Beste giza genoma zahar bat, Europaren populatze konplexuaren erakusle
2014/11/07 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kostenkiko aztarnategia Don ibaiaren ertzean dago, Voroznev hiriaren hegoaldean, Moskutik 400 bat kilometro hego ekialdera. Han aurkitu zuten 1954an Kostenki 14 izeneko hezurdura. Duela 38.700 eta 36.200 urte artean bizi izan zen gizon baten fosilek osatzen dute, eta, gaur, ezker tibiatik erauzitako DNAren analisiaren berri eman dute Science aldizkarian.
Danimarkako Historia Naturalaren Museoko ikertzaile-talde batek gidatu du lana, eta antzinako DNArekin zein DNA modernoarekin alderatu dute Kostenki 14ren DNA. Antzinako DNAren artean dago duela 24.000 urte Siberia erdialdean bizi izan zen MA1 mutikoarena.
Analisiak eta alderaketek erakusten dute gizon hark ahaidetasun genetiko estua duela gaur egungo europar askorekin, eta baita Siberia mendebaldeko populazio batzuekin ere, baina ez Asia ekialdeko populazioekin. Horrek esan nahiko luke, gizon hura bizi izan zen garairako, banatuta zeudela Eurasia mendebaldeko eta Asia ekialdeko egungo populazioen lerroak. Alegia, gutxienez duela 36.200 urte gertatu zen banaketa.
Hain justu, hipotesi onartuenen arabera, Eurasiako egungo biztanleen arbasoak duela 60.000 bat urte irten ziren Afrikatik, eta, migrazioen bidez, Eurasia erraldoia populatzen joan ziren, milaka urtez. Mugimenduak nondik nora gertatu ziren argitzeko eta ulertzeko dira baliagarriak Science aldizkarian argitaratutakoa bezalako DNA-analisiak. Eta zenbat eta halako gehiago ezagutu, orduan eta saretuago eta konplexuago ageri da gure arbasoen Europan barrenako historia.
Gure espeziearen genoma zaharrenarekin bat
Gaur aurkeztutako argazkia gehitu egiten zaio duela aste gutxi Nature aldizkarian argitaratutako beste emaitza batzuei. Antropologia Ebolutiboaren Max Planck Institutuko Svante Pääbok zuzendu zuen ikerketa hori: duela 45.000 urteko gizaki baten genomaren analisia aurkeztu zuten, Homo sapiens baten genoma zaharrena. Ust-Ishim-eko gizona deitu diote, Siberia mendebaldeko herri horretan aurkitu baitzuten 2008an; giza femur-zati bat da, zehazki.
Kostenki 14ren DNA bezala, Ust-Ishim-eko gizonaren DNA ere beste hainbatekin alderatu dute, tartean, MA1 mutikoarenarekin. Kasu horretan, ahaidetasun-analisiek iradokitzen dute beste populazio-lerro batekoa zela gizon hura: Eurasia mendebaldeko eta Asia ekialdeko populazioen arbasoen lerrotik banandu zen Ust-Ishim-eko gizonaren lerroa, edo haiek elkarrengandik banatu baino lehenago, edo aldi berean.
Ikerketa-talde baten zein bestearen emaitzen irudi sinplifikatuak giza talde bat erakusten du, duela 45.000 urte, Siberia mendebaldean, Eurasia mendebaldeko eta Asia ekialdeko populazioen arbaso zuzena ez dena, baina ahaidetuta dagoena neurri batean duela 24.000 urteko Siberia erdialdeko mutiko baten giza taldearekin. Eta beste giza talde bat, Errusia europarrean, duela 36.200 urte, ahaidetasun estua duena mendebaldeko europarrekin eta duela 24.000 urteko mutikoaren giza taldearekin, baina ez egungo Asia ekialdeko populazioekin. Pentsatzekoa da hurrengo pausoa izango dela Kostenki 14ren DNA eta Ust-Ishim-eko gizonarena alderatzea, paraleloan egindako ikerketa-lanak izan baitira biak.
Neandertalekin hibridatuta
Beste Homo sapiensen genomekin alderatzeaz gain, neandertalarenarekin ere alderatu dituzte bi ikerketa-taldeek sekuentzia berriak, eta bat egiten duten emaitzak aurkeztu dituzte. Pääboren taldearen kalkuluen arabera, Ust-Ishim-eko gizonaren gene neandertalek iradokitzen du 7.000-13.000 urte lehenago gertatu zela hibridazioa, hau da, duela, 50.000 eta 60.000 urte artean. Kostenki 14ren analisiak, berriz, duela 54.000 urte kokatzen du hibridazioa. Bat egiteaz gain, bi emaitzek mugatu egiten dute hibridazioaren denbora-eskala, justu, gizaki modernoak Eurasian hedatzen ari zen garaira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia