}

Bide batez, hilekorik gabe

2007/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bide batez, hilekorik gabe
2007/02/01 | Elhuyar
(Argazkia: DHD)

Estatu Batuetako farmazia-konpainia bat pilula antisorgailu berri bat probatzen ari da. Lybrel izena du, eta orain bukatu dute proba klinikoen III. fasea. Ohiko pilula antisorgailuekin alderatuta, nabarmentzekoa da Lybrel egunero hartu behar dela.

Pilula antisorgailuak normalean 21 egunez hartzen dira, eta gero astebeteko tartea uzten da hartu gabe. Tarte horretan, emakumeak hilekoa izaten du. Dena dela, hileko hori ez da pilula hartzen ez denean bezalakoa; odol-isuria dago, baina aurretik ez da obulaziorik egon.

Dirudienez, gero eta sendagile gehiagok uste du odol-isuri horrek eragozpenak besterik ez duela ekartzen, eta, beraz, onena saihestea dela. Eta horixe lortzen da Lybrel pilulari esker: jarraian hartzen denez, emakumeek ez dute hilekorik izaten. Gainera, hilekoarekin batera emakume askok izaten duten ondoeza ere desagertu egiten da. Hori da, nonbait, pilula horren abantaila nagusia.

Farmazia-konpainiaren arabera, ohiko pilula bezain eraginkorra da, baina badu albo-ondorio aipagarri bat: proba klinikoan parte hartu dutenen % 40k hilekoa izan dute ezustean. Bestetik, aipatzekoa da, proba berez urtebetekoa bazen ere, parte-hartzaileen % 60k pilula hartzeari utzi egin ziola urtea bete baino lehen.

1
228
2007
2
016
Farmakologia; Medikuntza; Osasuna
Berriak labur
9

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia