Bihotza berpizteko algoritmoak
2007/09/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hori izan zen, hain justu, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Elektronika eta Telekomunikazio Saileko zenbait ikertzaileren abiapuntua, hots, helduentzako diseinatutako tresna horien algoritmoak garatzea. Gaur egun, berriz, haurrentzako egokiak diren algoritmo fidagarriak garatzeko eta denboraren muga estu hori gainditzeko dihardute lanean.
Haurrentzako AEDa
Helduentzako desfibriladore automatikoen erabilera erabat hedatuta dago. Zortzi urtez azpiko haurren bihotz- erritmoak, ordea, ez dira helduen bihotz-erritmoen berdinak. Zer gertatzen da haurrei sistema kardiobaskularra eta arnasketa-sistema gelditzen zaizkienean? Duela pare bat urtetik haurrekin aparatu horiek erabiltzea baimenduta dago, eta horiek aztertzen ari dira orain, hain zuzen ere, EHUko ikertzaileak.
Hori egin ahal izateko, lehendabizi ezinbestekoa da datu-base pediatriko bat izatea, eta hori da, beharbada, lanik zailena. Izan ere, haurretan kasu gutxi gertatzen dira. Datu-basea osatzeko, ehunka bihotz-erritmo egokiren eta hilgarriren datuak behar dituzte ikertzaileek, eta, horretarako, haurren bihotz-seinaleak jasotzen dituzten hamaika ospitaleren eta medikuren laguntza dute.
Datu-basea osatu ondoren, haurrentzat egokiak diren algoritmo fidagarriak garatzen dituzte. Alegia, ordenagailuan digitalizatuta dituzten seinaleak edo bihotzaren erritmoaren berri ematen duten elektrokardiogramak prozesatu eta zenbait parametro aztertzen dituzte, hala nola bihotz-seinaleen maiztasuna, seinale edo uhin horien morfologia (forma), bihotz-seinale horien espektroak eta denbora/maiztasun erlazioaren parametro esanguratsuak. Parametro horien guztien arabera, sailkatu egiten dituzte seinaleak, eta bihotzaren erritmo hori hilgarria den edo ez erabakitzen dute ikertzaileek.
Denboraren muga
Halaber, arestian aipatu den bezala, denbora oso garrantzitsua da halako hil edo biziko egoeretan. Maiz, masajea nahikoa izaten da bihotza suspertu eta hark erritmo egokia berreskuratzeko. Besteetan, berriz, masajearekin ez da nahikoa izaten, eta denbora galtzen dela ere esan daiteke. Izan ere, masajea eman bitartean ezin da elektrokardiograma-seinalea aztertu, ezta deskarga elektrikorik eman ere. Beraz, bihotz-erritmoa aztertu eta deskarga batekin bere onera etorriko litzatekeela ikusi arte, segundoak eta minutuak pasatzen dira. Biziaren eta heriotzaren mugaren arteko segundoak eta minutuak, alegia.
Horri aurre egiteko, desfibriladore automatikoaren analisia eta masajea bateratzeko aukera aztertzen ari dira EHUko ingeniariak. Gertatzen dena da AEDak azalean hartzen duen seinalea distortsionatu egiten dela masajearen mugimenduaren eraginez, eta, beraz, diagnosia ez dela fidagarria. Hori dela eta, seinalearen distortsio hori kentzeko eta diagnosia era fidagarri batean egin ahal izateko zenbait metodo probatzen dihardute EHUko ikertzaileek.
Seinalea garbi bereizteko, zenbait metodo aplikatzen dituzte. Adibidez, elektrokardiograma edo seinale batzuen laginak hartu eta, algoritmoak aplikatzen dituzte; horrekin, alde batetik seinalearen zarata edo distortsioa eta bestetik seinale garbia bereizi nahi dituzte. Hori lortuz gero, desfribriladorearen analisia eta masajea aldi berean egin ahalko dira.
Arlo batean zein bestean orain arte probatu dituzten metodoak nahiko arrakastatsuak izan dira. Ikertzaileek bi ekarpen horiek epe ertainean kaleratu nahi dituzte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia