Bernat Soria, zelula amei eta medikuntza birsortzaileari buruz
2007/02/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Bernat Soriak Cabimer Andaluziako biologia molekularraren eta medikuntza birsortzailearen zentroa zuzentzen du, eta urteak daramatza zelula amekin lanean. Hastapenetan biofisikan aritu bazen ere, zelula amekin lan egitera nola pasatu zen eta medikuntza klinikoarekin zer harreman duen azaldu zuen.
Izan ere, batzuetan zaila egiten da ikustea zer lotura dagoen zeluletan maila molekularrean egiten diren oinarrizko ikerketen eta ospitaleetako lanaren artean. Baina lotura handia dago, eta horixe utzi zuen agerian Soriak, berak egin duen ibilbidean horren adibide ugari baitaude.
Esaterako, hogei urte daramatza diabetea ikertzen. Hasieran, intsulina ekoizten duten beta-zelulak ikertzen aritu zen. Besteak beste, intsulina nola jariatzen duten eta inguruko zelulekin nola komunikatzen diren deskribatu zuen Soriak.
Saguaren zelula amak.
(Argazkia: AEBetako Zientzia Fundazioa)
Baina helburua zen diabeteari eta sortzen dituen ondorioei aurre egitea, eta horrekin ez zen nahikoa. Beta-zelulak nola sortu jakin nahi zuen, gero pankrean txertatu eta horiek gorputzak behar duen intsulina ekoitz zezaten.
Orduan hasi zen lanean zelula amekin, zelula amak beta-zelula bihur zitezkeelakoan. Geroztik, aurrerapauso handiak eman dituzte, bai berak bai arlo horretan diharduten beste ikertzaileek ere. Soriak adibide batzuk eman zituen, eta, oraindik ikertzeko asko dagoela onartu zuen arren, “bide onetik “ doazela uste du.
Helduen zelula amekin ere badihardu, eta gaur egun jada badituzten aplikazio batzuk erakutsi zituen. Medikuntza “iraultza baten barruan” dagoela adierazi zuen, eta etorkizuneko protagonistak genomika, proteomika, bionanoteknologia, bioinformatika eta medikuntza birsortzailea izango direla iragarri zuen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia