Biltzaile azkarren arrakasta
2005/11/14 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Nektarra biltzeko garaian, zein da estrategia onena erlearentzat, gertu dituen lore guztietan geratzea edo lore bakoitza kontu handiz aztertzea non geratuko den erabakitzeko? Kanadan, Torontoko Unibertsitateko ekologo batzuek proba egin dute, eta lehen estrategiaren alde egin dute. Erleak inguruko lore guztietan geratzen badira, nahiz eta batzuetan nektarrik ez egon, luzarora nektar-kantitate handiagoa biltzen dute loreak banan-banan aztertzen dituztenean baino. Hala ere, zientzialarien arabera, kontrako jarrera duten erleak ere baliagarriak dira erlauntzarentzat, aldakortasuna eboluzioaren lehengaia baita.
eu es fr en ca gl