}

Beste animalietatik bereizten gaituena

2006/09/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gizakiak, oro har, gustuko du bere burua, eta beste bizidunen gainetik dagoela pentsatzeko joera du; denetan onena dela uste du, garatuena... Hala ere, maiz egiten du galdera hau: zerk bereizten gaitu beste animalietatik? Galdera sinplea dirudi, baina ez da erantzuten erraza. Hori bai, asko saiatzen dira erantzuna topatzen, horien artean genetikariak. Eta orain baliteke erantzun bat, edo erantzunaren zati bat, edo aztarna bat bederen, aurkitu izana.
Betiko galdera da: zerk bereizten gaitu beste bizidunetatik? Zerk egiten gaitu gizaki?

Hainbat espezieren geneak alderatzean atera dute aztarna. Hain zuzen, gizakiaren DNA txinpantzearenarekin eta makakoarenarekin alderatu dute. Eboluzioaren zuhaitzean, bi espezie horiek eta gaurko gizakiaren arbasoa adar berean daude (primateen adarrean). Gero, eboluzioan askoz ere urrutiago dauden beste espezie batzuen DNArekin alderatu dituzte, eta, hala, proteina jakin bat kodetzen duen genean desberdintasun handi bat dagoela ikusi dute. Hori izango ote da gakoa?

Ez dakite ziur. Proteina bera da espezie denetan (DUF1220), hura kodetzen duen genea ere bai, baina genearen kopia-kopuruan dago desberdintasuna: gizakiak 212 kopia ditu, txinpantzeak 37, makakoak 30 eta saguek eta arratoiek, berriz, bakarra. Ez da alde makala, ezta? Horrek esanahiren bat baduela uste dute ikertzaileek.

Kopiak ez dira alferrikakoak

Ikertzaileen arreta piztu duen proteina garunean dago batez ere, zehazki, adimenarekin lotutako eremuan.

Aurreko ikerketetan, espezieen arteko desberdintasun genetikoak bilatzen zituztenean, ikertzaileek DNAren ‘letrei’ erreparatzen zieten gehienbat. Izan ere, DNA lau letren konbinazioaren modura irakur daiteke. Eta, genetisten ustez, letra bat ala bestea egon leku jakin batean, horrek ekartzen zuen desberdintasunak egotea pertsonen artean, bai eta espezieen artean ere. Alabaina, DNAn beste maila bateko diferentziak ere badaudela konturatzen ari dira, eta, gainera, garrantzi handia dutela espezieen bilakaeran.

Esate baterako, DNAn zati batzuk errepikatuta daude. Lehen ez zioten horri gehiegi begiratzen. Orain, ordea, ikusten ari dira gene beraren kopia-kopurua (zenbat aldiz dagoen errepikatuta) aldatu egiten dela espezie batetik bestera. Eta badirudi hori eboluzioarekin erlazionatuta dagoela.

Kasu honetan ere, litekeena da gene horren kopia-kopuruak zerikusia izatea eboluzioarekin eta adimenaren garapenarekin. Izan ere, geneak kodetzen duen proteina gorputzaren leku askotan topatu dute: bihotzean, barean, muskuluetan eta heste meharrean, baina batez ere garunean. Eta garunean, ez edonon, baizik eta neokortexean. Horko neuronek adimenarekin lotutako funtzioak dituzte; horregatik piztu du proteinak ikertzaileen arreta.

Zenbat eta gehiago, hobe?

DNAn errepikatutako zatiak daude, eta horrek eboluzioan eragin duela uste dute.

Antza denez, DNAn mutazioz gertatutako errepikapenak batzuetan mesederako dira. Gene honi dagokionez behinik behin, zenbat eta kopia gehiago izan, orduan eta adimentsuagoa da espeziea. Edo, behintzat, horrela ulertu dugu guk, gizakiok, hau da, espezie aurreratu eta adimentsuenaren leinukook.

Nolanahi ere, oraindik galdera asko dituzte erantzuteko zientzialariek. Batez ere, proteinak zer funtzio duen jakin nahi dute. Adimen-mailarekin zerikusia duela susmatzen dute, baina... nola frogatu? Saguetan, proteina baten funtzioa zein den jakin nahi dutenean, proteina hori kodetzen duen generik gabeko sagu transgenikoa sortzen dute. Sagu arruntarekin alderatuta, proteina-gabeziak zer ondorio dituen aztertzen dute, eta baita proteinak berez zer funtzio dituen ere. Baina primateetan ezin da horrelakorik egin, noski. Horrenbestez, beste bide batzuetatik saiatzen segitu beharko dute. Ea garuneko proteina horrek laguntzen dien!

7K-n argitaratua.