BETIZUA, bertako abeltzantzaren altxorra GALZORIAN
1996/02/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Inoiz ez nuen halako zirrararik sentitu behien aurrean. Ezta herriko jaietan entzierroa korritzerakoan ere. Hura ez zen gutxiagorako ordea! Lurrean etzanda, prismatikoekin begira, betizu-talde dotoreari begira geunden. Kopetilun haiek ordea, malkar hartan gora laisterka igota, arin aski ezkutatu zitzaizkigun basoan. Basa-behi haiek ihes egin zigutela ikusita, behi izu edo betizu izena zein egokia den pentsatu nuen. Baina besterik ere bururatu zitzaidan: Zer esango ote zukeen duela urte batzuetako euskal artzain batek gu bezalako albaitero, biologo eta naturzale-taldea betizuei harriduraz begira ikusi izan bagintu? Auskalo! Baina gu han egoera horretan ikustea baino harrigarriagoa suertatuko litzaioke betizuak desagertzeko arriskuan daudela jakitea.
Animalia hauen jatorria zalantzarik gabe oso zaharra da eta dirudienez, garai batean Pirinio aldean bizi ziren bobido basatien populazioetan dago. Erliebe menditsuaren ondorioz isolaturik, betizu arraza beste arrazekin gurutzatu gabe geratu zen eta beraz, antzinako populazio haietatik iraun duena dela esan genezake. Ikusiko dugun bezala, ugaztun horien ezaugarri guztiak tipikoki primitiboak dira: hobetu gabeko mendiko behi arrazenak, hain zuzen. Hona hemen ezaugarri nabarmenenak.
Hasteko, tamaina txikia dute: 1,20-1,30 metroko altuera soingainean eta 250-350 kilo bitarteko pisua, besterik ez. Gorputza joera lirainekoa da, aurrealdea atzekoa baino sendoagoa delarik. Lepo lodia, buru fina, mutur luzea eta begiondo zuria dute. Kopeta berriz, iletsua eta zapala. Adarrei dagokienez, tamaina ertainekoak dira, lira edota “c” itxurakoak. Bizkar zuzena, ipurmasail hestuak eta buztan-gailur altua ere nabarmenak dira. Hankak tamaina ertainekoak dira eta apatx txikidunak. Pigmentaziorik gabeko errape iletsu txikia dute. Larrua azkenik, iletsua eta kolorez gorria edo arre-gorrizta izaten da.
Entzumen harrigarria eta usaimen fina dute oso. Mendian daudenean, gizakirik somatuz gero alde egiten dute. Itxitutan ordea, aurre egin dezakete eta horregatik, plazetan jokoak egiteko erabili izan dira. Izaera suhar hori dela eta, artzainek lan neketsua izaten zuten abere horiek gobernatu eta biltzeko. Izan ere, zezentxakurrak erabiltzen ziren betizuak markatu edo hauen kumeak harrapatzeko egiten ziren batidetan. Harrapaket horiek urtean behin egiten ziren normalki, gainerakoan –negua barne– era erdibasatian mendian zeudelarik. Alabaina, bizimodu horretarako ezinobe moldaturik daude eta kalitate kaxkarreko larre zein sastrakadietan ere bazka daitezke. Gainera, belarjale basati handien modura, urtean zehar ingurune ezberdinak ustiatzen dituzte, larre egokienen bila.
Era berean, ugalketa urte-sasoiei loturik dago eta urtero kumatzen ez badira ere, inoren laguntzarik gabe egin dezakete. Araldiko borroketan nagusitu den arra izaten da eme taldea estaltzen duena. Ondoren, udaberrirarte luzatzen den 9 hilabete eta erdiko ernaldia dator eta emea orduan, taldetik banandu egiten da leku lasaiean erditzeko. Horixe da animalia hauengana hurbiltzeko unerik arriskutsuena, amak aise erasotu baitezake.
Nagusiki haragitarako erabiliak izan dira, lanerako nekez erabili baitzitezkeen. Adituak diren adineko harakinen iritziz, haragirik hoberenetakoa betizu arrazako zekorrena da, baina beste behi-arraza batzuk haragi gehiago ematen dutenez, horiekin gurutzatu izan dira edo besterik gabe, ordezkatu. Gaur eguneko behi piriniarra bera ere nahasketa horien ondorengoa dugu. Ondorioz, azken urteotan Suiza eta Holandako behiak ugaritzen joan ahala, bertako arraza honek atzerakada latza pairatu du.
Horiek horrela, betizuaren kontserbazio-egoera larria da zoritxarrez. Gaur egun, 200 ale inguru daude talde ezberdinetan sakabanatuta. Populaziorik sendoena eta basatiena Nafarroako Gobernuaren lurretan, Zarikieta eta Artxubako mendietan dagoena da. Sail hori ANAN (Nafarroako naturzaleak) taldekoek sartu zuten bertan abere hori gordetzeko bultzaturiko ahaleginean. 50-70 ale dituen populazio horrez gain, beste zenbait lekutan ere betizuak daude eta besteak beste, Diman, Goizuetan, Leitzan, Olaguen, Baraibarren, Baztan-Bidasoa aldean, Itziarren, Berastegin eta Saran topa ditzakegu. Leku horietan betizuak dauden arren, gehienak nahasirik daude eta gutxi dira garbi garbiak. Norbaitek ordea, galde lezake ... eta zertarako babestu behar da haragi eta esne gutxiago ematen duen antzinako behi txiki, izu eta suharra?
Hara, arrazoi ugari daude. Hasteko, gurea da, bertakoa eta beste inon ez dugu horrelakorik aurkituko. Aurreko belaunaldietatik guri ailegatutako kultur-ondarea da eta ondorengoek ere ezagutzeko eskubidea dute. Horiez gain, genetikoki interesgarria da oso. Bertako klimara eta elikadurara egokiturik daude; gogorrak dira eta ingurunearen aldaketei aurre egiteko gaitasuna dute; leku pobreetan bizi daitezke eta gaitzen aurkako erresistentzia dute. Baliabide genetiko horiek etorkizunean garrantzitsuak izan ote daitezkeen, nork daki gaur? Kontutan hartu behar da bestalde, euskal paisajea eta ekosistemetan garrantzitsuak direla eta oso leku gutxitan topa daitezkeela honelako bobido basatiak. Horiez gain, espezie horren babesa bultzatzerakoan, beste hainbat espezierena ere bultza genezake.
Gaur eguneko egoera larriak kontserbazioa bermatzeko berehalako neurriak eskatzen ditu. Hartu beharko liratekeen neurrien artean, ondorengoak azpimarra genitzake: dauden ale guztiak zenbatu eta babestu eta artzainei diruz lagundu, arraza horren ezagupen zehatza eta berreskuratze-programa burutu eta mendian bizi ahal izateko lurraldea antolatu. Arraza horren iraungipen arriskuak bestalde, betizuen ikerketa, kontserbazioa eta iraupenaz arduratzen den Betizuen Lagunen Elkartea sorrarazi du. Bejondeiela betizuen alde egin duten eta diharduten guztiei! Nolanahi ere, abere bikain honek Administrazioaren eta gizartearen laguntza ere beharko du hurrengo belaunaldiek ere ezagutzea nahi badugu.
Espeziea: Bos taurus turdetanus |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia