Beste aukera bat penizilinarentzat
2005/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Flemingek 1928an ikusi zuen onddo batek, Penicilium notatum-ek, bakterioak hiltzen zituen substantzia bat ekoizten zuela. Substantzia hari penizilina izena eman zion.
P. notatum onddoak, ordea, ez du penizilina asko sortzen, eta zientzialariek beste espezie batzuk erabili izan dituzte penizilina gehiago lortzeko, adibidez, P. chrysogenum. Hain zuzen ere, gaur egun erabiltzen den espezie horren anduiak P. notatum-ek baino mila aldiz penizilina gehiago ekoizten du.
Orain, Leongo (Espainia) ikertzaile batzuek ikusi dute gakoa gene baten mutazioan egon daitekeela, Science aldizkarian argitaratu duten lanaren arabera.
Ikertzaileek bi espezieen biokimika konparatu dute, eta badirudi azido fenilazetikoa metabolizatzeko eran dagoela aldea. Molekula hori penizilinaren aurrekaria da, eta gene baten araberakoa da molekula penizilina bihurtzea ala ez. Bai P. notatum-ek bai P. Chrysogenum-ek badute
gene hori, baina ez dira berdinak: pare bakar batean bereizten dira, eta horren ondorioz ekoizten du P. chrysogenum-ek besteak baino askoz penizilina gehiago.
Ikerketa baliagarria da are penizilina gehiago emango duten anduiak sortzeko, eta, batez ere, agerian jartzen du geneen aldaketa ñimiñoek sekulako eragina izan dezaketela.