}

Biodibertsitatearen eta klimaren krisiei batera heltzea aldarrikatu dute

2021/06/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

biodibertsitatearen-eta-klimaren-krisiei-batera-he
Biodibertsitate-galerari eta klima-larrialdiari batera aurre egiteko deia zabaldu dute zientzialariek. - Arg. Pixabay

IPBES (Bioaniztasunari eta Ekosistemen Zerbitzuei Buruzko Plataforma Gobernu Artekoa) eta IPCC (Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldea) erakundeetako 50 zientzialarik txosten bat plazaratu dute mezu argi batekin: biodibertsitatearen galerari eta klima-larrialdiari irtenbidea topatzeko, ezinbestekoa da biei batera heltzea. 

Unai Pascual García de Azilu da haietako bat, eta, haien esanean, bi fenomenoen erroan giza jarduera dago, biek ondorio sozialak eragiten dituzte, eta biei batera bilatu behar zaie konponbidea. Horretarako egin beharreko nagusiak ere jakinarazi dituzte. Hasteko, karbonoan eta espezieetan aberatsak diren ekosistemen degradazioa geraraztea, urtarrak zein lehorrekoak. Kalkulatu dute, baso-soiltzeak eta oihanen degradazioa geldituta, berotegi-gasen isuriak jaitsiko liratekeela, urtean, 0,4-5,8 gigatona karbono dioxido baliokide. 

Ekosistema horiek leheneratzea ere proposatu dute, eta horrek ekarriko lituzkeen onurak nabarmendu dituzte: uholdeen erregulazioa, kostako babesa, uraren kalitate hobetzea, lurzoruaren higadura murriztea, polinizazioaren bermatzea… Gainera, lanpostuak eta diru-sarrerak sortzeko ere lagungarria litzatekeela uste dute, batez ere, herri indigenen eta tokikoen beharrak eta eskubideak aintzat hartuz gero.

Nekazaritzari eta basogintzari ere erreparatu diote. Besteak beste, bai elikadurarako bai basogintzarako espezie desberdin gehiago landatzeak, lurzorua babesteak, eta ongarri gutxiago erabitzeak berotegi-gasen isuriak 3-6 gigatona jaistea ekarriko luke. 

Bestalde, beharrezkotzat jo dute babestutako eremuak handitzea. Gaur egun, lurraren % 15 eta itsasoen % 7,5 baino ez daude babestuta. Klima eta ekosistemak hobetzeko, % 30-50 egon beharko luke babestuta. Babestutako tokiak, gainera, elkar lotuta egon beharko lukete.

Ingurumenari eta klimari kalte egiten dieten jarduerak babesten dituzten diru-laguntzak kentzea eskatu dute, eta, aldiz, jarduera onuragarriak bultzatzea. Eta ohar bat ere egin dute: klima-larrialdia leuntzeko eraginkorrak izan daitezkeen irtenbide teknologikoak arriskutsuak izan daitezke biodibertsitaterako. Aitzitik, tokiko ekimen onuragarriak aintzat hartu beharrekoak direla berretsi dute. 

Txostenak klimarekin eta biodibertsitatearekin lotutako beste alderdi asko xehetzen ditu; eta aldaketarako oinarriak jartzen ditu, beti ere, gizartea ere kontuan hartuta.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia