Bihar eguzkia ala euria?
2001/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Biharamuneko eguraldiaren iragarpenarekin konformatzen ez diren horientzat berri onak datoz Estatu Batuetatik. Izan ere, zientzialari-talde batek adierazi duenez, laster gai izango omen gara fenomeno meteorologiko konplexuenak ere iragartzeko. Orain arte, sateliteen eta lurreko estazioen bidez lortutako datuak ordenagailu batean jasotzen ziren eta klimak urtean edota urtaroetan zehar izandako aldaketaren bilakaera aztertzen zen.
Orain, ordea, datu berberak kalkulu-ahalmen izugarria duen ordenagailu batean sartuta, badirudi klimak epe laburrera izango duen joera iragartzeko gai izango garela.
Cray T3E izeneko ordenagailu horrek atmosfera, itsaso eta lurraren arteko interakzioaren ondorioz gerta daitezkeen aldaera guztiak simula ditzake eta, beraz, gai da une bateko datuetatik abiatuta epe laburreko iragarpenak egiteko. Hala ere, iragarpenak benetan fidagarriak izan daitezen, beharrezkoa da ordenagailu ahaltsuagoak asmatzea eta datuak satelite bidez hartzeko sistema hobetzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia