}

Berri pozgarri gutxi hiesaren egunaren bezperetan

2002/11/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hiesaren egunaren inguruan, gaixotasun horrekin lotutako hainbat txosten, albiste eta iritzi plazaratu dira. Eta ez dago itxaropenerako toki handirik: gaitzak hedatzen jarraitzen du, botikak ez dira nahi bezain eraginkorrak, eta txertoa egiteko ikerketek ez dute emaitza onik ematen.

Irailean, hiesa zuen gizonezko bat birusaren beste andui batekin kutsatu zela jakin zen. Kasua New England Journal of Medicine aldizkarian argitaratu zen, eta txertoaren bila dabiltzan ikertzaileen artean kezka piztu zuen. Izan ere, gizonezkoa 1998an kutsatu zen lehenengo aldiz, eta hiesaren aurkako botikak probatzeko programa batean parte hartzen zuen. Zientzialariek hiesaren birusarekiko babestuta zegoela uste zuten. Alabaina, bi urte geroago gizonezkoa birusaren beste andui batekin kutsatu zela ikusi zutenean, oker zeudela ikusi zuten. Gainera, bigarren andui hori eta lehenengoa oso hurbilekoak ziren; hain zuzen, Europan eta AEBetan zabalduen dagoen anduia da bigarrena.

Horrek eragin handia izan dezake txertoa egiteko ikerketetan. Izan ere, eraginkorra izateko hiesaren birus guztietatik babestu beharko luke txertoak. Hori lortzea, ordea, benetan zaila da, gripearen birusak baino aldaera gehiago baititu hiesarenak.

Hala ere, ez dakite zenbat jende kutsatu den bi aldiz, eta zientzialari batzuek kasu hori oso arraroa dela uste dute. Nolanahi ere, argi dago kutsatzeko mekanismoari buruzko galdera asko daudela oraindik erantzunik gabe.

Test azkarra

Bestalde, odolean hiesaren birusa detektatzeko test azkarra atera dute AEBetako Abbot laborategiek. Nonbait, ohiko azterketen emaitza jakiteko bi aste itxaron behar da, eta asko dira analisia egin eta emaitza jakitera ospitalera itzultzen ez direnak. AEBetako datuen arabera, urtean 8.000 dira ihesaren probetan positibo eman eta emaitza zein den jakitera itzultzen ez direnak.

Aurkeztu berri duten test horrek 20 minutuan ematen du emaitza eta % 99,6ko fidagarritasuna du. Oraingoz, AEBetako ospitale handietan banatzeko asmoa dute, baina zentro txikiagoetan ere zabaltzea komeniko litzatekeela uste dute osasun-arduradunek. Besteak beste, test horri esker, erditzera doazen emakumeei azterketa egin ahalko litzaieke. Hartara, behar izanez gero, haurrari berehala emango liokete tratamendua.

Horretaz gain, antzeko beste test bat AEBetako Elikagai eta Sendagai Administrazioaren baimena jasotzeko zain dago.

Gehiago jakiteko, egin klik hemen .

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia