Bi milioi urteko DNA berreskuratzea lortu dute
2022/12/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain arteko DNArik zaharrenak milioi bat urte zituen. Siberiako mamut baten hezur batetik erauzi zuten. Oain, duela bi milioi urtera jauzi egitea lortu dute, Groenlandiako sedimentuetatik erauzitako DNArekin. Nature aldizkarian irekian argitaratu dute ikerketa, eta, bereziki, metodologia azpimarratu dute egileek, aintzinako ekosistemak ezagutzeko eta espezieen eboluzioa argitzeko tresna baliotsua izango delakoan baitaude.
Hain zuzen ere, duela bi milioiko sedimentuetan, inguruneko DNA bildu dute, eta ordura arteko fosilen eta polenen aztarnetan identifikatu ez zituzten espezie ugari identifikatu dituzte: landare-dibertsitate handia; Pleistozenoko eta egungo animalien arbasoak (erbiak, mastodonteak, elur-oreinak, karraskariak eta antzarak, besteak beste); itsas espezieak, tartean, ferra-karramarroa eta alga berdeak; eta bakterioak eta onddoak. Nabarmendu dutenez, ekosistema hark ez du parekorik garai hauetan.
Ikertzaileen esanean, garai hartako tenperatura etorkizunean, berotze-globala dela eta, espero denaren antzekoa zen. Hortaz, orduko espezieek izan zuten bilakaera aztertzea baliagarria da gerta daitekeena aurreikusteko. Ohartarazpen bat ere egin dute: orduan, klima pixkanaka aldatu zen, eta oraingo aldaketa askoz ere azkarragoa da.
Bestalde, itxaropena dute metodoa baliagarria izango dela Afrikako aztarnategi zaharretan erabiltzeko, eta giza eboluzioari buruzko informazio baliotsua lortzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia