazagoa da, etxea ez badago 11. estaian bederen. Izan ere, ohikoena, estutasuna igogailuetan eta gela txikietan sartzea baita. Adituek esperientzia txar baten ondorioa izan daitekeela diote, adibidez, txikitan bainu-gelan giltzapetuta egoteagatik.
Ikerketa berriak
Fobia gehienak ezagunak eta arruntak dira. Adibidez, hegazkinez bidaiatzeak, leku itxiek, sugeek edo armiarmek sor dezakete estutasuna. Jokaera hori aztertu duten psikologo batzuek diotenez, fobia ez da gaixotasun bat, ikasitako erreakzio emozional bat baizik. Azken finean, fobia sentitzen duten pertsonek beldurra senti dezakete, baina ez beren jokaerak aditzera eman dezakeen adina. Portaera horiek ikasitako erantzunak izaten dira. Baina, zergatik jokatzen dute horrela inongo neurririk eta kontrolik gabe? Zein eratako aldaketa neurokimikoak eragiten ditu fobiak? Horiek izan dira azken urteotan gai horren inguruan lanean dabiltzanen galderak.
Ikerketa batzuen emaitzen arabera, fobia beste gauza asko bezala ikasi egiten omen da. Normalean, era horretako ikararen bat duen pertsonak inguruko beste pertsona baten keinuak imitatzen ditu edo, bestela, esperientzia beldurgarriren bat bizi izan du.
Beste aditu batzuen arabera, berriz, fobiek esanahi sinbolikoak dituzte. Adibidez, sugeekiko beldurra bulkada sexualen errepresio baten ondorioa izan daiteke. Bikotea banatzean ere sor omen daitezke fobiak, batez ere umeengan eta besteekiko dependentzia handia duten pertsonengan.
Galdera horien erantzunak argitzen joan diren heinean, era desberdinetako tratamenduak kaleratu dira. Bostongo Unibertsitateko David Barlow ikerlariaren arabera, "azken urteetan aurrerapauso handiak egin dira fobien tratamenduen inguruan". Lan horri esker, iaz kaleratu zen fobia sozialak dituztenentzat lehen medikamentua.
Fobiak gainditzeko beste terapietako bat portaera-terapia da. Terapia horren bidez, pazienteak neurririk gabeko portaerak aldatu eta ohitura horiek ahazten ikasten du. Fobiak dituzten pertsonek izua onartu, lasaitzeko teknikak ikasi eta, poliki-poliki, egoera konprometituetan jartzera ausartzen dira.
Tratamendu berriena, nahiz eta oraindik ikerketa fasean dagoen, errealitate birtualean oinarritua dago. Helburua, beldurrezko filmeetan bezala, egoera kontrolatu ahal izatea da. Pazienteari fobia dion objektua irudikatzen zaio, baina berak kontrolatzen du egoera. Besteak beste, hegazkinak, balkoiak, zubiak, igogailuak eta abar irudikatzen dira.
Oraindik ere hutsune asko dituen arloa da fobiena, baina egin diren aurrerapenak kontuan hartuta, arazo horrekin bizi diren pertsonek ez dute itxaropentsu izateko arrazoirik falta. Hala ere, aurrerapenak aurrerapen, arlo horretan dabiltzan ikerlarien arteko ezadostasuna nabaria da. Hemen ere dirua tarteko...
7k-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia