}

Bideo-jokoen industria, interfazeetan aitzindari

2011/06/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzaileaElhuyar Hizkuntza eta Teknologia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ordenagailu eta antzeko gailu digitalekiko interfazeetan apenas izan den aldaketarik urte-mordoxkan: outputa jasotzeko pantaila eta bozgorailuak erabiltzen ditugu, eta inputa emateko batez ere teklatua eta sagua erabiltzen jarraitzen dugu. Aldiz, bideo-jokoen munduan iraultza gertatu da azkenaldian: Wii-aren agintea, Kinect kamera... Eta baliteke interfaze-mota berri horiek ordenagailu arruntetara ere salto egitea.
Bideo-jokoen industria, interfazeetan aitzindari
2011/06/01 | Leturia Azkarate, Igor | Informatikaria eta ikertzailea
(Argazkia: Microsoft)

Ordenagailuen sorreratik bertatik ia (enpresa eta etxeetan sartzen hasi zirenetik bai behintzat), teklatua izan zen makina hauen eta pertsonen arteko interfaze nagusia. Beranduago, 90eko hamarkadaren hasieran edo, ordenagailuak eta haien sistema eragileak grafikoz eta leihoz betetzen hasi zirenean, sagua etorri zen teklatuari laguntzera. Eta azken 20 urteotan horiek erabili ditugu ordenagailuari aginduak emateko. Ukipen-pantailetako esku-keinuak edo ordenagailu nahiz gailu mugikorretan erabil daitekeen ahots-ezagutza dira azken urteotako berrikuntza bakarrak, eta haiek ere ez dute hainbesteko zabalkunderik izan.

Bideo-jokoetan, iraultza

Bideo-jokoen merkatuan, ordea, asko aldatu da egoera azken urteetan. 2006an, Nintendok iraultza ekarri zuen ia betidanik teklatua, botoiak eta joystickak erabili ohi zituen mundu honetara, bere Wii kontsola eta WiiMote agintea aurkeztuta. Aginte hau eskuan hartuta, bere azelerometroei esker, 3D espazioan eskuekin egiten ditugun mugimenduak jarraitzeko gai da, eta jokoetan errealismo handiagoz aritzea ahalbidetzen du. Eta ezaguna da Wiiak izan duen arrakasta, ondoren Sonyk PlayStation Move-rekin errepikatu nahi izan duena (kontzeptu bera, baina mugimenduaz gain posizioa eta distantzia jarraitzeko ere gai dena).

Kontsolen gudako hirugarren agenteak, Microsoftek, iazko azaroan atera zuen Kinect periferikoa bere XBox-arentzat. Hau ez da eskuan edukitzeko aginte bat, webkamaren antzeko zerbait baizik, telebistaren ondoan jartzen dena. Laser infragorrien emisore bat eta sentsore bat ditu, eta haien bitartez jakin dezake bere ikus-eremuan dagoen guztia zein distantziatara dagoen; horrez gain, formak ezagutzeko gai da (eskuak, burua, hankak...). Horrela, jokalariak eskuan edo beste inon inolako gailurik eduki gabe erabiltzen du kontsola: benetako ostikoak jotzen ditu futboleko jokoan, burua alde batera mugitzen du boxeoan kolpeak ekiditeko, besoen benetako mugimenduez jaurtitzen du diskoa... Sentsazio guztiz errealista da. Eta Kinectaren arrakasta ere sekulakoa izan da. Azkarren saldu den gailu elektronikoaren Guinness errekorra du: 1 milioi 10 egunean, 8 milioi 60 egunean eta 10 milioi 4 hilabetean.

Ordenagailuetara jauzi?

WiiMotea atera eta gutxira, hackeatzea lortu zuten, eta ordenagailu batean saguaren rola eginez martxan jarri. Baina sagua erosoagoa da, eta, noski, ez da erabilera hori zabaldu. Baina Kinect atera eta ordu gutxira, hura ere hackeatu zuten, atzeranzko ingeniaritzaren bidez (zehazki, Héctor Martín kantabriarrak egin zuen) eta driver libreak argitaratu, libfreenect izenarekin. Eta honekin bai, aplikazio benetan interesgarriak egin zituen software librearen komunitateak.

Hauen adibide batzuk dira posizio-detektagailuak (hurbiltasuna edo urruntasuna barne), presentzia-detektagailuak , eskuak airean 3Dn mugituta aritzeko sistemak , zenbait Kinecten bidez ikasgela bateko haurren jokaerak monitorizatu eta arreta-falta edo nortasun obsesibo-konpultsiboaren nahasmenduak detektatzea, itsuei ibiltzen laguntzeko sistemak (oztopoak eta haietatik zein distantziatara gauden detektatuz eta abisuak emanez), roboten ikusmen-sistemak , gorren zeinu-hizkuntza interpretatzeko gai den sistema baten prototipoa ... Interneten dauden adibideak benetan harrigarriak dira (estekak www.zientzia.net/elhuyar-en).

Niri neuri beste aplikazio posible batzuk bururatzen zaizkit: adibidez, erabiltzailea ezagutu eta beste ezeren beharrik gabe logeatzeko saioa hasteko sistemak edo sagua begien mugimenduen bidez kontrolatzea. Agian Kinecta bera ez dago prestatuta aurpegi eta begien formak zehaztasunez detektatzeko, baina kontzeptu bera lerabilkeen gailu ahaltsuago batek etorkizunean halakoetarako aukera emango luke.

Aplikazioak biziki interesgarriak izanda ere, ikusi behar benetan Kinectak ordenagailuetarako jauzia ematen duen eta hura erabiltzen duten aplikazioak eguneroko bihurtzen zaizkigun. Ordenagailuetako sarrera-interfazeetan azken hamarkadetan eman den aldaketarik handiena litzateke. Ez da gauzatu ezinezko burutazioa: ezin da ahaztu haren atzean Microsoft dagoela, eta haren Windows sistema eragilea dela munduko ordenagailuen % 90ek baino gehiagok darabiltena.

Microsoftek interes eta behar handia du berrikuntza iraultzaileren bat ekartzeko, azkenaldian publikoak ez baitu ikusten enpresa hau berrikuntzaren ikur gisa: gailu mugikorretan eta Interneten Appleren eta Googleren eskutik etorri dira berrikuntzak, eta ordenagailuetan ere Linux eta Apple izan dira berritzaileagoak. Microsoftek betiko Windowsekin eta Officekin jarraitu du, eta gainera Vistarekin kale egin zuen. Kontsolen munduan berreskuratu du aitzindaritza, Kinecten bidez, eta hura ordenagailuetara eraman nahi duen zantzuak daude: aurtengo udaberrian Kinecterako SDK bat ( Software Development Kit edo Softwarea Garatzeko Kita) aterako zuela iragarri zuen, nahi duenak Kinecta erabiltzen duten programak egin ahal izateko, eta Windowsen hurrengo bertsioa, Windows 8, Kinectentzako driverrekin etorriko dela dirudi. Hala bada, ordenagailuekin aritzeko moduan aldaketa handiak ikusiko ditugu denbora gutxian. Eta software librearen zaleok ez dugu itxaron beharko gure sistema eragileetan driverrak izan arte: normalean gertatzen denaren kontrara, oraingoan, lehenago izan ditugu driverrok eskura!

Leturia Azkarate, Igor
2
276
2011
6
017
Hardwarea
Mundu digitala
26

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia