Lurraren % 30 babesteak desnutrizioa eragin lezake herrialde zaurgarrienetan, tokian tokiko ikuspegiaz egiten ez bada
2022/02/07 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain arte biodibertsitate-galera globala geldiarazteko neurri eraginkorrik lortu ez dela ikusita, 2020az geroztik, balio ekologiko handiko eremu naturalak babesteko proposamena jarri da mahai-gainean. Hain zuzen, Lurraren % 30 edo % 50 babestea. Eztabaida korapilatsua da, ordea, begirada global batez proposatu baita, eta, hainbat ikertzaileren arabera, tokian tokiko baldintzapenak kontuan hartu gabe. Edinburgoko Unibertsitateko ikertzaileek neurririk erradikalenak aztertu dituzte, eta Asiako hegoaldean eta Saharaz hegoaldeko Afrikan 200.000 heriotzatik gora eragingo lituzketela kalkulatu dute.
Izan ere, balio ekologiko handiko lur asko gerriko subtropikalaren barruan kokatuta daude, eta, ondorioz, hango nekazaritza- eta abeltzaintza-lurrak murriztea ekarriko luke. Horrekin batera, elikagaiak sortzeko haien gaitasuna ere murriztuko litzateke. Ikertzaileen arabera, beraz, beste neurririk hartzen ez bada, munduko herrialderik zaurgarrienetan elikadura-segurtasuna eta giza osasuna baldintzatuko luke, desnutrizio-tasak areagotuz.
Biodibertsitatearen galerari hain modu globalean begiratzea herrialde aberatsentzat soilik da onuragarria, ikertzaileen arabera. Izan ere, haragi gutxiago jatea ekarriko luke, eta, ondorioz, obesitatea, minbizia, diabetea, gaixotasun baskular eta koronarioak murriztea. Gerriko subtropikaleko herrialdeek, ordea, nekazaritza-lurrak latitude altuagoetara mugitu, eta barazki eta frutak sortzeko eta kontsumitzeko gaitasuna galduko lukete. Saharaz azpiko Afrika, Pakistan eta India desnutrizio-egoera gogorrenak pairatuko lituzketenak. Kalkuluen arabera, Lurraren % 30 babestuko balitz, 93.000 heriotza ekidingo lituzke haragiaren kontsumoa murrizteak, baina 377.000 heriotza eragingo lituzke fruta eta barazkien kontsumoa murrizteak. Lurraren % 50 babestuta, ordea, 297.000 heriotza ekidin baina 691.000 heriotza berri eragingo lituzke.
Edinburgoko ikertzaileek ohartarazi dute ezinbestekoa dela gehiago ikertzea, eta halako babes-neurriak eskala globalean hartu beharrean, tokian tokiko aldagaiak eta baldintzapen sozialak kontuan hartzeko eskatu dute. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia