Beste animalia baten genoma deskodetu dute
2002/12/13 Elhuyar Zientzia
Argazkian ageri den Cionia intestinalis tunikatuaren genoma deskodetu berri da Kiotoko eta Kaliforniako unibertsitateen elkarlanari esker. Izaki iragazle horiek gorputz-egitura nahiko sinplea duten arren, biologoak betidanik harritu dituen ezaugarri bat dute: larba-fasean daudenean, bizkar-muinaren oso antzekoa den egitura bat izaten dute. Horregatik, Chordata filumaren barruan sailkatzen da animalia, hau da, bizkar-muina duten izaki guztiekin batera. Filum horretan sartzen dira ornodun guztiak eta, noski, horien artean dago gizakia.
Izaki bitxiaren genoma deskodetuta, eboluzioan zehar bizkar-muina nola agertu zen jakiteko aztarnak aurkituko direla espero dute zientzialariek. Aztertu duten tunikatu-espezieak 16.000 gene inguru ditu eta horietatik % 80 beste kordatu guztiek dituzten geneen berdinak dira. Beste % 20, aldiz, tunikatuek bakarrik dituzte. Azken horien artean dago zelulosa sintetizatzen laguntzen duen gene-taldea. Animalia guztietatik, tunikatuek bakarrik dute ahalmen hori, eta zelulosa sintetizatzeko gaitasuna duen bakterioren batetik jaso dutela uste dute adituek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia