Berunik gabeko etorkizuna?
2001/04/15 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Nahiz superrez dabiltzan autoen jabeak ez diren berundun gasolinaren debekuaz gehiegi poztuko, poluzioa jaisteko era horretako araudiak beharrezkoak direla diote. Eta, seguruenik, ez dira oker ibiliko, Japonian eta Estatu Batuetan berunak eragindako poluzioa murrizteko asmotan legedia martxan jarri zenetik gauzak asko hobetu baitira. Bi herrialde horiek 70eko hamarkadan jabetu ziren berunak eragindako poluzioaren arriskuez eta, geroztik, debekua herri guztietara zabaltzen ari da.
Garai hartan, poluitzaile nagusia gasolinei gehitzen zaien detonazioaren aurkako gehigarriei egotzi zieten. Daytonen (Ohio) 1923an komertzializatu zen lehen aldiz berundun ezantza, eta esan bezala, duela 25 bat urte hasi ziren debekatzen. Debekua Frantziara 2000ko urtarrilean iritsi zen eta Espainian, berriz, 2001eko abuztutik aurrera aplikatuko da legedi berria. Hala ere, berundun gasolina erabiltzen duten auto-kopurua handia denez, ezinezkoa da goizetik gauera auto horiek denak merkatutik kentzea.
Trantsizioa errazteko, petrolio-konpainiek gehigarri berezi bat kaleratu dute, super gasolinaren erabiltzaileek berunik gabeko gasolinarekin nahasi eta erregai gisa erabili ahal izateko. Gehigarria sodio, potasio, fosforo eta manganesoaren gatz organikoen nahastea da. Horrela, bi urteko epea egongo da automobil-parkea berritu eta super gasolina behar dutenak guztiz baztertzeko.
Batzuek, beharbada, gehiegizko neurria dela pentsatuko dute, baina ez da ahantzi behar metal horrek bizidunen osasunean ikaragarrizko ondorioak dituela. Poluitutako janariak edo ura irentsita, poluitutako airea arnastuz edo/eta azalaren bitartez kutsa daiteke pertsona bat. Besteak beste, hemoglobinaren sintesia eragotzi eta portaera neurologikoen asaldura, kolikoak eta paralisiak eragiten ditu. Kantitate handiegian substantzia hilgarria izan daiteke.
Dena ez da gizakiaren kulpa
Autoan ibiltzera ohitzen denarentzat, ibilgailu hori ezinbesteko bihurtzen da. Seguruenik, horregatik hitz egiten da hainbeste superraren debekuak sor ditzakeen arazoez, baina automobilgintza ez da araudi horrek ukitu duen sektore bakarra. Izan ere, beruna urte askoan ur-kanalizazioetan, pinturetan eta nekazaritzan ere erabili izan da. Beruna atmosferara jaurtia denean, gizakiarentzat zuzeneko arrisku bihurtzen da, baina nekazaritzan erabilia denean, materia organikoari lotuta, lurrazalean harrapatuta gelditzen da eta poliki-poliki metatu egiten da. Arazoa materia organikoaren degradazioaren ondorioz (esaterako konposta egitean) edo lurraren mugimenduengatik eta higadurengatik beruna askatzean organismo bizientzat asimilagarri bihurtzean sortzen da. Horregatik, aditu batzuen hitzetan "atzerapenezko bonba" bezala definitzen dute.
Baina, berun-kontzentrazioaren emendatzea beti ez dela gizakiaren jardueren ondorio frogatu dute, berun-isotopoetan oinarriturik, azken urteetan egiten diren ikerketek. Izan ere, jarduera bolkanikoak atmosferan dagoen berunaren portzentaje txiki bat besterik ez duela jaurtitzen uste bazen ere, susmatzen zen bezala, sumendi inguruetako berun-kontzentrazioaren eragile direla frogatu ahal izan da. Adibidez, Etna eta Vulcano sumendien patarretako likena ikertzean, sumendien jarduerak inguruko landare eta eraikuntzak polui ditzakeela agerian gelditu da. Lehendik ere sumendi baten magalean ez bizitzeko aitzakiarik falta ez bazen ere, aurrerantzean, arriskuari beste arrazoi bat gehitzen zaio.
Leku eta garai askoren konkistatzailea
Ez pentsa, gero, berun-iturri bakarrak elikagaiak direnik. Ura, edari alkoholdunak, tabakoa eta produktu kosmetikoak kontsumituz eta erabiliz, berun kontzentrazioa nabarmen igo daiteke. Adibidez, iturriko uraren bidez hartzen den berun-kantitatea irensten denaren % 60 izatera irits daiteke eta edari alkoholdunen bidez hartzen dena, berriz, %20 da. Bestalde, herrialde garatuetan erabiltzen diren produktu kosmetikoek batere kalterik egiten ez dutela ziurta ezin badaiteke ere, Afrikakoek eta Asiakoek ez bezala, ez dute berunik. Horko herrialdeetan haurren begiak indartu eta itxura hobetzeko erabiltzen duten Surma deritzon produktuaren osagaietako bat da beruna. Begietan aplikatzen da eta, asko erabiliz gero, odoleraino heltzen da. Produktu hori erabiltzeagatik sortzen den saturnismoak jotako haur gazteenak lau urte besterik ez omen zituen. Itxura hobetu nahian osasuna galtzea ere!
Gaur egun, haur batzuen osasuna kaltetzea ez da txantxetako gauza, baina bere historia luzean, hori baino kalte harrigarriagoak eta ikaragarriagoak egina omen da beruna. Erromatarren garaian, zilarrarekin nahasita, zilar-galena sortzeko erabiltzen zen eta Grezia zaharrean eta erromatar inperioan ikaragarri hedatu zen, batez ere, Espainia aldean. Garai horretan, elikagai-kontserbagarri eta gozagarri gisa erabiltzen zen beruna, baita kosmetikan eta industrian ere.
Batzuen ustez, erromatar inperioaren gainbeheraren eragile nagusia ere izan omen zen. Berunak aristokrazia erromatarra pozoitu eta antzu bihurtu omen zuen. Teoria hori zalantzan jartzen duten gero eta teoria berri gehiago dago, baina ez du inork zalantzan jartzen saturnismoak jotako erromatar asko egongo zela!
7K-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia