Berotegi-efektua hozkailuan
2000/11/19 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Etxeko hozkailuari esker luzaroan gorde daiteke janaria fresko eta usteldu gabe. Ozonoa eta klimarengan, ordea, hozkailuek ez dute hain eragin positiboa. Hotza produzitzeko CFC gasak erabiltzen ziren garai batean, baina ozono-geruza suntsitzen zutela eta debekatu egin ziren 1987an. Horien ordez, fabrikatzaileak HCF gasak erabiltzen hasi ziren, baina HCFak ere kaltegarriak suertatu dira gerora, planeta berotzea eragiten baitute.
Hozkailuen fabrikatzaileak ez ziren batere poztu Kiotoko Protokoloak HCF gasek berotegi-efektua eragiten zutela onartu eta gutxiago erabili behar zirela gomendatu zuenean. Berotegi-efektua eragiten duten beste gasekin batera zaku berean sartu zituzten HCFak eta erabiltzea debekatu ez bazuten ere, murrizteko konpromisoa hartu zen.
Behin-behineko konponbidea
1987an hozkailuetako hoztaile unibertsalen, CFCen, gain debekua erori zen ozono-geruza suntsitzen zutelako. Hamar urte geroago haien ordezkoek jaso dute zigorra, oraingo honetan berotegi-efektua eragiten dutelako. HCFak ez dira karbono dioxidoa bezainbeste igortzen atmosferara, baina bizitza luzea dute. Batzuek 250 urtetik gora iraun dezakete degradatu gabe eta badirudi atmosfera berotzeko karbono dioxidoak baino 6.500 bider gaitasun handiagoa dutela. 1987an, beraz, HCFek CFCak ordezkatu zituztenean, behin-behineko konponbidea besterik ez zen aurkitu eta hamarkada batean ingurugiro-arazo bat beste batez ordezkatzea soilik lortu da.
Hotza barra-barra kontsumitzen da gizarte modernoan: sistema industrialak eta etxeetako hozkailuak denak batera hartuta, 1.200 milioi unitate daude munduan eta urtero 60 milioi unitate berri egiten dira. Hotzaren booma herrialde industrializatuetan eraikinak eta ibilgailuak klimatizatzen hasi zirenean eta industrializatzen ari ziren herrialdeetako egoerak zertxobait hobera egin zuenean gertatu zen. Baina hozkailuen gorabeherak XIX. mendean hasi ziren, ekoizleetatik kontsumitzaileetarako bidean nekazaritzako produktuak galtzen zirelako.
Hozkailuen hastapenak amoniakoari, sufre dioxidoari eta hidrokarburoei daude lotuta. Gas horiek sukoiak, toxikoak edo biak izan daitezkeelako arriskutsuak diren arren, sistema sinplea eskatzen dute. Hozteko amoniakoa erabiltzen duten hozkailuak gaur egun nekazaritza industrialean erabiltzen dira eta segurtasun-neurri eta arau bereziak daude horretarako. Etxeetarako, ordea, hozkailuok ez dute balio.
XX. mendearen hasieran hozkailu txikiak zabaldu ziren etxeetan eta sukoia izango ez zen hoztailea ezinbesteko egin zen, fabriketako segurtasun-neurriek ez baitzuten zentzurik etxeetako sukaldeetan. 1930. urtean Midgey ingeniari estatubatuarrak zorioneko aurkikuntza egin zuen General Motors enpresarentzat: metanotik eratorritako molekula egonkorrak; CFCak, alegia. Aurkikuntza berehala zabaldu zen eta hozkailuetan erabiltzeaz gain, mugarik gabe baliatu ziren aerosoletan. Baina 70eko hamarkadaren hasieran ozono-geruza suntsitzea egotzi zitzaien eta orduantxe hasi zen CFCen gainbehera.
Greenfreeze
CFCek kloroa dute eta kloroak atmosferan izaten dituen erreakzioek ozono-geruza suntsitzen dute. 1987an sinatu zen Montrealgo Protokoloan CFCak ekoizteko debekua ezarri zen, 1995etik aurrera herrialde garatuetan eta 2005etik aurrera garapen-bidean dauden herrialdeetan. Etxeetako hozkailuetan 1992an hasi ziren CFCak ordezkatzen. Fabrikatzaileek HCFak erabili zituzten batik bat ordezkotzat, klororik ez dutenez ozono--geruzarentzat ez direlako kaltegarriak. Konposatu horien garaipena pagotxa izan zen DuPont bezalako enpresa handientzat, beraiek baitira hoztaileen ekoizle nagusiak. Hotzaren industriak diru ugari ezarri zuen aldaketa ahalbidetzeko. Horregatik, duela hiru urte HCFak ere bertan behera utzi behar zituztela esan zitzaienean haserre bizian jarri ziren.
Berotegi-efektua eragiten duten HCFak ordezkatzeko bi aukera daude; edo atmosferari kalte gutxiago egiten dioten fluido hoztailea aurkitzen da edo 1930 aurreko irtenbideetara atzera buelta egiten da, hau da, amoniakora eta hidrokarburoetara. Eztabaida bizia da, gainera, ekologistak eta ekoizleak aurrez aurre daudelako.
Elkarte ekologistentzat HCFek duten bizitza luzea da gas horiek gaitzesteko arrazoi nagusia. Greenpeacek, esaterako, 1997an hasi zuen hautazko hoztaileak bultzatzeko kanpaina, zehazki, hidrokarburoak bultzatzeko kanpaina. Erakunde ekologistak greenfreeze izeneko hozkailua proposatu zuen HCFari aurre egiteko.
Greenfreeze-k isobutanoa eta propanoa erabiltzen ditu hoztaile gisa. Konposatuak hidrokarburoen taldekoak dira, hain zuzen. Konposatu kimiko horiek ez dute ozono-geruza suntsitzen ez eta berotegi-efekturik eragiten ere. Baina sukoiak dira eta segurtasun-neurri zorrotzagoak eskatzen dituzte.
Hala ere, Greenpeacen ustez arriskua ez da esaten den bezain handia, hozte-sisteman konposatu bolumen txikiak erabiltzen direlako. Greenfreezek, gainera, eraginkortasun energetiko handiagoa dute eta ohiko hozkailuak baino mantentze-lan errazagoa. Presioari men egin eta Europako fabrikatzaileak hidrokarburoak erabiltzen hasi ziren, batez ere fabrikatzaile alemaniarrak (Bosch-Siemens, Liebherr) eta suediarrak (Elektrolux). Europa hegoaldeko herrialdeetan, berriz, HCFak erabiltzen dira oraindik ere.
Greenpeace garapen-bidean diren herrialdeetan ari da egiten greenfreezen aldeko lan berezia. Hozkailuen salmentak % 15 handitzen ari dira urteko han eta merkatua etengabe ari da hedatzen. Txinak, esaterako, munduko industria handiena dauka hozkailuen alorrean. Duela 15 urte txinatarren etxeetan ez zegoen hozkailurik eta gaur egun berriz % 25ek badute bat. Hirietan kopurua ikaragarri igotzen da, % 90eraino. Indonesia eta Indian ere, hozkailuen industria antzeko abiaduran ari da hazten.
Hidrokarburoetan oinarritutako hozkailuen aldeko argudioek indar berezia dute herrialde horietan, CFCak oraindik legezkoak baitira han. Baina 5 urtetan CFCak utzi beste aukerarik ez dute izango eta orduan zer? HCFekin lanean hasi segituan berriz aldatzeko? CFCak hidrokarburoz ordezkatuz gero, aldaketa gutxiago egin beharko lukete eta gainera ez lirateke HCFak ekoizten dituzten mendebaldeko enpresen esku egongo, hidrokarburoak ekoizteko teknologia eskuratzen errazagoa baita. Txinako 12 enpresa handietatik 8 hidrokarburoetara pasa dira dagoeneko eta merkatuaren % 30 ere bai. Bestetik, hidrokarburoak ekoiztea HCFak baino % 80 merkeagoa da.
Karbono dioxidoa
Beste aukera HCFak erabiltzeari utzi gabe emisioak murriztea da. Horretarako hoztaileak isolatzeko sistemak hobetu eta erabilera beteko bizitza gainditutako tresnak birziklatzea lortu behar da. Hoztaile gutxiago erabilita hotz handiagoa sortzeko bideak ere ikertzen ari dira.
Bestalde, baliteke miraria berotegi-efektuaren eragile nagusia den eragiten duen gasaren eskutik etortzea; hau da, karbono dioxidoaren eskutik etortzea. Joan den mendean karbono dioxidoak eraikin handiak klimatizatzeko balio zuen. Teknika bertan behera geratu zen, ordea, gasa erabiltzeko presioa handiak eta oso hodi sendoak behar zirelako. Baina materialen alorrean egin diren aurrerapenak direla medio, posible da karbono dioxidoak galdutako lekua berreskuratzea. Lurra berotzen duen gasa hotza ekoizteko, horra hor zirkuluaren koadratura.
Legea alde
Ozonoa suntsitzen duten produktuen gainean Europako Batasunak 1994. urtean onartutako araudia berritu egin da orain gutxi.Araudi berria 2000ko urriaren 1ean jarri zen indarrean eta honen arabera erabat debekatua dago Europako Batasunean CFCak dituen edozein substantzia merkaturatzea, bai hozkailuetan baita aire-egokitu sistemetan ere.Aldi berean, CFCak dituen eodozein tresna zuzenean zabortegira botatzeko debekua berretsi dute. Bestalde, hozkailuetan isolatzaile-gisa erabiltzen diren konposatuak 2004. urterako bertan behera utzi behar direla agindu du. Izan ere, substantzia horiek ozonoa suntsitzeko gaitasuna dute; ez CFCek bezain beste, baina badute.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia