Berriz ere astrologiaren aurka
1995/03/01 Arregi Bengoa, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria
Johann Kepler astronomo germaniarra, 1571 eta 1630 bitartean bizi izan zen Berpizkundearen ondoren, XVI. mendearen bigarren erdian eta XVII. mendean zehar burutu zen iraultza zientifikoaren testuinguruan. Bera dugu Astronomia modernoaren sortzaileetako bat. Gratz-en estatuko matematikaria izan zen eta lanbide horretan zuen zereginetako bat Astrologia Judiziala zen. Horrez gain, egutegi astrologikoa ere argitaratzen zuen. Berak idatzia utzi zuelako dakigu, ordea, ez zuela guzti hori gustuko zuelako edo Astrologiaren bidetik lor zitzakeen ondorioen zuzentasunean sinesten zuelako egiten; Astrologia Astronomia baino bizibide errazagoa zelako baizik. Honetan ez deritzot egoera nabarmenki aldatu denik, zoritxarrez.
J. Kepler ezezik astronomo garaikide gehienek, E. Brahe (1546-1601) bere maisua eta G. Galilei (1564-1642) bera ere tartean, horoskopoak egiten zituzten. Hala ere ezberdintasun garrantzitsu bat bada Brahe eta, Kepler eta Galileoren artean; lehenengoak ez zuen onartu N. Kopernikok (1473-1543) proposatu zuen sistema heliozentrikoa, K. Ptolomeoren eredu geozentrikoa onartzen zuelarik. Eredu heliozentrikoak bestea gailentzeak, ordea, zerikusi handia izan zuen astronomoek Astrologia baztertzerakoan. Astrologoek, erabiltzen zuten unibertso-ereduaren faltsutasuna onartu egin behar izan zuten. Dena dela, ez zioten aldaketa txiki batzuk baino egin, horrela aurrera segitu ahal izateko.
Badakigu, bada, Astronomia eta Astrologia noiz hasi ziren bereizten eta aldentzen. Geroztik, Astronomia garatu ahala, argudio berri ugari plazaratu da Astrologiaren aurka; baina, nonbait, ez dute bezero-kopurua gutxiagotzerik lortu. Baina, aipa dezagun argudio horietakoren bat.
Urano, Neptuno eta Plutonen aurkikuntzek arazo berri bana sortu zuten Astrologian. Gauza bera esan genezake asteroideetaz, azken batean hauek ere planeten antzera higitzen dira eta planetek sortzen duten bezala asteroideek ere sor bailezakete eraginen bat. Arazo benetan bitxia gertatuko litzateke pertsonaren bat poloetako batean jaioko balitz, handik zodiakoko zeinuen erdia beti bistan baitaude eta beste erdia beti ezkutuan.
Zein da orduan aszendente eta deszendentearen eragina? Poloetan ezezik zirkulu polarretan ere antzeko arazoak ditugu. Ekinozioen prezesioak sortzen duen arazoa ez da txikiagoa. Ptolomeok sistema astrologikoa eraiki zuenean udaberriaren hasieran Eguzkia Aries konstelazioan sartzen zen. Gaur egun berriz, aipatutako prezesioa dela eta udaberriko ekinozioan Eguzkia Piscis-en sartzen da, beraz, Aries kontsideratu izan ohi direnak Piscis beharko lukete izan, eta horrela denok ginateke uste izan dugunaren aurrekoa.
Antzeko zerbaitegatik piztu zen joan zen urtarrilean astronomo eta astrologoen arteko eztabaida luze honen azken saio iskanbilotsua. Zergatia konstelazioen mugak XX. menderarte ondo zehaztuak ez izatean datza. Ortzian 2.000 urte pakean eman ondoren ez ditu berriketa gutxi eragin Ophinchus delako horrek, hainbatek zeinua aldatu beharko lukeela eta. Ophinchus zodiakoan izan ala ez ortziko izarren antolaketa konstelazioetan erabat arbitrarioa da, gizakiaren izaeran eragina izan dezaketen astroen hautaketa arbitrarioa den bezala eta astro horietako bakoitzari egokitzen zaion eragin-arloa ere arbitrarioa den bezala. Arbitrariotasuna dela deritzot Astrologiaren ezaugarririk nabarmenena eta horregatik, ezin dela ondorio sendoetara iritsi iruditzen zait.
Bukaera, hasiera bezala, Keplerrekin egiteko; berarekin batera esango nuke “zeruak gizakiarengan eragina duela aski bistakoa da, baina eragin hori zertan gauzatzen den ezezaguna da”.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia