}

Bikote berriaren komeriak

1995/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Babirusako txerria desagertzeko zorian dagoen animalia da, orotara 150 ale baino ez dago eta.

Babirusako txerria izenaz ezagutzen dira ondoko irudian ikus ditzakezuen animaliak. Espeziea jatorriz Indonesiakoa bada ere, Winchesterren jaio zen emea eta Belgikan arra. Gaur egun Edinburgheko parke zoologikoan bizi dira, bertara eraman baitituzte bikotea osa dezaten. Maitasun istorio guztietan bezala, horretan ere une gozoak eta latzak tartekatuko direla espero da.

Zalantzarik gabe harremanaren alderik ederrena bikoteak espeziearen iraupenean joka dezakeen papera da. Babirusako txerria izan ere, desagertzeko zorian dagoen animalia da, orotara 150 ale baino ez dago eta. Edinburgheko parke zoologikotik iragarri dutenez, bikotea ongi egokitu omen da bizileku berrira eta harremana emankorra izango dela espero da.

Horren seinalerik garbiena bi txerriek berezkoa duten agresibitatea gutxiagotzen ari dela da. Begiz jotako epeak betetzekotan, hurrengo urtean bertan jaioko omen dira bikotearen lehen kumeak. Orduan etorriko dira “ezkonberrientzat” unerik latzenak...

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia