Belinda, izotzean su
2005/11/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Goiko argazkia NASAren Terra sateliteak hartu du, ASTER erradiometroaren bidez. Tresna horrek beroaren emisioa eta islatzea neurtzen du, eta egokia da sumendien erupzioak kontrolatzeko. Hain justu, horixe ari dira aztertzen: Belinda mendiaren erupzioa.
Belinda Hego Atlantikoko Montagu uhartean dago; zehazki, Amerikaren hegoaldearen eta Antartikaren erdibidean dauden Hego Sandwich uharteetako bat da, eta izotz azpian dago erabat. 1775 arte, uharte horiek ez ziren inongo mapetan ageri, baina orduan Cookek gidatutako espedizio britainiarrak ikusi zituen, eta ordutik Britainia Handiaren parte dira. British Antartic Survey Antartika ikertzen duen erakunde britainiarrekoek adierazi dutenez, erupzioa dela eta oso gustura daude, britainiarren lurrak handitzen ari direlako.
2001aren bukaeran hasi ziren Belindari jarraipena egiten, sumendien jarduera kontrolatzen duen MODVOLC zerbitzuak ohartarazita. Geroztik, Terra-k erresoluzio handiko argazkiak ateratzen dizkio hilean bitan. Izan ere, ikertzaileentzat oso baliotsuak dira irudi horiek, labaren eta izotzaren arteko elkarrekintza aztertzeko aukera ematen baitiete. Besteak beste, nolako arrokak eratzen diren ikertu nahi dute.
Gainera, urtzen ari den izotzak zer aldaketa eragiten dituen ere nahi dute aztertu. Hain zuzen, 1996an erupzio txiki bat gertatu zen Islandian glaziar baten azpian, eta urtu zen izotza ozeanora isurtzean, ozeanoek jasotako ur gezaren emari handiena izan zen, Amazonaren ondotik. Oraingoan, erupzioa handiagoa da eta izotz gehiago ari da urtzen beraz, ingurunean eragin handia izan dezake. Laster uhartearen jarduera hegazkinetik grabatzeko asmoa dute, hurbileko irudiak izateko. Irudiak zirraragarriak bezain interesgarriak izango dira, seguru.