Beste era bateko bizia posible da
2007/08/26 Urruzola Arrate, Manex - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Laborategietako ikerketa oso garrantzitsua da espazioko misioetarako.
Bizi-forma arrotz baten aurkikuntza, oso oinarrizkoa izanda ere, eguzki-sistemaren esplorazioan egin daitekeen aurkikuntzarik garrantzitsuena litzateke. Baina, aldi berean, erabat tragikoa litzateke bizi arrotza topatu eta aintzat ez hartzea. Hain zuzen ere, hori gertatzeko arriskua dago gaur egun, txostenaren arabera.
Guk ezagutzen dugun bizia sortzeko baldintzak hauek dira: ur likidoa, karbonoan oinarritutako metabolismoa, eboluzionatzeko gai den sistema molekularra eta ingurunearekin energia trukatzeko gaitasuna. Baina horiek ez dira bizia sortzeko bide bakarrak. Hainbat ikerketak argi utzi dute bizia posible dela Lurrekoak ez bezalako kondizioetan ere.
Bestelako kondizioetan
Bizi arrotzak Lurreko biziaren arkitektura biokimiko berbera erabiliko duela onartu izan da orain arte. Horren ondorioz, bizi estralurtarra aurkitu ahal izateko bilaketa-eremua mugatu egin dute zientzialariek historian zehar. Bizia sortzeko ura beharrezkoa dela onartzeak, adibidez, bizirako posible diren habitatak leku jakin batzuetara mugatzea ekarri du, Martera adibidez, han ur likidoa dagoen edo noizbait izan den zantzuei jarraiki. Dena dela, Ikerketa Kontseiluaren arabera, biokimika ezberdina izan arren, beste zenbait likidok ere —amoniakoa eta formamida, adibidez—egin dezakete biodisolbatzaile lana, alegia, organismoen barruan substantziak disolbatu ditzakete.
Baliteke Saturnoren ilargi Entzeladen bizirako egokiak diren inguruneak egotea.
(Argazkia: NASA)
Duela gutxi aurkitutako froga batzuen arabera, litekeena da Saturnoren ilargi Titanen barnealdean ur eta amoniako nahaste likidoak izatea. Horrek lehentasuna emango die Titango bilaketa-misioei, Kontseiluaren ustez eguzki-sisteman bizi arrotza izateko lekurik aproposena baita Titan. Saturnoren beste ilargi batek ere, Entzeladek , urezko geyser aktiboak ditu. Horrek pentsarazten du bizirako egokiak diren inguruneak egon litezkeela han, eta bizi arrotza ikertzeko lehentasunen artean postu garrantzitsua eskaintzen dio Entzeladeri.
“Oso garrantzitsua da jakitea eguzki-sisteman bizia bilatzean zer aurkitu nahi dugun” dio John Baross kontseilukideak. Orain arteko bilaketa Lurreko biziaren ereduan oinarritu da, hori baita ezagutzen dugun bakarra. Baina biologian eta biokimikan azken hamarkadan egin diren aurrerapenek erakusten dute biziaren oinarrizko baldintzak ez direla pentsatzen ziren bezain zehatzak.
Bestelako aukerak
Bizia sortzeko oinarrizko baldintzak ez dira pentsatzen ziren bezain zehatzak.
(Argazkia: Life Magazine)
Beste biodisolbatzaile batzuen aukeraz gain, biziaren beste oinarrizko ikuspegi batzuetan ere aldaketak erakusten dituzte hainbat ikerketak. Lurrean, nukleotido izeneko lau osagai parekatuz osatzen da DNA, baina biologia sintetikoan gauzatu diren esperimentuetan sortu izan dira sei nukleotido edo gehiagoz osatutako kode genetikoak, eboluzio darwindarra bermatuko luketenak.
Gainera, kimikako hainbat ikerketak frogatu dute organismo batek hainbat iturritatik beregana dezakeela energia; adibidez, sodio hidroxidoaren eta azido klorhidrikoaren erreakziotik. Organismoen metabolismoa karbonoan oinarritu gabekoa ere izan daitekeela esan nahi du horrek.
Aurrerantzean, espazioko misioek planteamendu berri hauetara moldatu beharko dute, eta bizia bilatzeko eremua zabaldu egin beharko dute; izaki bizidun batekin topo egin eta haren ondotik ezagutu gabe pasatu ez daitezen, gutxienez!
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia