}

Bihotzera iritsi nahi duen txertoa

2005/04/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nahi eta ezin. Jakin bai, baina ahaztu egin nahi. Horrela jokatzen dute askok, eta, ardura euren gainean hartu ordez, sendagileengan jartzen dute itxaropen guztia. Hala, bihotzekoak eta zirkulazio-aparatuko gaitzak saihesteko behin betiko irtenbidea ikertzaileek asmatu zain gelditzen dira. Baina, ez ote dira gehiegi eskatzen ari? Auskalo. Ikertzaileak ahaleginak egiten ari dira behintzat, eta ez da harritzekoa, eskaera handia baita: gaixotasun horiek eragiten dute, hain juxtu, heriotza gehien mendebaldeko gizartean.

Duela pare bat urte, bihotzekoak eta zirkulazio-aparatuko gaitzak saihesteko sendagai bati buruzko artikulua argitaratu zuen medikuntza-aldizkari ospetsu batek, British Medical Journal aldizkariak. Egileek patologia horiei aurrea hartzeko tratamendu bat proposatzen zuten, Polypill izenekoa. Gaitz horiek sortzen dituzten eragileen aurkako hainbat botika biltzen ditu; hortik datorkio `polipilula´ izena.

Egileen esanean, 55 urtetik gorako gizon-emakumeek Polypill hartuko balute, % 80 gutxituko litzateke bihotzekoak eta zirkulazio-aparatuko patologiak izateko arriskua. Hori iragartzerako, 400.000 lagunekin 750 ikerketa egin zituzten. Emaitzak izugarri onak izan ziren, batetik, benetan eraginkorra zela frogatu zutelako, eta, bestetik, albo-ondorioak ez zirelako oso larriak. Kontuan izan behar da Polypill prebentziorako tratamendua dela; beraz, dosiak txikiak dira, eta horregatik ez du albo-ondorio nabarmenik eragiten.

Odol-presioa gutxitzen duten hiru sendagai biltzen ditu Polypill ek.
D. Frankhauser / Cincinnatiko Unib.

Gainera, Polypill en osagaiak lehendik ere erabiltzen dira; hortaz, oso ezagunak dira sendagileentzat, eta baita gaixo askorentzat ere. Adibidez, horietako bat erabat zabalduta dago, azido azetilsalizilikoa da, aspirina. Beste bostak azido folikoa edo B9 bitamina, odoleko kolesterola gutxitzeko botika bat, eta odol-presioa gutxitzen duten hiru sendagai dira.

Hala ere, denbora gehiago behar da jakiteko ea kalterik egiten duten denbora luzez eta elkarrekin hartuz gero, batez ere adin batetik aurrera den-denek hartzea proposatzen zutelako. Hain zuzen, horixe da egin zaion kritiketako bat, iragartzen dituzten emaitzak lortzeko adin horretako populazio osoak hartu beharko zukeela.

Pilula miragarriaren ordez, menu sendagarria proposatu du Herbehereetako ikertzaile-talde batek.
Beheko argazkia: Picture Newsletter

Hori arriskutsua izan daiteke, ikerketan antzeman ez zituzten albo-ondorioak azal daitezkeelako denborarekin, batez ere hainbat populazio-taldetan. Bestalde, tratamendua denei zabaltzea oso garestia izango litzateke.

`Polipilula´-tik `polijanari´-ra

Kritikak kritika, Polypill ek ez zuen harrera txarra izan oro har. Hala ere, ikertzaileek ordezko bat bilatzen jarraitu zuten, eta, 2004ko abenduan, Polypill plazaratu zuten aldizkari berean, beste aukera bat proposatu zuen Herbehereetako talde batek: Polymeal . Hau da, `polipilula´-ren lekuan, `polijanaria´.

Polypill ek sei sendagai biltzen dituen bezala, Polymeal bihotzerako eta odol-zirkulaziorako onuragarriak diren janarien konbinazioa da. Kontuan izan behar da elikadurak eragin zuzena duela gaixotasun horietan. Hona hemen, beraz, Polymea len osagaiak: ardo beltza, arraina, txokolate beltza, frutak eta barazkiak, baratxuria eta almendrak. Ikertzaileen esanean, proposatzen duten menua botiken koktela baino askoz ere seguruagoa eta gustagarriagoa da, eta ia bestea bezain eraginkorra da. Dirudienez, menu sendagarriak % 70 gutxitzen du zirkulazio-aparatuko gaixotasunak izateko arriskua.

Polymealen eragina patologia kardiobaskularrak izateko arriskua gutxitzean.

Osagaiak aukeratzeko, aurrez argitaratutako ikerketetan begiratu dute, eta menuaren elementu bakoitzaren onurak ondo frogatuta daudela ziurtatu dute. Gero, proportzioak kontuan hartuta, batu egin dituzte, eta elkartuta zer eragin duten neurtu dute.

Ikerketan 5.209 boluntariok hartu zuten parte, emakumezkoak zein gizonezkoak, batzuk osasuntsuak eta besteak patologia kardiobaskularrekin. Elementu bakoitzaren kantitatea, baten edo bestearen gabezia... eragile guztiak izan dituzte kontuan, eta ondorioztatu dute menua oso mesedegarria dela bere horretan.

Zer egin behar den jakin arren, gutxi daude bizimodua aldatzeko prest.

Esaterako, osagai bakoitzetik gehiago hartuta, emaitzak ez dira hobetzen; aldiz, gutxiago hartuz gero, menua ez da hain eraginkorra. Osagairen bat falta bada ere, dezente jaisten da eraginkortasuna. Hain juxtu, okerrena ardoa kentzea da; ardorik gabe, % 76tik % 65era jaisten da eraginkortasuna. Beste osagaiak kentzen badira, ez da hainbeste nabaritzen, nahiz eta beti gutxitzen den pixka bat.

Halaber, bizi-itxaropena luzatu egiten da: gizonezkoen batezbesteko bizi-itxaropena 6 urte baino gehiago luzatzen da; 9 urte gehiago biziko lirateke Polymeal hartzen duten gizonezko osasuntsuak, eta 2,4 urte gehiago zirkulazio-aparatuko gaixotasunen bat dutenak. Emakumezkoetan ere antzematen da onura, baina ez da hain nabarmena.

Albo-ondorioei dagokienez, Polymeal ek ia ez du eragin kaltegarririk. Izatekotan, batzuei ez zitzaien gustatzen baratxuriaren usaina, eta beste batzuek aipatu zuten urdailean kalte egiten ziela, baina hori ez zuten frogatu. Horretaz gain, alergia-kasuren bat edo beste ere gertatu zen. Bestela, Polymeal eraginkorra bezain segurua dela aldarrikatzen dute ikertzaileek. Polypill are eraginkorragoa dela onartzen badute ere, Polymeal en alde egiten dute, ordezko egokia delakoan.

Aurki guztiak du bere ifrentzua

Polymeal en bi osagai txokolate beltza eta ardoa dira. Batzuei primeran irudituko zaie, baina beste askorentzat luxuzko produktuak dira.
Musee de l’Abeille

Alabaina, Polymeal ek ere baditu hain onak ez diren alderdiak. Batetik, norberaren gain gelditzen da egunero-egunero janari horiek agindutako proportzioan hartzeko ardura. Eta adibide ugari daude frogatzen dutenak zer zaila den jendearentzat bizimodua eta ohiturak aldatzea, baita osasuna eta bizi-kalitatea jokoan daudenean ere. Bestetik, Polymeal osatzen duten janariak ez dira bereziki merkeak. Hortaz, tratamendu horri eustea garestiegia izan daiteke askorentzat.

Maila ekonomikoa eta osasuna erlazionatzen dituzten hainbat ikerketa egin dituzte AEBetan. Antza denez, maila kultural eta ekonomiko apala dutenen dieta ez da batere mesedegarria osasunerako. Nonbait, janari osasungarria garestiegia da horientzat; merkeagoa da edozein bazterretan saltzen duten hanburgesa bat entsalada soil bat egiteko osagaiak baino. Ondorioz, obesitatea eta gaixotasun kardiobaskularak ugariagoak dira aberatsen artean baino.

Orain txerto bat jarri eta bizi osorako babesa. Hori bai ametsa!

Hori guztia kontuan hartuta, ez dirudi Polymeal ek sekulako arrakasta izateko aukera asko dituenik. Hala, askok zientzian eta teknologian jartzen dute itxaropena, eta irtenbide miragarriaren zain gelditzen dira. Beharbada, mirari hori ez da ezinezkoa.

Behin betiko irtenbidea: txertoa

Polymeal aurkeztu zuten sasoi berean, arazo kardiobaskularrak saihesteko txertoa proposatu zuen Suediako ikertzaile batek, Britainia Handian gaixotasun horien genetikari buruz egin zen biltzarrean.

Zirkulazio-aparatuko arazo gehienak odol-hodietan eratzen diren plaka batzuek sortzen dituzte. Plaka horiek pixkanaka odol-hodia ixten dute; horrekin batera, hodiaren ehuna handitu egiten da, eta, guztiaren ondorioz, odol-zirkulazioa zaildu egiten da. Azkenean, litekeena da hodia erabat buxatzea eta, orduan, odolak ezin du giharretara eta organoetara iritsi. Horrela gertatzen dira bihotzekoak eta infartuak.

Zirkulazio-aparatuko arazo gehienak odol-hodietan metatzen diren koleslerol-plakek sortzen dituzte.
Brown Unib.

Duela hamar urte ikertzaile horrek, arteriosklerosiaren sorreran sistema immunea eta LDL lipoproteinak gako direla ikusita, saguei oxidatutako LDLa sartu zien odolean. Oxidatutako LDLa plaken osagai nagusia denez, saguek arteriosklerosi gehiago izatea espero zuen ikertzaileak. Oker zegoen, ordea.

Hortik jaio zen arteriosklerosiaren aurkako txertoa sortzeko ideia. Nonbait, oxidatutako LDLaren zatiak odolean sartuz gero, sistema immuneak haien aurkako erantzuna sortzen du. Hala, plakak sortzea eragozten du, eta, gainera, lehendik zeuden plaken % 70 desagertu egiten dira. Badirudi txerto moduan eman daitekeela: ziztada bakar bat, eta bizi osorako babesa. Horixe ari dira ikertzen orain. Suediako Bioinvent konpainiak darama proiektua, eta bi urte barru hasi nahi dute gizakiekin probatzen. Ba al da boluntariorik?