}

Bienvenido León: "Gakoa gauzak kontatzeko trebetasunean dago"

2003/10/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azkenaldian asko hitz egiten da zientziaren dibulgazioaz komunikazioari eskainitako foroetan. Izan ere, zientzia- eta teknologia-gaiek gero eta toki gehiago betetzen dute komunikabideetan. Bienvenido León aditua da zientziaren dibulgazioan, batez ere telebistan. Bi alor horiei buruz hitz egiteko hartu gintuen Nafarroako Unibertsitateko bere bulegoan.

Telebistan lan ugari egindakoa zara. Une honetan zer duzu esku artean?

(Argazkia: B. Kortabarria).

Proiektu berri batekin ari naiz, produkzio-etxe baterako gidoia lantzen. Naturari buruzko lanak egin ditut eta egiten ditut gehienetan, baina kasu honetan antropologian oinarritutako lana da. Labar-pinturak erakutsi nahi ditugu. Orain ikertzen eta ikasten ari naiz, gidoia egin ahal izateko.

Beraz, kazetaritza profesionala egiten jarraitzen duzu. Hala ere, duela hamar urte nolabaiteko etena egin zenuen, komunikabideak utzi eta irakaskuntzara joan zinen.

Aukera eskaini zidaten, ideia gustatu egin zitzaidan eta baiezkoa eman nuen, beste barik. Hala ere, pentsatzen jarriz gero, uste dut sakonean badagoela beste arrazoi bat. Kazetarion lana ikaragarri polita da, liluragarria, baina badu eragozpen bat: egunero hutsetik abiatu behar duzu.

Lan bat bukatu eta, esperientzia bera izan ezik, hurrengo egunean ez daukazu ezer. Horrek frustrazio apur bat eragiten du; irakaskuntza, aldiz, egunez egun jakintza pilatzea da; pilatzea besteei kontatzeko, eta argitaratzeko. Ez dago hutsetik abiatu beharrik, ezagutzen den eta egunetik egunera hazten den errealitate batetik baizik.

Betidanik egon zara zientziaren dibulgazioan?

Ez. Egia esan, zientzia-dibulgazioarekin zerikusirik ez zuten dokumentalak egiten hasi nintzen, kultur girokoak batez ere. Jakina, gai guztiek dute zientzia oinarriren bat. Gogoratzen dut, adibidez, Hego Amerikako herri-jaiak izeneko serie bat; oinarrian kultura, ohitura eta abar zegoen, baina baita alde antropologikoa ere.

Eta noiz erabaki zenuen zientzia-dibulgazioan hastea? Zergatik?

Tesia egitean izan zen. Nire tesia, berez, dokumental orokorrei buruzkoa zen, David Attenborough-en dokumentalekin topo egin nuen arte. Hura azaltzeko tresnak behar nituela konturatu nintzen, lupa-motaren bat, Attenborough-en dokumentalek hainbesteko arrakasta zergatik zuten jakiteko. Lupa horietako bat zientziaren dibulgazioa izan zen. Ikertzen hasi nintzen eta bide horretatik jarraitu nuen.

Zientziaren dibulgazioaz gero eta gehiago hitz egiten dela dirudi, eta zientziak gero eta presentzia handiagoa duela komunikabideetan. Zein egoeratan dagoela uste duzu?

Interesa irabazten ari den gaia dela iruditzen zait. Duela urte batzuk baino jende gehiagok du interesa zientziaren dibulgazioan, duda barik. Telebistan, adibidez, gero eta toki gehiago du. Telezaborrak, reallity show-ek eta top show-ek agintzen duten arren —morboa bilatzen duten saioek— gero eta toki gehiago dago zientziaren dibulgaziorako. Telebistan ez da inoiz gaur bezainbeste zientzia egon.

Naturari buruzko saioek jendea erakartzeko indar itzela dute.

Duela gutxi hitz egiten aritu nintzen Espainiako Telebistako informazio-saioetan gizarteko gaien ardura duen pertsonarekin. Berak esaten zuen Telediario -etako gaiak erabakitzeko eztabaidetan, inoiz ez zaiola hain erraza izan zientzia-gaiak sartzea. Zientziak interesa pizten du. Inkestek argi adierazten dute jendeari interesatzen zaiola, eta komunikabideek hori badakitenez, beraiei ere interesatzen zaie. Horrek ez du esan nahi oraindik ibiltzeko bide luzea geratzen ez denik, batez ere dibulgazio horren kalitateari dagokionez. Bide luze-luzea dugu hor, baina komunikabideen barruan zientzia oso egoera onean dago.

Idatzizko komunikabideetan zientziaren dibulgazioak badu nolabaiteko maila, eta baita presentzia ere, irratietan ari da sartzen, Interneten presentzia handia eta kalitate guztietako web orriak nahasten dira, hori ez dizut ukatuko, baina badirudi telebistan oraindik ez duela toki egokirik aurkitu.

Kontua da telebistaren mundua oso zabala dela: kate asko dago, genero ugari, dokumentalak daude… Egia esan, Espainiako egoera beste herrialde batzuen ondoan, erregularra baino ez da; BBCrekin edo beste batzuekin konparatuta, adibidez. Baina dokumental onak ere egiten dira, erreportaje onak, batez ere natura-, osasun- eta astrofisika-gaiak lantzen direnean. Gauza txarrak ere egiten dira, jakina, baina ez gaude hain gaizki.

Beharbada hemengo telebistetan ez da zientziari buruzko programa osorik egongo, baina beste saio batzuetan, informazio-saioetan adibidez, egunero sartzen dira zientziari edo osasunari buruzko pare bat berri. Italiako telebistan, adibidez, urteak daramatzate Superquark izeneko programa bat egiten. Nazioartean erreferente bihurtu da eta oso audientzia ona du. Horren aldeko apustua egin zuten bere garaian, eta urteen poderioz ikusleak bereganatzea lortu du. Horrelakorik ez dago hemengo telebista-kateetan. Redes dago, baina ezin da konparatu, goizaldeko ordu txikietan ematen den programa baita; hortaz, jende gutxik ikusten du.

Niri, egia esan, ez nau kezkatzen espezializatutako saioak egoteak. Sasoi batean egunkarietan ere baziren zientziari buruzko sailak. Ghetto bihurtu ziren guztiak. Nire ustez ona da informatiboetan zientzia egotea, dokumentaletan, magazinetan… toki guztietan egon behar du eta ez saio berezietan.

Idatzizko komunikabideetan Nature eta Science , adibidez, erreferentzia dira gainerakoentzat. Telebistan badago horrelakorik?

Telebista eta zientzia dibulgazioa uztartzen ditu Bienvenido León-en liburuak.

Nik hiru aipatuko ditut: bata BBCren Zeruertza seriea, 1960ko hamarkadan emititzen hasitakoa, astero ordubete eta kalitate handikoa. Beste bat Estatu Batuetako TBS katearen Nova programa da. Magazinei begiratuz gero, lehen aipatutako Superquark saioa esango nuke. Gehiago ere badira, baina horiek erreferentzia argiak dira.

Eta zer dute saio horiek? Edo zer ez dute gainerakoek?

Bueno, telebistetan denbora asko irauteko gakoa ez da bakarrik programa nola eginda dagoen, kateetan agintzen dutenen erabakien baitako zerbait baita hori. Britainia Handian 1960ko hamarkadan BBCa zuzentzen zutenek zientziaren aldeko apustua egin zuten. Telebista publikoa zenez, beren eginbeharretako bat hori zela erabaki zuten, programek lortuko zuten ikusle-kopurua alde batera utzita. Eta, gainera, kalitatea jarri zuten oinarrian, erreferente bihurtu nahi izan zuten. Sorpresa handia hartu zuten konturatu zirenean jendeak gustura ikusten zituela horrelako saioak, ikusleentzat interesgarriak zirela, prime time -ko ordutegian ere beste kateekin lehiatzeko modukoak zirela. David Attenborough-en saioak, adibidez, fikzioko programekin lehiatzeko gauza ziren. Ez da kasualitatea. Izan ere, ordurako audientzia hezita zegoen, programa-mota horrek ikuslea uztartzea lortzen zuen, prime time -an jarri ziren, aurrekontu handia mugitu zuten…

“Dokumentalak aspergarriak dira” esaten du jendeak; bueno, badira aspergarriak, baina badira ez direnak ere. Gehienetan dokumental aspergarriek produkzio-baliabide txikiak izaten dituzte: pare bat elkarrizketarekin eta kanpoan pilatutako bi-hiru irudirekin osatzen dira, diru gehiago ez dagoelako. Hori ez da dokumentala, dokumental txar bat baizik. Aurrekontu gehiago ere ezin zaie eman, audientzia txikiko tarteetan ematen direlako… eta audientzia handiko tarteetan ez dauden bitartean ezingo da produkziorako baliabiderik jarri, eta, hortaz, dokumentalak kalitate eskasekoak izango dira. Bukatzen ez den soka, ikusten duzunez.

Baliabideak alde batera utzita, zein dira dokumental onak egiteko gakoak?

Gakoak? Lehenik kontatzeko trebetasuna aipatuko nuke. Nola kontatu gauzak jendeari? Oso zaila da hori. Profesional onak behar dira, dibulgatzaile onak eta formazio onekoak. Formazio eskaseko dibulgatzaileak nekez kontatuko ditu gauzak ondo. Gidoilari onak behar dira, zientzialariekin elkarlanean jarduteko. Labur esanda: komunikatzeko teknikak menperatzen dituen jendea behar da, eta jendeari interesatzen zaion zerbait azaltzeko gai den zientzialariekin lan egitea.

Eta, orduan, nork dibulgatu behar du? Kazetariek? Zientzialariek? Gidoilariek?…

Nire ustez denetik egon behar du, zientzialariak, kazetariak, errealizatzaileak, gidoilariak… eta egokiena alde bietan formazioa duena izango litzateke, komunikatzeko teknikak eta, aldi berean, zientziaren adarren bat ondo ezagutzen dituena. BBCren natura sailean, adibidez, dokumentalak zuzentzeko profil zientifikoko jendea jartzen dute eta komunikatzailez inguratzen dituzte, komunikatzeko tekniketan treba dadin. Alderantzizko bidea ere ematen da, baina zailagoa da. Edozelan ere, talde-lanak ematen du kalitatea, zientzialarien eta kazetarien lan-talde bikainak osatzeak.

BBCren natura saila aipatu duzu. Badirudi telebistan arrakasta apur bat duten dokumental eta erreportajeak animaliei edo naturari buruzkoak direla. Zientziaren gainerako alorrek badute tokirik telebistan?

(Argazkia: B. Kortabarria).

Zailagoa da, baina badira biologia, medikuntza edo astrofisikari buruzko adibide on-onak, audientzia bikaina dutenak. Dena dela, guztiak ez du zertan salgarria izan, guztiak ez du zertan telebistan atera.

Begira ditzagun telebisten informazio-saioak. Munduan egunero milaka gauza gertatzen dira, eta telebistetako informatiboetan horien guztien ehuneko txiki-txiki bat ateratzen dira, gai batzuek berez jendearen arreta bereganatzen dutelako. Zientziarekin gauza bera gertatzen da. Ez daukagu guztia kontatu beharrik, jendeari benetan gehien interesatzen zaiona baizik, eta modu atseginean konta dezakeguna. Gai batzuk dibulgatzea oso-oso zaila da. Horrek ez du esan nahi kontatu behar ez direnik, baina beharbada gai horien alde zehatz batzuk kontatu behar dira soilik, beste bide batzuk aurkitu beharko dira. Egia da, hala ere, naturak jendea erakartzeko indar itzela duela, beti delako desberdina, ezustez betetakoa, irudiak ikusgarriak direlako… errazagoa da.

Ikusgarritasuna ala zehaztasun zientifikoa?

Biak bilatu behar dira. Ikusgarritasuna amua izan daiteke, baina horretan geratzen bazara erdibidea baino ez duzu egin. Irudi ikusgarriak baino ez dituzten dokumentalak zabor-janaria bezalakoak dira, jan eta ordu erdira berriro gosea duzu, substantziarik ez dutelako.

Bestalde dokumentalak ezin dira edukiz bete. Adituek diote, eta ni ados nago horrekin, dokumentalek ezin dutela informazio asko eduki. Horretarako liburuak daude, aldizkariak, Internet… Informazio asko ematen saiatzen bagara, saio nekagarria eta aspergarria egingo dugu. Lanak bere erritmoa izan behar du, lokuzioak ere bai, eta irudiak berez hitz egin behar du. Dokumental batean ezin dira ideia asko eman, azkenean ikusleak batekin ere ez direlako geldituko. Dokumentalen helburuak ahalik eta ikuslego zabalena lortzea izan behar du. Hori, berez muga handia da, baina baita aukera handia ere.

Adibidez, ETBn eman duten Planeta urdina serieak audientzia handia izan ei du. Aurreko batean zera irakurri nuen: mende oso batez zientzialari batek areto handi batean eta egunero hitzaldia emango balu, ez luke lortuko serie horren kapitulu batek izan duen ikusle-kopurura iristea. Hori harrigarria da, eta aukera aprobetxatu egin behar da, baina jakinda zein diren medioaren mugak eta medioaren indarrak. Eta azken horien artean ez dago informazio asko ematea, inor ez baita ezertaz konturatzen. Jende askori heltzen zaiola eta, gainera, modu atseginean heldu behar zaiola hartu behar da kontuan.

Honetaz bizitzerik badago?

Batzuek lortzen dute, baina ez da erraza. Hala ere, gero eta gehiago izango dira. Nik badut jendea animatzeko gogoa, eta ikasleen artean baditut honetan lanean hasitakoak. Kosta egiten da. Esaten diet zientziaren dibulgazioa oraindik zerbait berria dela, hazten ari dela, espezializatutako jende gutxi dagoela. Hori abantaila bat da, konpetentzia txikia baitago, baina, bestalde, berria denez, oraindik lanpostu gutxi sortzen dira. Lana badago komunikabideetan, unibertsitateetan, museoetan, zientziaren inguruan lan egiten duten erakundeetan… ez da eskaintza masiboa, baina beste irteera bat da.

Edozelan ere, honetan hasi nahi duenak ondo trebatu beharra du nahitaez, zientziaren zein komunikazioaren ikuspegitik. Naturaz hitz egin behar bada, biologiaz jakin behar da; izarrez hitz egin nahi bada, astrofisikaz…

Bienvenido León

Izatez Soriakoa da, baina 6 urte zituenetik Iruñean bizi da. Kazetaritza ikasi zuen eta, ikasketak bukatu ondoren irratian urtebetez jardun badu ere, bizitza profesionalaren zatirik handiena telebistan egin du.

Bartzelonako eta Madrilgo produkzio-enpresetan 10 urte inguru egin zituen. Beste kazetari batzuekin batera, Editmedia TV agentzia sortu zuen, Espainian telebistari begira egindako lehen agentzia. 1992an enpresa utzi eta T5era joan zen, informazio-saioak koordinatzera. Urtebete eman zuen lan hartan eta Nafarroako Unibertsitatera etorri zen, unibertsitateko Euroview produkzio-etxea egituratzera eta bultzatzera. Aldi berean doktore-tesia egin zuen, David Attenborough-en dokumentalak aztertuz.

Eskolak ematen ditu Nafarroako Unibertsitatean, baina, aldi berean, telebistarako zientzia-dibulgazioko lanak egiten jarraitzen du, batez ere naturarekin zerikusi duten gaiekin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia