Bere burua sendatzen duen alga
2005/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Caulerpa taxifolia alga oso azkar hedatzen da. Zati bat banatzea nahikoa du organismo berri bat sortzeko. Jatorrizkoari zauri bat besterik ez zaio gelditzen, eta berehala ixten du. Hain zuzen ere, zauria nola sendatzen duen ikertu dute zientzialariek, eta itsasgarri berezi bezain eraginkor batez egiten duela ikusi dute.
C. taxifolia organismo zelulabakarra da, baina zelula bakar hori hainbat metro luze izan daiteke. Zauritzen denean, zelularen barruan dagoen konposatu bat, kaulerpenina, zatitu egiten da entzima baten bidez. Ondorioz, oxitoxina 2 izeneko molekula sortzen da. Molekula hori berehala lotzen zaie proteinei, eta, 30 segundoren buruan, goma antzeko gel bat eratzen da. Ordubete pasatu baino lehen, gela gogortu eta zauria orbainduta gelditzen da.
Ikertzaileek ez zuten inoiz ikusi halako mekanismorik organismo zelulabakarretan, eta orain aztertzen ari dira ea hori jakinda zerbait egin daitekeen Mediterraneoko C. taxifolia kentzeko. Izan ere, alga inbaditzailea da Mediterraneoan, eta kalte larriak sortzen ditu hango ekosisteman. Zenbat eta gehiago jakin algari buruz, orduan eta aukera gehiago daude haren aurkako bide eraginkor bat asmatzeko.