}

Biodibertsitatearen arerio naturalak

2000/09/17 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Animaliak bat-batean masiboki hiltzen direnean poluzioa izan ohi da lehen susmagarria. DDTk arrano eta beste zenbait hegaztirenean 60ko hamarkadan eragin zuen sarraskiaz geroztik, poluitzaile kimikoak biodibertsitatearen arerio nagusi izan dira ekologista eta ekologo belaunaldientzat. Gaixotasunak, berriz, ordena naturalaren partetzat jotzen dira; baina hala al da benetan?
Untxiak eta mixomatosi gaitz hilgarria eragiten duen birusa elkarrekin bizi dira lasai asko.

Antzina-antzinatik saiak Indiako zeruetako errege izan dira. Ez dago sairik gabeko ez hiri ez herrixkarik. Zabortegi batean edo hiltegi bakarrean 500 aletik gora egon daitezke. Edo egon zitezkeen. Sai taldeak 20 minututan garbi dezake buffaloaren gorputza. Edo zezakeen. Izan ere, lehen edonon aurki zitekeen sai arrea urte gutxitan desagertu egin da Indian, eta beste sai espezieek ez dute patu bera izan, baina ez dira sai arreak bezain ugari eta handi, eta ezin izango dute horien lekua hartu. Kaleko txakurrek jaten dituzte orain hildako aziendaren hondarrak.

Sai arreak gaixotasunen batek hiltzen dituela uste du Bombayko Natur Zientzien elkarteko zuzendariak. Hala dirudi, behintzat, bildutako datu guztien arabera. Baina zerk? Eta nola?

Izurriteak nonahi

Indiako sai arreak ez dira patogenoen atzaparretara eroritako animalia bakarrak. 1887an inportatutako ganaduak behi-izurria eraman zuen Kenyara eta Afrikako hegoaldeko antilope, kunu eta bestelako ungulatuak akabatu zituen 10 urteren buruan. Neurriz gainezko arrantzak Ipar Itsasora bultzatu zituen itsas txakur muturbeltzak 1988an. Horiek mukieria eragiten duen birusa eraman zuten eta Ipar Itsasoko itsas txakur arrunten bi herenak hil egin ziren. Joan den urtean Nilo Mendebaldeko birusa –hegaztiei erasotzen dien birus hilgarria– New York hirian agertu zen eta mundu osoan jakin genuen zazpi pertsona hil zituela. Baina birus berak New York hirian bakarrik milaka erroi hil zituen eta, dagoeneko, hegazti migratzaileek Ipar Amerika osoan hedatu dute.

Anfibioak mundu osoan desagertzen ari dira.

Hala ere, izurriteek eragindako hondamendiak ez dira oso ohikoak animalia basatiengan; are gehiago, aparteko gertakaritzat jotzen dira. Baina animalien patogenoak gero eta errazago higitzen dira munduan zehar, landare, elikagai eta animalien salerosketa globala eta gizakien mugikortasuna areagotu diren heinean. Planeta osoan infekzio hilgarriek eragindako sarraskiak ugaritzen ari dira: itsas belarrietatik kanguruetaraino, koraletatik erleetaraino eta sardinetatik flamenkoetaraino.

Agintari, ekologista eta ekologo gehienek, ordea, poluitzaileetara bideratu dituzte indar eta ikerketak. Poluitzaile kimikoak dira, eta ez gaixotasunak, munduko ekosistemen mehatxu nagusia. Egia da, baina ez egia osoa. Anfibioen kasuan, esaterako, adituek denbora luzea eman dute mundu osoko igel, apo eta uhandreak desagertarazten ari den eragilearen bila, poluzioarekin loturiko arrazoiren baten bila, eta azkenean errudun nagusia patogeno bat dela ikusi dute: anfibioak izurriteak eraginda hiltzen ari dira, alegia.

Gaitzarekin orekan

Lehen edonon aurki zitekeen sai arrea urte gutxitan desagertu egin da Indian.

Animaliak eta patogenoak oreka mesedegarrian bizi direlako ustea hedaturik dago; hau da, gaixotasunak basabizitzaren zati dira eta gutxitan bilakatzen dira kezkagarri. Patogeno berriak animalia basatiei erasotzen dienean kaltea behin-behinekoa izango dela onartzen da, sarraski handiegia ez baita patogenoarentzat mesedegarri. Bizirik jarraituko duten ostalariak beharrezkoak ditu belaunaldi batetik bestera igaro eta berak eta bere ondorengoek bizirik iraun nahi badute. Ondorioz, patogeno bizkarroia eta ostalaria nolabaiteko adostasunera heltzen dira: ostalariak inmunitatea garatzen du, patogenoak oldarkeria maila jaitsi egiten du eta gaixotasuna jasangarri izatera pasatzen da.

Mixomatosia, adibidez, gaitz endemikoa da, larritasun berezirik gabekoa, Brasilgo karraskarientzat. 1952. urtean Armand Delille medikuak Frantziara sarrarazi zuen mendi-untxien ugaritzea oztopatzeko eta segituan gaitza Europa guztian zabaldu zen. Hasieran untxi pila ikaragarria hil bazen ere, untxiak eta gaitza eragiten duen birusa bata bestera egokitu eta gaur egun elkarrekin bizi dira lasai asko. Emaitzak ez dira beti hain positiboak, ordea: Kaliforniako kostaldeko itsas izarrak 1984ko hondamendiaz gero ez dira leheneratu. Beste espezieak itsas izarrak baino azkarrago errekuperatu ziren eta gailendu egin dira, garai batean espezie arruntena izan zena urri bilakatu delarik.

Populazioaren kontrola

Duela hiru edo lau urte arte gaixotasunek leku txikia zuten biodibertsitatearen arrisku iturrien esparruan, ikertzaileen begiak poluzioari so baitzeuden. Denborak eta ikerketek, ordea, oso kontuan hartzeko arerioa dela erakutsi dute, animalien biziraupena beste faktoreek bezainbeste mehatxa baitezakete.

Harrapariek eta elikagai kopuruak espezieen arteko oreka gordetzen dute eta populazioen gaineko kontrola egiten dute, baina, dirudienez, patogenoek ere bai. Azken horiek edozein harraparik baino aldaketa handiagoak eragin ditzakete basabizitzan. Lehenik eta behin, harrapariek baino aukera gehiago dute populazio jakin bateko kume eta ale gazteak hiltzeko, eta, ondorioz, espeziearen iraupena kolokan jartzeko; are gehiago patogenoa berria denean eta biktimek haren kontrako immunitaterik ez dutenean.

Irudian, gazela handia.

Dena dela, teoria biologikoen arabera, gaixotasun bakar batek ezin du erasotako espeziea erabat suntsitu, ale gutxiegi geratzen direnean patogenoa ez baita behar adina hedatzeko gai; hau da, patogenoa beti ostalaria baino lehenago desagertuko da. Ala ez?

A espeziea erabat desagertaraz dezake B espeziean bizirik iraun badezake. Ikerketan bi sits espezie eta arrautzak sitsaren beldarretan egiten dituen liztor espeziea erabili ditu eta liztorra eta sits espezieetako bakoitza, banaka ipinita, mugagabe elkarrekin bizi daitezkeela ikusi du. Beldarrik gabe liztorrak ezin du bere biziraupena ziurtatu eta, ondorioz, beldar kopurua urria denean, liztor populazioak ere berehala egiten du behera. Horrela, oreka ez da apurtzen. Baina bi sits espezieak eta liztorra elkarrekin ipinitakoan, sits espezieetako bat erabat desagertu zen, sits espezie sendoenak liztorraren biziraupena ziurtatzen duelako. Ipar Amerikako katagorri grisek Europako katagorri arruntak ia erabat ordezkatu dituzte, katagorri arruntak biei erasotzen dien birus batekiko sentiberagoak baitira.

B espezieak, hau da, patogenoaren biziraupena ziurtatzen dutenak, uste baino ugariagoak dira, gainera: etxekotutako animaliak, gatibutzan hazitako animaliak eta baita hildakoak ere. Patogenoak ez du, beraz, zertan ostalaria baino lehenago desagertu, biktimak banatzen baditu.

Lekualdatzeekin kontuz

Gaixotasunak zabal ez daitezen eginbeharretako bat garraiatu aurretik animaliak ondo aztertzea da. 1980-90 hamarkadan, adibidez, ehiztariek mapatxeak lekuz aldatu egin zituzten animalien populazioak Estatu Batuetan gora egin zezan eta, nahi gabe, amorrua zabaltzea lortu zuten. Era berean, biologoek ere badute erruaren zati bat. Askotan animaliak jaso egiten dira (ikertzeko, zaintzeko edo sendatzeko) eta, gero, berriz ere aske uzten dira.

Erreserbetan sartu eta erreserbetatik ateratzen diren animaliek izan ditzaketen infekzioak ongi aztertu behar dira, bai lehenago eta bai ondoren, ustekaberik izan nahi ez bada. Baina ohitura ez da oraindik sistematikoa. Neurriak hartu eta ikerketak indartu, hori da gaixotasunek biodibertsitatean nola eragiten duten ongi ezagutuko bada eginbeharrekoa. Poluzioa ez da dena.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia