}

Bilboko Guggenheim museoa, diseinuaren eredu

2000/02/29 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Arkitekturari buruzko liburuak izan dira aste honetako New Sciencist aldizkarian aztergai. Plazaratzen duen galdera da zergatik diren eraikinak ia beti karratuak. Bilboko Guggenheim museoak ikuspuntu ezberdina eskaintzen du

Eraikinak zergatik dira gehienetan zuzenak? Zergatik dituzte planoak, lerro paraleloak eta elkarzutak? Batek pentsa dezake naturan beste motako forma asko dagoela. Zergatik ez dira arkitekturan gehiago imitatzen?

Duela urte batzuk arkitektoek arkatza nahitaezkoa zuten diseinua egiteko. Eta hori zuzenei eusteko arrazoi sendoa da. Lehenengo zirriborroa osatzeko erabiltzen zituzten teknikak triangeluetan, angelu zuzenetan eta geometria euklideoan oinarrituta daude. Horrela, eraikin kurbadunak diseinatzen oso zaila suertatzen zen. Gaur egun, ordea, gauzak aldatzen ari dira. Abiapuntua, nola ez, ordenagailua da. Kurbak modu askoz errazagoan diseina daitezke ordenagailuak erabiliz eta norberaren irudimena da muga.

Dena errazago horrela

Hala ere, grabitateak ez du barkatzen. Eta horixe izan daiteke diseinu zuzenak egiteko arrazoia. Eraikinak zutik luzaroan iraun behar du. Diseinu sinpleek asko laguntzen dute, erresistentzia eta indarren banaketa errazago kalkula daitezkeelako. Eskuz egiten zenean, horrek asko baldintzatzen zuen eraikuntza. Orain lana ordenagailuek egiten dutenez, arlo horretan ere simulazioa zabaldu da.

Bestalde, adreilu berdinez egindako etxeak azkarrago eraiki eta merkeagoak izaten dira. Gainera, kurbarik gabeko ertzak eta oinarri laua duten harriak bata bestearen gainean oso ondo metatzen dira etxearen eskema orokor batean. Baina hori ere aldatzen ari da. Frank Gehry arkitektoak Bilbon egin zuen Guggenheim museoa ospetsua horren froga da.

Eraikina CAD/CAM teknologiaz diseinatuta da. Gainazal kurbadunak eta errapikatzen ez diren formak ditu. Asimetrikoa da. CAD-eko hiru dimentsioko eredua, ordenagailuz bideratutako eraikuntza izan zen. Lan egiteko modua nahiko berria da eta esan daiteke arkitektura modernoan azaltzen ari den kimu berriaren barne dagoela. Gehry bezalako arkitekto batzuen joera, blokeekin baino, itxuren gainean lan egitea da. Horientzat naturan agertzen diren formak inspirazio apartak dira. Frank Floyd Wright-ek diseinatutako New Yorkeko Guggenheim museoa ere horren adibidea da. Alan Powers-ek argitaratutako Nature in Design (Natura diseinugintzan) liburuan gastropodo baten maskorrarekin konparatzen du eraikina.

Arkitektura mota horren beste hainbat adibide honako liburuetan aurki daitezke: Eugene Tsui-ren Evolutionary Architecture (Eboluzioa sortzen duen arkitektura) eta Maggie Toy-ren Sci-Fi Architecture (Zientzia-Fikziozko Arkitektura). Artikuluan aipatzen den beste liburu interesgarria, Wentworth Thompson-en On Growth and Form (Hazkuntzari eta Itxurari buruzkoa) arkitekturari buruzko literaturan klasikoa da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia