}

Berri onak ozono-geruzaz

2007/09/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hil honetan bete dira 20 urte 29 herrialdek Montrealgo Protokoloa sinatu zutela. Ozono-geruzari kalte egiten dioten gasak erabiltzeari uztea hitzeman zuten herrialde horiek, eta harrezkero beste 162 herrialdek ere hartu dute konpromisoa, nahiz eta denek ez duten maila berean betetzen. Hala ere, eragina nabaria dela dirudi: azken ikerketen arabera, ozono-geruza bere onera etortzen ari da.
D uela 20 urte sinatu zuten hainbat herrialdek Montrealgo Protokoloa.

Berri ona da, zalantzarik gabe. Ozono-geruza estratosferan dago, lurrazaletik 15-35 km-ra, eta planeta osoa inguratzen du. Haizeen, urte-sasoiaren eta beste faktore batzuen arabera, leku batzuetan besteetan baino meheagoa da; esaterako, Antartida gainean nahiko mehea da berez. Eta are gehiago mehetu da giza jarduerak atmosferara isuritako gas batzuen eraginez. Zulatzeraino mehetu da, hain zuzen ere.

Orain, duela 20 urte hartutako erabaki haren ondorioz, badirudi zuloa ixten ari dela. Eta hori oso berri ona da, geruza babeslea bere onera etortzen ari delako zantzu garbia baita. Izan ere, Eguzkitik datorren B erradiazio ultramorea (UVB) iragazten du estratosferako ozono-geruzak. Hortaz, hura gabe, lurrazalera iristen den UVB erradiazioa handitu egiten da, eta hori kaltegarria da bizidunentzat.

Ozono-geruzak eguzkiaren UVB erradiaziotik babesten gaitu.

Ozono-geruzarik gabe

Dermatologoek ongi dakite zenbateraino den kaltegarria UVB erradiazioa, larruazaleko minbizia eta erredura larriak eragin baititzake. Horregatik, hain justu, dute erradiazio ultramore horren aurkako iragazkia eguzkitik babesteko kremek. UVB erradiazioek zelulen DNAn eragiten dute; horren ondorioz, zelulek, ugaltzean, akatsak izaten dituzte, eta minbizia sortzen da. Horrez gain, begiei ere egiten die kalte B erradiazio ultramoreak, eta immunologia-sistema ahultzen du. Beste bizidunetan ere, landareetan eta uretako ekosistemetan, kalteak eragiten ditu.

Gizakiari kalte egiten dion beste eragin batek troposferako ozonoarekin du zerikusia. Bitxia da, baina ozonoa, estratosferan mesedegarria bada ere, kaltegarria da troposferan, lurretik gertuen dagoen atmosfera-zatian, alegia. Estratosferako ozono-kontzentrazioa gutxitu ahala, troposferakoa handitu egiten da, eta horrek arnas aparatuko arazoak eta narritadura eragiten ditu pertsonetan. Landareentzat ere kaltegarria da, haien hazkuntza moteltzen baitu; adibidez, uztak txikitu egiten dira inguruko ozonoaren eraginez.

Bestelako kalteak ere eragiten ditu ozono-geruza galtzeak. Alabaina, 1970eko hamarkadan zientzialariak ohartu zirenean gas batzuek ozono-geruza suntsitzen zutela, kosta egin zitzaien gizartea eta politikariak horrekin kezkatzea.

Hitza eman eta bete

A ntartidaren gaineko ozono-zuloa, iazko irailean.
(Argazkia: NASA)

Ikertzaileek ez zuten zalantzarik, ordea. Kloroa edo bromoa duten gasek estratosferako ozonoa suntsitzen dutela frogatu zuten, eta gas horiek jatorri garbia zuten: gizakiak sortzen zituen. Hozteko sistema gehienetan erabiltzen ziren, eta baita aerosoletan ere. Orain, gainera, jakin dute gas horiek ere areagotzen dutela berotegi-efektua.

Kliman zer eragin duten jakin gabe ere, bestelako ondorioak nahikoa ziren gobernuei eta gizarte osoari neurriak hartu behar zirela ohartarazteko. Kostata, baina, pixkanaka-pixkanaka, gobernuetako arduradunek eta jendeak ulertu zuen zerbait egin behar zela, beranduegi izan baino lehen. Azkenean, 1987ko irailean, 29 herrialdek Montrealgo Protokoloa sinatu zuten; horrekin, ozono-geruzarentzat kaltegarriak ziren gas horiek ez erabiltzea hitzeman zuten.

Geroztik, hainbat berrikuspen izan ditu protokoloak, eta beste herrialde askok ere sinatu dute. Oraindik ez da nahikoa, baina, behintzat, ozono-geruza bere onera etortzen ari delako frogak ikusten ari dira ikertzaileak, eta uste dute mende honen erdirako erabat osatuko dela Montrealgo Protokoloa erabat betetzen bada. Hala izango ahal da!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia