}

Bidean da morroi edo neskame robotikoa

2002/05/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Imajinatzen duzu zure ordenagailu eramangarria etxeko hautsak kentzen edo oilaskoa labetik ateratzen? Bada, Kaliforniako Idealab enpresaren esanean, hori guztia egiteko gai izango da zure ordenagailua, gainontzeko funtzioak galdu gabe, noski.

Idealabek denbora-pasa elektronikoen azokan aurkeztu du Evolution Robotics , ordenagailu eramangarria hartzen duen euskarri robotikoa. Robotak, norberaren ordenagailuaren aginduei jarraituz, garai batean zientzia-fikziokotzat jotzen ziren eginkizunak eraman ditzake aurrera.

Euskarri robotikoak, ikusi ahal izateko, web kamera bat du eta gurpiltxo batzuei esker mugitzen da. Softwarea ere badauka, eta oraingoz prototipoa bada ere, baita besoa ere. Prezioak, berriz, hauexek dira: norberak muntatzen badu 499$ balio du, eta muntatutakoak 599$.

Erabiltzaileak edozein ordenagailu eramangarri konekta dezake robotean; ondoren, aginduak betetzeko prest dago. Adibidez, aurkezpeneko erakustaldian, freskagarri poto bat erakutsi zioten robotari, eta, gero, potoa ikusten zuen bakoitzean lanean hasteko agindua eman zioten. Ordukoan, robotaren eginkizuna potoa hartu eta alegiazko egongela zeharkatzea zen, potoa erabiltzaileari eramateko. Proba ez zen guztiz ondo atera, erdibidean potoa erori egin baitzitzaion, baina egileek robotaren akatsa zuritu zuten, besoa prototipo bat besterik ez zela esanez.

Argi dago hobekuntza batzuk behar dituela, guztion etxeetara sartu nahi badu behintzat; baina, bizimodua errazten duten neurrian, ongi etorriak izango dira horrelako gailuak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia