Bi erupzio batera!
2005/03/15 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
ESAren Envisat sateliteak ohikoa ez den irudi bat hartu zuen martxoaren 7an: Errusiako Kamtxatka penintsulan bi sumendiren erupzioak aldi berean gertatu zirenekoa, hain zuzen. Kliutxevskoi eta Shivelutx sumendiak dira, eta biak dira geruza-sumendiak. Horrek esan nahi du sumendi horiek bi motatako geruzak dituztela azpian, txandaka: labaz osatutako geruzak eta sumendiaren jarduerak berak barreiatutako harriez osatutakoak.
Irudia MERIS espektrometroak hartu zuen, Lurraren azalak islatzen duen eguzki-erradiazioa ikertzen ari den ESAren satelitetik. Satelite horrek lurrazal osoa azter dezake hiru egunean, eta, kasu honetan, fenomeno harrigarri bat detektatzeko balio izan du. Gutxitan ikusi ahal izan dira bi erupzio aldi berean.