Bihotzerrea kentzeko teknika berria
2004/12/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gatekeeper bihotzerre kronikoa kentzeko medikuntza-teknika berria da. Europan duela bi urtetik hona erabiltzen da, eta Euskal Herrian orain dela gutxi probatu dute lehenengo aldiz. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Poliklinikan (Donostia) egin dituzte lehenengo bi ebakuntzak.
Bihotzerrea edo errefluxu gastroesofagiko kronikoa deitutako gaitza oso zabaldua dago gure artean. Juan Ignacio Arenas Gipuzkoako Poliklinikako Digestio-aparatuaren Saileko zerbitzuburuaren arabera, hamar herritarretik zazpik dute bihotzerre kronikoa. Gipuzkoan, esaterako, 50.000 lagunek dute.
Bihotzerrea urdail-azidoak gorantz egiten duenean sortzen da, eta, ondorioz, hestegorria minberatzen du. Bihotzerrearen kausak hiatoko herniari lotutakoak dira. Loditasunak edo jaki jakin batzuk jateak (besteak beste koipeak) eragin dezake hiatoko hernia. Beraz, gehiegi jateak, elikagai koipetsuak jateak, alkohola edateak, eta, oro har, ongi ez elikatzeak bihotzerrea sortu ohi dute.
Gaitza prebenitzeko, besteak beste, kafea, alkohola, tabakoa eta edari gasdunak saihestea gomendatzen dute adituek. Horrez gain, elikagaiak pixkanaka-pixkanaka, kantitate txikietan eta beti antzeko orduetan jatea ere aholkatzen dute. Eta, nola ez, norberarentzako narritagarriak diren elikagaiak ahal den neurrian saihestea (baratxuria, piperrak, tipula...).
Orain arte bi irtenbide zeuden bihotzerrearen kontra: botika bidezko tratamendua eta ebakuntza kirurgikoa. Bi horien arteko tratamendua da Gatekeeper.
Teknika berri hori Fokens mediku nederlandarrak garatu zuen. Fokens doktorea Amsterdamgo Medical Center Akademiako kide da. Eta han, Amsterdamen, izan zen Arenas doktorea teknika berriaren nondik norakoak ikasten.
Ebakuntza itzulgarria
Berez ebakuntza sinplea da, azkar eta erraz egitekoa. Gainera, badu beste teknika endoskopikoetatik bereizten duen ezaugarri bat; itzulgarria da.
Lehenengo hestegorrian hodi txiki bat sartzen diote gaixoari endoskopia bidez. Hodi horren bidez, hestegorriaren mukosa azpian ziztada txiki bat egin eta polimero bat txertatzen diote. Polimero hori gel fin bat da —orno arteko diskoak gogortzeko erabiltzen den bera— eta serumarekin bustitzean puztu egiten da. Zentimetro baten inguruko tamaina hartzen du hala. Dilatatutako polimero horrek balbula baten egitekoa betetzen du. Izan ere, urdail-azidoa hestegorrira igotzea eragozten du.
Hala, hestegorria ez da narritatzen. Orain arte Europan egin diren ebakuntzek batez beste 26 minutu iraun dute. Gipuzkoako Poliklinikako ebakuntzak 33 minutukoak izan ziren, normalean baino zerbait luzeagoak, lehenengo aldia zelako.
Lehenengo ebakuntzak eraginkorrak izan diren edo ez esateko, sei hilabete itxarongo dute gutxienez medikuek. Orduan egingo dizkiete ebakuntza osteko lehenengo azterketak gaixoei. Edonola ere, ez dago kezkatu beharrik. Europako emaitzen arabera, soilik % 25eko arriskua dago teknika honek huts egiteko, eta, hori gertatzen denean, txertatutako polimeroa kendu egiten da. Horixe du ona. Gainera,normalean ez du albo-ondoriorik izaten. Emaitzek hala erakutsi dute behintzat.
Euskal Herrian, Gipuzkoako Poliklinika ospitale pribatuan bakarrik egiten dute gaur egun ebakuntza hau. Euskal Herriko osasun-zerbitzu publikoak ez du oraingoz bihotzerre kronikoa kentzeko teknika endoskopiko hori eskaintzen. Ezta antzeko besterik ere.
Ebakuntza konplexuen eta botiken ordezkoaOrain arte bihotzerrearen kontra bi irtenbide zeuden, ebakuntza kirurgikoa eta botika bidezko tratamendua, hain zuzen ere. Lehenengoaren kasuan, bi motatako ebakuntza kirurgikoak daude. Hestegorria tramankulu konplexu batekin zimurtzen edo tolesten denekoa bata, eta, hestegorriaren muskulua josten denekoa, bestea. Zein baino zein gogorragoak! Azken finean, bi kasuetan helburua bera da, hau da, urdail-azidoa hestegorrira igotzea saihesten da. Zoritxarrez, bi ebakuntza horiek ez dituzte kasu guztietan emaitza onak ematen, eta, gainera, bizitza osorako aztarnak uzten dituzte. Izan ere, ebakuntza jasan ostean, janaria irensteko arazoak izaten dituzte. Bigarren irtenbidea eta ebakuntza kirurgikorik gabekoa botika bidezko tratamendua da. Gatekeeperra aplikatu aurretik egunero-egunero hartu behar izaten zituzten botikak. Ebakuntza hori egin ondoren, gaixoen % 75ek ez dute botikarik hartu beharrik izan. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia