Biodibertsitate iluna neurtuta, giza-jardueren eragina uste baino handiagoa dela ikusi dute
2025/04/30 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Giza-jardueren eragina uste baino handiagoa dela eta ehunka kilometrotara ere irits daitekeela ondorioztatu dute biodibertsitatea neurtzeko ohikoa ez den metodo bat erabiliz. Biodibertsitate iluna neurtu dute: leku jakin batean bizi daitezkeen baina bizi ez diren espezieen proportzioa.
Biodibertsitatea neurtzeko ohiko metodoak leku jakin batean dauden espezieen kopurua zenbatzean oinarritzen dira, espezie potentzialak kontuan hartu gabe. Horrela, ordea, gizakiaren inpaktuaren benetako eragina gutxietsi egiten da. Dibertsitate ilunaren kontzeptua 2011n sortu zuten Tartuko Unibertsitateko (Estonia) ikertzaileek. Eta kontzeptu horretan oinarrituta DarkDivNet sarea abiatu zuten 2018an. Ordutik aurrera, mundu osoko ikerketa-taldeak joan dira sartzen sare horretan, ahalik eta eskualde gehienetako laginak jasotzeko. Horixe izan zen, hain zuzen ere, EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Idoia Biurrun Galarraga eta Juan Antonio Campos Prieto ikertzaileen kasua. Gorbeiako Parke Naturala aukeratu zuten azterketarako, zehazki, hango pagadi eta txilardiak.
Nature aldizkarian argitaratu duten ikerketan, guztira, planeta osoko 119 eskualdetako 5.500 gunetako landareen dibertsitate iluna neurtu dute. Emaitzek agerian utzi dute gizakiaren jarduerek eragin handia dutela orain arte ezezaguna zen biodibertsitatean. Hain zuzen ere, giza inpaktu txikiko eskualdeetan, habitat naturalek espezie potentzialen herena dute batez beste, modu naturalean espezie guztiak ezin direlako lurralde osoan sakabanatu. Aldiz, gizakiaren inpaktu handiko eskualdeetan, habitatetan espezie potentzialen bosten bat bakarrik izaten da.
Gainera, ikerketak erakutsi du gizakien jarduerak eragin negatiboa duela ehunka kilometroko eremuan dagoen gune bateko landareen dibertsitatean. Egileen arabera, emaitzak kezkagarriak dira, frogatu baitute gizakion jarduerak uste zena baino askoz ere eragin handiagoa duela, eta inpaktuaren jatorritik urrun dauden gune babestuetara ere iristen dela. Kutsadurak, baso-soiltzeak, gehiegizko artzaintzak edo suteek landare espezieak beren habitat naturaletatik kanpo utz ditzakete, eta birkolonizatzea eragotziz.
Bestalde, ikertzaileek azpimarratu dute gizakiaren jardueraren eragin negatiboa ez dela hain nabarmena izan eskualde baten eremuaren heren batek gutxienez ondo kontserbatuta jarraitzen duenean. Horrek berretsi egiten du planetaren azaleraren % 30 babesteko helburua.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia