}

Berogailua piztu edo ez piztu, hortxe dago koska

2005/11/17 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Landare bat odol berokoa denik ezin da esan, baina Symplocarpus foetidus berotu egiten da hotz egiten duenean. Berotzea ikertzen hasi, eta tenperaturaren datuak kaotikoak zirela iruditu zitzaien ikertzaileei, zentzurik ez zutela, alegia. Orain, ordea, aurkitu diete logika datu horiei.

Ez da erraza izan Symplocarpus foetidus-ek kanpoko tenperaturaren aurrean daukan jokamoldea ulertzea. Horretarako, datu-zerrenda luzeak eta konplikatuak interpretatzeko erabiltzen den eredu matematiko bat erabili behar izan dute —ekosistemak edo eguraldia aztertzeko erabiltzen dena—. Eta eredu matematiko horri esker jakin dute landare horren jokamoldea uste baino sinpleagoa dela: termostato baten gisan jokatzen du; gehiegi berotzen denean, berokuntza-sistema itzali egiten da. Beraz, etxeko berogailuaren edo labearen antzera jokatzen du.

Zer eredu matematikori jarraitzen dion badakite, beraz. Orain, berotze hori eragiten eta kontrolatzen duen mekanismo biologikoa aurkitu beharko dute.

Argazkia: Toronto Field Naturalists.