}

Bidaiari nekaezinena

2006/08/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Garai honetan itzultzen dira oporretan urrutira joan diren asko eta asko. Bidaiari gutxik egiten du, hala ere, gabai ilunak adina kilometro. Itsas hegazti horren migrazioa errekorren liburuan agertzeko modukoa dela ikusi dute ikertzaileek: 64.000 kilometro 200 egunetan, beste edozein animalia migratzailek baino gehiago.

Ikertzaileek lehenbizikoz aztertu dute gabai ilunaren migrazioa. Horretarako, ohiko tresnak erabili beharrean, arrainekin erabiltzen direnen antzeko bat erabili dute, arinagoa baita eta jarraipena geolokalizazioz egiteko aukera ematen baitu. Gainera, datuak jaso ahala, memorian gordetzen ditu. Horrekin, jakin ahal izan dute hegaztiak non zeuden eta nora zihoazen zehatz-mehatz, zenbat murgiltzen ziren itsasoan janaria lortzeko eta zer tenperatura zuen azaleko urak. Adibidez, goiko irudian egin duten bidea agertzen da.

Azkenaldian gero eta gabai ilun gutxiago daude, eta, ikertzaileen ustez, bildutako datuak oso baliagarriak izango dira jakiteko zergatik ari den gertatzen galera hori.

Irudia: Jeff Poklen