Bidaiatxoa tximisten sustraietara
2009/05/31 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Tximistak ekaitz bortitzetan gertatu ohi dira, trumoi-eraso deritzenetan, hain zuzen, eta horrelako ekaitzak, kumuloninbo deritzen hodeiak sortzean. Hodei horiek itxura bertikala izaten dute, eta ingurunean hezetasun handia dagoenean eta airea bero dagoenean sortzen dira: beroaren eraginez, ura lurrundu egiten da, eta lurrunak gora eta gora egiten du atmosferan. Gora joan ahala, inguruko tenperatura gero eta baxuagoa da, eta, une batean, lurrunak ez dauka gas izaten jarraitzeko nahikoa energia, eta ur-tanta txiki bihurtzen da. Horiek dira hodeiak.
Hodeietan pilatutako ur-tantak esekita egoten dira, eta, kumuloninboen kasuan, elkarrekintzak gertatzen dira metatutako ur-lurrunezko molekulen, ur-tanten, izotz-tanten eta abarren artean: talkak egoten dira, baita igurzketak ere. Horien eraginez, molekulen elektroiak dantzan jartzen dira, eta molekula batetik bestera pasatzen dira. Horrelako zerbait gertatzen da globo bat artilezko jertse baten kontra igurztean; elektroiak batetik bestera iragaten dira, eta bai globoa eta bai jertsea kargatuta gelditzen dira.
Bada, hodeietan ere, molekula batzuek karga positiboa hartzen dute, eta besteek negatiboa. Karga hartzearekin batera, hodeian banatu egiten dira karga bat eta bestea hartu duten molekulak: positiboki kargatu direnak hodeiaren goiko aldean metatzen dira, eta karga negatiboa hartu dutenak beheko aldean.
Kumuloninbo deritzen hodeiak izaten dira tximisten aurrekariak; giro heze eta beroetan sortzen dira. (Argazkia: Nicholas T. )
Hodeietan sortzen den karga-banaketa hori errepikatu egiten da lurzoruan. Izan ere, hodeien behealdeko elektroiek aldaratu egiten dituzte lurzorukoak, eta lurzoruan sarrarazten diete. Hala, lurzoruaren azalak (lur-geruzaren goiko aldea) karga positiboa hartzen du, eta sakonago dagoen lur-zatiak, berriz, negatiboa.
Eta orduan, tximista
Une horretan, bi gainazal daude kontrako karga dutenak; bien arteko desberdintasuna, gainera, gero eta handiagoa da, hodeietan gero eta ur gehiago pilatzen ari delako, talkak eta igurzketak gero eta ugariagoak direlako... eta, azkenean, tentsio hori jasanezina bihurtzen da, eta deskarga gertatzen da; tximista, alegia.
Elektroiek lurrazalerako bidea hartzen dute, sortutako karga-desberdintasuna indargabetzearren. Elektroien ibilbidea aireak zehazten du. Izan ere, airea bera kargatzen da, eta horrek elektroiei bidea errazten die. Aire guztia, ordea, ez da modu berean kargatzen, hauts-partikulak eta aireko bestelako gorputzak direla eta. Horregatik, elektroiek zailtasun gutxieneko bidea hartzen dute, eta bide hori ez da inoiz lerro zuzena izaten, sigi-saga itxurakoa baizik.
Hodeietan karga-banaketak gertatzen dira, baita Lurrean ere. Halakoetan, oso ohikoa da tximistak gertatzea. (Argazkia: Nicholas T. ).
Pasatzen ari diren elektroiek airea bat-batean berotzen eta hedatzen dute, eta horrek trumoi deritzogun zarata eragiten du. Tximistei eta trumoiei, ordea, ez diegu aldi berean antzematen. Hori gertatzen da, besterik gabe, argia eta soinua ez direlako abiadura berean mugitzen; argia soinua baino milioi bat aldiz azkarrago mugitzen da.
Elektroiak hain azkar mugitzen direnez, tximistek oso iraupen txikia dute. Hori bai, potentzia izugarrizkoa izaten da: 30.000 gradu inguruko tenperatura izaten dute (Eguzkiaren azaleko tenperatura halako bost), eta 5.000-340.000 ampereko intentsitatea. Nola ez gara, bada, txundituta geldituko, eta, batzuetan, beldurrez dardarka hasiko, horrelako fenomenoak ikusita?
7K- n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia