}

Benjaminaren lezioa

2023/12/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

benjaminaren-lezioa
Benjaminaren garezurra. Arg. PNAS

Benjamina 430.000 urteko garezur baten izena da. 2001ean aurkitu zuten Atapuerkako Hesurren Osinean (Burgos), beste fosil batzuekin batera. Homo heidelbergensis espeziekoak ziren, neandertalen arbaso zuzenenak. Adin guztietako banakoen fosilak bildu zituzten, haurretatik adinekoetara, eta garezur hura neskatila batena zen. Hasieratik ikusi zuten besteetatik desberdina zela: patologiaren baten arrasto argiak zituen. 

Garezur 14 deitu zioten arkeologoek hasieran, eta Ana Gracia Téllez eboluzioan adituak gidatu zuen haren azterketa. Ikerketak erakutsi zuenez, kraneosinostosia zuen; hau da, garezurreko junturak garaia baino lehen elkartu zitzaizkion. Horren ondorioz, banako hark aurpegia guztiz desitxuratuta izango zuen, eta gaitasun kognitibo eta fisikoak, oso mugatuak. Eta, hala ere, 10 urte inguru bizi izan zela kalkulatu zuten.

Horiek horrela, Benjamina izena eman zion Graciak; hebreeraz, maiteena. Izan ere, hautespen naturalaren legearen arabera, banako hura hiltzera kondenatuta zegoen. Zaintza-lan handia eskatzen zuen, eta garbi zegoen heldutakoan ezingo zela bere kabuz moldatu, eta ez ziola ekarpenik egingo taldeari. Bere ingurukoek, ordea, zaintzea erabaki zuten. Mataisunaren seinaletzat jo zuten arkeologoek.

Ikuspegi horrek bat egiten du Margaret Mead antropologoari egozten dioten pasadizo batekin. Nonbait, galdetu zioten zein zen zibilizazioaren lehen adierazlea. Galdera horren ohiko erantzunak janaria kozinatzeko ontzi bat, amu bat, edo arma bat izaten ziren. Meaden esanean, baina, hautsi eta gero osatutako femur bat zen zibilizazioaren adierazle behinena. Eta arrazoi bera eman zuen: animalia basatiek, horrelako hezur bat hautsiz gero, ez dute bizirik irauten aukerarik; aurrera ateratzeak zaindua izan dela esan nahi du.

Asier Gómez Olivencia neandertalen hezurduretan aditua da, eta hark ere zaintzaren ebidentzia ugari aurkitu ditu. Are gehiago: Elhuyar aldizkarian idatzi zuen artikulu batean azaldu zuenez, gaixotasunen zantzuak oso baliagarriak dira neandertalen bizimodua eta portaera hobeto ulertzeko.

 Aztertu dituen fosilen artean La Ferrasie 1 izenekoa dago (Dordoina). Banako hark, gaztetan, femurraren trokanter handia apurtu zuen; horrek desoreka sortu zion pelbisean, eta, luzera, eskoliosia eragin zion. Gainera, hezur luzeetan, biriketako infekzioa zuela adierazten duen ezohiko hezur-hazkundea nabari zaio. Hala ere, 50 urte baino gehiago bizi izan zen. Hil ondoren, lurperatu egin zuten.

Nolanahi, Gómezek gogorarazi du, naturan, primateetan eta beste ugaztun-talde askotan ikusi izan direla gaixotasun edo istripu baten ondoren bizirik iraun duten kasuak. Eta, gizakietan, lan batzuetarako mugatuta egoteak ez duela esan nahi ezin dutela ezer egin; ehizara joan ezin zuenak, agian, fruituak bildu zitzakeen, edo tresnak landu edo lantzen irakatsi, edo haurrak zaindu. Baina, kasu batzuetan, agerikoa da mendekotasun handia zutela eta ez zirela aurrera aterako, zaindu izan ez balituzte.

Horrelako kasuek agerian uzten dute gizateriaren eboluzioan oso sustratituta dagoela zaintza. Paradoxikoki, zibilizazioaren gorenean omen gauden garaiotan, greba orokorra antolatu du mugimendu feministak, zaintzaren eskubidea aldarrikatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia