Bi izar dantzari elkartzean sortutako noba gorria
2010/12/09 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Bi izarren arteko dantza kiribila ikusteko aukera ez dute noiznahi izaten astronomoek. Oraingoan, ordea, lortu dute: bi izarren dantza ikusi ahal izan dute OGLE proiektuko ikertzaileek. Eta, 2001 eta 2008 artean egindako behaketen harira, noba gorrien sorrera ulertzeko baliagarria izan litekeen informazioa lortu dutelakoan daude.
Noba gehienak urdinak dira, eta nano zurien materiala lehertzean eratzen dira. Baina noba gorriak nola sortzen diren argitu ezinik ibili dira astronomoak. 2002an aurkitu zuten orain arteko noba gorririk ezagunena, eta V838 Monocerotis izena eman zioten —goiko irudian ageri da—. Sei urte beranduago, V1309 Scorpii noba gorria agertu zen Esne Bidean; haren kokapenari esker, OGLE Optical Gravitational Lensing Experiment proiektuaren baitan Txiletik ehunka izarren argia aztertzen aritzen diren astronomoek hari gertutik behatzeko aukera izan zuten. Oharkabean, noba gorriaren sorrera-prozesua aurkitu zuten.
Hain zuzen, ukipen-bitar baten fusioaren ondorioz sortu omen zen V1309 Scorpii. Halako sistema bitarretan, bi izar bata bestearekiko biratzen dira, elkarrengandik hain gertu, ezen elkar ukitzen duten. Hasieran 1,4 egunean ematen zuten bira bata bestearen inguruan, espiral moduko bat irudikatuz. Baina denbora-tarte hori laburtuz joan zen gero, bi izarrek guztiz bat egin eta lehertu arte. Horrela sortu zen noba gorria.
Irudia: NASA, ESA and H.E. Bond (STScI).
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia