}

Bi, hiru eta lau. Hau da hau dimentsioen jokoa

2004/05/09 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Fisikarien burutazioekin topo egiten dugunean izutu egiten gara; jende arraroa da, eta oso ideia xelebreak dituzte, baina nonbaitetik aterako dituzte ideiak, ezta?
Dimentsioen arteko erlazioa bi dimentsioko mundu baten ereduarekin erraz uler daiteke.

Pelikuletan, mundu xelebre hori askotan islatzen da. Adibidez, posible da leku batetik bestera 'telegarraiatzea'? Eta dimentsioen artean salto egitea? Ez dirudi kontzeptu errazak direnik ulertzeko. Dena dela, istoriotxo sinple baten bitartez, gauzak pixka bat aldatzen dira. Istoriotxoa laugarren dimentsiori buruzkoa izatea nahi nuen, baina kontatu zidaten bezala kontatuko dizut. Laurekin kaka-nahaste handia da, baina dimentsio bat baztertzen badugu, errazagoa da. Begira.

Imajina dezagun mundu lau bat, bi dimentsiokoa. Paper batean marraztutako mundua izan daiteke, adibidez. Izan ere, hori da errazena imajinatzen hasteko. Nola deituko diogu mundu horri? Izen gutxi bururatzen zaizkit; baina baten bat aukeratzeagatik, Leuntoki esango diogu.

Noski, guk geure hiru dimentsioko mundutik begiratzen diogu Leuntokiri. Goitik ikusita, adibidez, itxura polita duen herri bat beha dezakegu. Baina herritarrek ez dute 'goitik' hori ulertzen. Haiek ez dute ez goi ez behe. Eta ez dute horrelakorik behar. Hori gabe ere, ederki moldatzen dira. Aurrera eta atzera mugitzen dira; baita eskuinera eta ezkerrera ere. Baina ez dute altueraren kontzepturik.

Leuntokin ez da leizerik ez zerurik. Hangoek ezin dute salto edo hegan egin; jakina, ezin dute erori… nora eroriko dira, ez baldin badute behealderik? Eta ez hori bakarrik; ezin diote elkarri oina zapaldu, ez baitago gain edo azpirik. Ez dira esertzen diren horietakoak; ez eseri, ezta etzan ere. Egia esan, zutik egotea da haientzat aukera bakarra, horrek zentzurik baldin badauka, behintzat. Jakin nahiko nuke nola egiten duten lo herri horretan.

Martintxok bat-bateko agerraldi bat ikusi du: sagar-xerra bat 'hezurmamitu' zaio aurrez aurre.

Ingurua ere berezia da; ez dago aldaparik, ez mendirik, eta, beraz, ezin dute eskalatu edo eskiatu. Ez puenting-ik, ezta umeentzako txirristarik ere. Gure ikuspuntutik, Leuntoki oso aspergarria da, baina, haien lekuan jartzen bagara, agian onartu beharko dugu hiru dimentsiokook oso konplikatuak garela; gaur euforia, bihar depresioa. Konturatuko zinenez, leuntokitarrak ez dira inoiz burumakur ibiltzen.

Bestalde, hango zientzia oso jarduera berezia izango da, ezta? Bi dimentsioko Newtonek ezingo luke grabitatea aztertu sagar bat erortzen ikustean; horrelakorik ez da han gertatzen. Ez da izarrik, ez planetarik; oso zaila izango lukete pentsatzea haien mundutik kanpo ezer dagoenik. Baina horixe bera gertatzen zaigu guri laugarren dimentsioarekin; azken batean, gure hiru dimentsioetan harrapaturik gaude.

Begira! Leuntokitar bat dabil herriko plazan, poz-pozik; laneguna bukatuta, etxerantz abiatu da. Martintxo da. Herritar arrunta da, eta guretzat eredu izan daiteke. Azken batean, beste edozein bezain interesgarria edo aspergarria dirudi. Patenteen bulegoan egiten du lan, baina hori ez da gustura egiten duen zerbait; dirua lortu behar da, eta horregatik egiten du lan egunero, besterik gabe.

Baina Martintxok badu nolabaiteko jakin-mina. Jakin nahi du gauzak nolakoak diren eta zergatik diren diren bezalakoak. Lagunek askotan esaten diote burutik jota dagoela; baina on beharrez esaten diote, noski. Xelebrea bai, baina oso jatorra da Martintxo. Horregatik, mundu berria zabaldu diogu: hirugarren dimentsioaren lilura erakutsi diogu.

Martintxo kanporatu dugu bere bi dimentsioetatik putz eginez. Horrela, hirugarren dimentsioaren lilura sentitu du.

Kale huts batean sartu da; hori da espero genuen unea: bere 'paper gaineko' mundu horretan, goitik behera, hiru dimentsioko objektu bat sartuko dugu Martintxoren aurrean; sagar bat, hain zuzen ere.

Oso pixkanaka jaitsi dugu sagarra. Martintxok bat-bateko agerraldi bat ikusi du: sagar-xerra bat 'hezurmamitu' zaio aurrez aurre, eta xerra hori handitzen joan da geratu den arte. Harentzat gertakari paranormala da; baina Martintxok ez ditu gertakari horiek inoiz sinetsi, eta ahalegin handia egin du agerraldiaren azalpena aurkitzeko.

Sagarra Leuntokin 'zeharkatuta' utzi dugu, eta Martintxo oihuka hasi da. Eta, une horretan, gaixoari putz eginez, hirugarren dimentsioan gora atera dugu bere mundutik. Airean hosto bat bezala erortzen ari zen bitartean, Martintxok Leuntoki ikusi du goitik, sagar eta guzti. Aho zabalik dago. Hegaldiak iraun duen bitartean hirugarren dimentsioaren lilura sentitu du.

Plaza-erdian erori da; alkatesa han zegoen. Alkatesak ez du sinesten gertatutakoa: Martintxo 'hezurmamitu' zaio aurrez aurre. Ezinezkoa da, baina ikusi egin du. "Nondik zatoz?" ausartu da galdetzen. Martintxo, urduri, erantzuten saiatu da. Baina nola azal daiteke goia zer den? Ezin du hatzaz gorantz seinalatu. Oso urduri daude biak. Eskerrak ez den alkatesaren gainean erori.

Martintxo telegarraiatzeko bere bi dimentsioko mundua tolestu, besterik ez da egin behar.

Baina horrekin ez da bukatu gure esperimentua. Pixka bat gaiztoagoak izan gara. 'Telegarraiatu' egin ditugu biak. Horretarako, tolestu egin dugu Leuntoki, plaza eta Aurelioren etxea bat egiteko. Bi toki horiek urruti zeuden, baina orain, bat-batean, pauso txiki batez, batetik bestera egin dute salto. Han geratu dira Martintxo, alkatesa eta Aurelio, elkarri begira, zer gertatu den oso ondo jakin gabe.

Eta goitik ikusi dugu guk dena, gure mundua laugarren dimentsio batetik era berean manipula ote daitekeen jakin gabe.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia