Berrikuntzak Elhuyarren itzultzaile automatikoaren webgunean eta mugikorretarako aplikazioan
2020/05/26 Elhuyar Zientzia
Mugikorretarako aplikazio berrituak, lehengo zerbitzuez gain, irudietako testua itzultzeko aukera ematen du. Horretarako, aski da aplikazioa ireki eta mugikorra irudiaren parean jartzea. Aplikazioak irudiko testua detektatuko du, eta itzuli egingo du guk eskatutako hizkuntzara, guk testua letraz letra aplikazioan sartu beharrik izan gabe.
Webgunean, berriz, doako zerbitzuak areagotu ditugu. Erabiltzaileek, orain arte bezala, nahi beste aldiz erabil dezakete itzultzeko laukia, webguneko sei hizkuntzen artean itzulpenak egiteko (euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa). Orain, gainera, erregistratzen badira, 500 hitz itzuli ahal izango dituzte aldiko (erregistratu gabe, 100 hitz aldiko). Bestalde, testu soilaz gain, dokumentu formatudunak ere itzuli ahal izango dituzte; 1.000 hitzerainoko 3 dokumentu doan, eta hortik aurrerakoak ordainpean.
Ordainpeko zerbitzuei dagokienez, epe luzeko planik kontratatu nahi ez bada, unean-unean ordaindu daitezke egiten diren eskaerak, kreditu-txartela erabiliz, erraz erraz.
Elhuyarrek 2019ko azaroan jarri zuen bere itzultzaile automatiko eleaniztuna erabilgarri, doan, eta geroztik hobekuntzak egiten eta funtzionalitateak gehitzen jarraitzen du. Itzultzaile automatikoa garatzeko, teknologiarik berritzaileenak baliatu dituzte Elhuyarreko I+Gko ingeniariek; besteak beste, adimen artifiziala eta sare neuronalak. Erosoa eta erabilerraza da oso, eta, malgua, hala nahi duten bezeroei beren beharren araberako zerbitzu aurreratuak eman ahal izateko. Izan ere, Elhuyarren itzultzaile automatikoaren bidez, dokumentu formatudunak osorik itzul daitezke segundo gutxian, eta sistema edonon txerta daiteke, REST APIaren bidez: itzultzaile profesionalen tresnetan (Wordfast, SDL Trados Studio...), erabiltzailearen webgune eta CMSetan, erakundeen autentifikazio-sisteman (Single Sign On bidez)…
Elhuyarren ibilbidea hizkuntza-teknologietan
Elhuyarrek sorreratik bertatik (1972) izan du hizkuntzak zientziarekin eta teknologiarekin lotzeko bokazioa, eta erreferente da euskararen eta inguruko hizkuntzen tratamenduan. 2002an ekin zion hizkuntza-teknologien arloko ikerketari, Hizking21 proiektuarekin, eta handik bi urtera heldu zion itzulpengintza automatikoari. Geroztik, arlo horretako hainbat proiektutan esku hartu du, eta baita zerbitzuak erabilgarri jarri ere.
Informazio gehiagorako: itzultzailea@elhuyar.eus
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia