}

Bihotz-biriketako bizkortze garaian aorta okluitzeko baloia

2002/09/16 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Jesús Manuel Labandeirak, Nafarroako Unibertsitatean irakurri den tesia prestatzeko, aorta okluitzeko baloiaren teknika txerrietan esperimentatu du, animalia horren sistema kardiobaskularrak gizakienarekin antzekotasun handia baitu.

J. M. Labandeiraren emaitzen arabera, aortan ezarritako oklusio-baloi bati esker, bihotz-biriketako bizkortze-mugimenduetan burmuinera eta bihotzera iristen den odolaren presioa bikoiztu egiten da.

BBB emaitzak hobetu

Bihotz-biriketako bizkortze-mugimenduak (BBB) larrialdietarako zerbitzuen jarduera enblematikoak izan ohi dira 60ko hamarkadaz geroztik, beren sortze-urtetik hain zuzen ere. Mugimendu horiek pazientea aireberritzeko balio dute eta, denbora berean, konpresio toraziko batzuk aplikatzeko. Dena dela, BBB ahalik eta ondoen eginda ere, mugiarazten den odola oso urria da (odol-isuria neurri normalen % 50era ere ez da heltzen). Bi organo garrantzitsuenetara (bihotza eta garuna) heltzen den odol-kantitatea emendatzeko, teknika berriak aplikatzen saiatzen ari dira.

BBBren emaitzak hobetzeko asmoz, Jesús Manuel Labandeirak zirkuitulabur baten antzeko zerbait gauzatu du. Iztaitik, arteria femoralean barna, baloi batez lagunduriko kateter bat sartzen da eta diafragmatik behera, aortan kokatzen da. Baloia puztean, odola behar-beharrezko lekuetara soilik banatzea lortzen da. Era horretan, bihotzetik irteten den odola burmuinera edo bihotzera bakarrik bideratzen da, gorputz-adarretara eta gainerako gorputz-atal ez-oinarrizkoetara joatea eragotziz.

Mediku nafarraren ustean, aortan baloi bat sartzearekin batera bihotzera eta burmuinera heltzen den odol presioa ia bikoiztu egiten da. Aortako presio arterialean ere antzeko fenomenoa gertatzen da. Pertsona bat bizirik dagoenean, bere presio arteriala 120 mm Hg sistoliko eta 80 mm Hg diastoliko (120/80) izan ohi da. BBB estandar baten hasieran 41 mm Hg sistoliko eta 20 mm Hg distoliko (41/20) inguruan ibiltzen dira balioak. Baloia erabiliz 74 mm Hg sistoliko eta 39 mm Hg diastoliko (74/39) lortzen dira. Neurri apalak dira, baina baloiari esker, BBB normal baten emaitzak bikoiztea lortzen da.

J. M. Labandeiraren tesiaren konklusioek argi uzten dute aorta barneko oklusio-baloiak presio arterial sistolikoak, diastolikoak eta erdikoak areagotzen dituela, perfusio koronario eta zerebralen presioak bezalaxe. Emaitza hobeak lortzeko, teknika berria azkar erabiltzea oso garrantzitsua da. Gainera, J. M. Labandeirak txerriei eginiko nekropsiaren ostean azaldu zuenez, esperimentuak ez zien inongo kalte handirik eragin animalia haiei, ez erraietan ez eta egitura baskularretan.

14 txerrirekin esperimentua

Labandeirak 14 txerrirekin egin du azterketa. Izan ere, abere hori da arlo kardiobaskularrean, gizakiarekin antz gehien duena.

Txerriari, sufritu ez zezan behin anestesiatuta, kardioarnasketa geldiune bat eragin zioten bentrikulu-fibrilazio bati esker. Ondoren, BBB hasi zuten. Txerri bakoitzari, barne-aortako oklusio baloiarekin eta gabe, bost minutuko lau aplikazio egin zizkioten. Baloiarekin eginiko esperimentuen emaitzak hobeak izan ziren.

Sistema hori gizakiekin erabiltzea pentsatuz gero, baloi bat aortaraino barneratzea ez da horren zaila teknikoki. Izan ere, arteria feromala sarbide erraza da eta kateterra bost minutu baino gutxiagoan barnera daiteke.

J. M. Labandeiraren tesia American Journal Of Emergency Medicine zientzia-aldizkarian argitaratzeko onartua izan da. Gaur egun, beste bi ikerketa-talde ari dira gai hori bera aztertzen; bat Suedian eta beste bat Ameriketako Estatu Batuetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia