Biodibertsitatearena, 1 Noe zaharraren legatua
1995/03/01 Altonaga, Kepa - EHUko biologia irakaslea | Puente, Ana Iturria: Elhuyar aldizkaria
Biodibertsitatea eta beronen krisiak
Biodibertsitate hitza ingelesezko “biological diversity” terminoaren kontrakzioa da, eta bizidunen espezie-kopurua adierazteko erabiltzen da normalean. Alabaina, ikuspegi zehatzagoa erabiliz, biodibertsitatea hierarkikoki antolaturiko hiru kategoriatan sailkatzen da, bizidunen hiru alde nagusiak aintzat hartuz: geneak, espezieak eta ekosistemak.
Lehenengoari gagozkiolarik, dibertsitate genetikoa espezie baten barruko geneen eraniztasuna da. Beronek espezie baten populazio desberdinak besarkatzen ditu (esate baterako arrozaren milaka barietate tradizionalak Indian), edota populazio baten aldakortasun genetikoa (zeina, adibidez, oso handia baita Indiako errinozeroen artean eta oso txikia gepardoen artean). Oraintsu arte, eraniztasun genetikoaren neurketak zoo eta jardin botanikoetako espezieetan burutzen ziren, baina gero eta usuago egiten dira espezie basatietan ere. Estimazioen arabera, orotara 10 9 gene daude.
Bestalde, espezieen dibertsitatea esanda, lurralde batean bizi diren espezieen eraniztasuna ulertzen da. Berori zenbait modutara neur daiteke, eta zientzilariak ez dira ados jarri metodorik onena zein den erabakitzeko. Esate baterako, sarritan erabiltzen den parametroa lurralde bateko espezieen kopurua da, hau da, “espezie-aberastasuna”, baina parametro zehatzagotzat jotzen da “dibertsitate taxonomikoa”, beronek espezieen arteko kidetasun-maila kontutan hartzen baitu. Adibidez, hegazti-espezie bi eta narrasti bat dituen irlak dibertsitate taxonomiko handiagoa edukiko du, narrastirik ez eta hiru txori espezie dauzkan beste irla batek baino.
Beraz, gainerako espezie guztiak batera hartuta baino kakalardo-espezie gehiago egoteak, horrek ez du espezieen dibertsitate taxonomikoa emendatuko, kakalardo guztiak elkarren ahaide baitira. Modu berean, askoz gehiago dira espezie lurtarrak itsastarrak baino, baina, lurrekoen arteko kidetasun-maila estuagoa denez, dibertsitate taxonomikoa handiagoa da itsasoan, espezie gutxiago egon arren. Azken baieztapenak nolabaiteko kontraesana daroa bere baitan eta, hori dela eta, zenbait autorek dibertsitate taxonomikoari “disparitate” deritzote. Horrela eginez, itsasoko biztanleen arteko disparitate apartaz mintza gaitezke, lur lehorreko dibertsitatea minimizatu barik baina.
Azkenik, ekosistemen dibertsitatea aurreko biak baino zailagoa da neurtzeko, mugak ez baitaude klaru. Hortaz, orain arte burutu diren ekosistemen sailkapen globalak oso gutxi gora-beherakoak dira.
Edozelan ere, egungo egunean biodibertsitateari buruzko aipamenak entzuten ditugunean, ez dira gehienetan berorren sailkapenaren ingurukoak izaten, ez. Autua biodibertsitatearen krisia izan ohi da. Alabaina, krisi horren baitan elkarrekin gardainaturiko arazo zabal eta larri bi bereiz ditzakegu. Batetik, biodibertsitatearen ezagumenduaren krisia : orain arte denetara 1,4-1,8 milioi espezie deskribatu badira ere, kopuru hori zifra errealaren oso parte txikia bide da. Hau da, kuestio honekiko gure ezjakintasuna ikaragarria da, eta, urteko 13.000 espezie berri deskribatu arren, erritmo horrekin segituz gero mende bi, berrehun urte!, beharko dira adituen ustez espezie guztien katalogoa ixteko.
Bestalde, biodibertsitatearen galeraren krisia dugu, suntsipen masiboaren fenomenoa, alegia. Espezie bakoitza, hala balea zein barrengorria edo beste edozein, eboluzio biologikoaren esperimentu bereiztu bakar baten emaitza ordeztuezinekoa da, baina, zenbait ikerlarik kalkulatu dutenez, urtero eta giza ihardueraren ondorioz 27.000 espezie suntsitzen dira, eurotariko asko eta asko zientziarako oraindik ezezagunak izanik. Beraz, hurrengo 30 urteotan espezie guztien bostena, gehiago ez baldin bada, desagertuko da, batez ere habitat tropikalen deuseztapenaren kausaz.
Honez gero konturatu garenez, biodibertsitatea hiru multzo nagusitan sailkatzen bada ere, bereziki espezieen ikuspegitik aztertzen da gehienetan, berori baita arazoa oratzeko modurik praktikoena.
Esploratu gabeko biosfera
Berrehun urte baino gehiago dira Carolus Linnaeus-ek (1707-1778) hasiera eman ziola inoiz planteatu den zientzi proiektu ausartenetariko bati: gure planetan bizi diren animali eta landare-espezie guztien deskribapen sistematikoa egiteari. Sasoi hartan proiektu horrek berritasun osoa zekarren aldean, oinarrizkoa suertatu zelarik mundu naturalaren ulerkera razional eta progresistarako. Proiektuaren abiapuntua Europako hiriburu nagusietako natur historiazko museo eta jardin botanikoen fundazioko urteekin batera gertatu zen. Euskal Herria bera ere ez zen joera horretatik guztiz at geratu, eta 1776. urtean Bergarako Erret Mintegia eratu zen, apala eta korronte nagusiekiko periferikoa izan bazen ere.
Espezieen eraniztasunaren deskribapen sistematikoak urteetan zehar segitu zuen. Esate baterako, Linnaeus-ek idatzitako Systema Naturae liburuaren 1753. urteko argitalpenak 549 animali espezie bildu zituen, baina, 1758.ean kaleratutako hamargarren edizioak 4.387 inkluditu zituen (9.000 bizidun-espezie orotara); zer esanik ez, harez gero deskribaturiko espezieen kopurua ikaragarriro hazi da, gaur egun milioitik gorakoa izanik.
Alabaina, denboraren joan-etorriaz aldatu egin dira jendearen interesa eta irudimena erakartzen dituzten ikerketa-eremuak, eta, beraz, aldatu egin dira politika zientifikorako arduradunek sustatutako ikerketa-lerroak. Izan ere, biztanleriaren gehiengo informatuak ostondoaren esplorazioa, partikula subatomikoen karakterizazioa edota bizidunen kode genetikoaren azterketa aukeratuko lituzke egungo zientziaren eginbehar premiazkoenen zerrendarako; eta hein berean, jakina, eraniztasun biologikoaren deskribapena, sistematika izenaz ezagutzen dugun eremu hori, anakroniko eta hautsez betea begitanduko litzaioke.
Edozelan ere, pentsatu ahal dugu mundua osorik esploratuta dagoela, puntarik punta. Izatez, mendi eta ibai gehienei izena esleitu zaie, itsas hondoa ere leize sakoneneraino kartografiatu da, eta atmosfera bera ere zeharka moztu eta kimikoki analizatu da; areago, gure planeta osoa etengabe ikuskatuta dago satelite bidez espazio sideraletik. Bestalde, ustez azken kontinente birjina, Antarktika alegia, honez gero ikerketa-gune bihurtu da eta bai turismo karuenerako jomuga ere. Baina, horrela izanik ere, biosfera esploratu gabe dago.
Badakigu berba gehienen esangura erabilerarekin batera aldatuz doana. Eta horrelaxe jazo da biosfera terminoarekin ere. Eduard Suess (1831-1914) geologo austriarrak argitaratu zuen lehen aldiz 1875. urtean, Lurraren geruza desberdinen sailkapena ezartzeko: litosfera, hidrosfera, biosfera eta atmosfera. Hala ere, Vladimir Vernadskij (1863-1945) mineralogista errusiarrak garatu zuen biosfera kontzeptua. Haren hitzetan, biziak okupaturiko lurrazalaren lekune singlea da biosfera (1926); hau da, perspektiba honen barruan, gure planetako biziak osotasun bat gauzatuko luke, multzo zatiezin bat, biosferaren beraren estruktura eta mekanismora gardainaturikoa. Biosfera, ba, amaraun sotila da, milioika urtetan ehundutakoa, litosfera, hidrosfera eta atmosfera tartean eta beroriekiko interakzio taigabean.
Esan dugunez, biosfera esploratu gabe dago, argiztu beharrean: Linnaeus-en proiektua abiatu eta berrehun urte geroago, mundu ezezagunean mugitzen garela esan daiteke. Eta, nahiz eta orain arte 1,4 milioi espezie deskribatu diren, Lurreko espezie bizi guztien kopuru erreala zehaztu gabe dago, dirudienez 10 eta 100 milioi bitarte horretako punturen batean. Gainera, inork ezin du esan zifra biotatik zein dagoen kopuru errealetik hurbilago. Bestalde, izen zientifiko formala jaso duten espezie guzti horietatik, % 10 baino gutxiago aztertu da azaleko anatomia baino maila sakonagoan. Hortaz, arrazoi du poetak, neurri batean behinik behin, “lurrak orain ere infinituak ditun haur-oina tipientzat” dinoskunean.
Lurreko espezieen aberastasun globala kalkulatzeko burutu diren estimazioak harrigarriro aldakorrak izan dira. Egin diren proiekzio batzuk argudio intuitibo batean oinarritu dira, hain zuzen ere talde desberdinen kontzentrazio erlatiboak kontutan hartuz. Horrela, ondo aztertutako espezie-taldeetan, adibidez hegazti eta ugaztunetan, espezie tropikalak lurralde septentrionaletan bizi direnen bi halako dira, hor nonbait. Intsektuei dagokienez, hobeto ezagutzen dira fauna septentrionalak tropikalak baino: identifikaturiko intsektu guztien bi herenak tropikoetatik kanpo bizi dira; hala ere, espezie tropikalen eta septentrionalen arteko erlazioa hegazti eta ugaztunetan bezalakoa izango balitz (oinarri gehiegirik gabeko hipotesia berau), orduan identifikatubako intsektu tropikal bi egon beharko lirateke, deskribatutako intsektu-espezie septentrional bakoitzeko. Arrazonamendu-hari honetatik taldez talde joango bagina, orain arte erregistraturiko espezie-kopurua, hots, 1,4 milioi, 5 bat milioi bihurtuko litzaiguke denetara.
Biodibertsitate globalaren estimaziorako Terry Erwin-ek, adibide ospetsu samarra ekartzearren, beste ildo bat segitu zuen: zuhaitz tropikalen adaburuetako koleopteroen fauna aztertu zuen. Horretarako, Luehea seemannii ezki tropikalaren adaburua fumigatu zuen intsektizida-laino biodegradagarri batez; hiru urtarotan zehar Erwin-ek 1200 kakalardo-espezie aurkitu zituen, baina ez ditu guztiak identifikatu eta sailkatu, eta ez daki inbentariatzeko zenbat falta zaizkion. Horrela izanik, estimaziorako beste bide bat segitu du. Hasteko, hauteman behar zuen zenbat koleoptero-espezie dauden zuhaitzarekin estekatuta eta zenbat diren arbola-mota askotan zabalduta daudenak. Ondoko aierua egin zuen: koleoptero herbiboroen % 20 zuhaitz tropikalen bati asoziaturik dago.
Abiapuntu honetatik, zuhaitz jakin batek adaburuan espezifikoki 160 koleoptero-espezie dituela estimatzera ailegatu zen. Bigarren urrats batean, eta koleopteroen hurbilketan oinarrituz, arbola-espezieko zenbat intsektu-espezie dauden deduzitu zuen: intsektu ezagun guztien % 40 koleoptero izanez, eta suposatuz proportzio hori zuhaitz tropikalen adaburuetan ere gordeko dela, zuhaitz-espezie bakoitzaren adaburuan 400 intsektu espezie espezifiko aurkituko bide dira. Hirugarren urrats bat emanez, zuhaitz osoko intsektu-kopurua proiektatu zuen: adaburuak arbola osoan bizi diren intsektuen bi herenak dauzkala kontsideratuz, zuhaitz tropikalen espezie bakoitzeko 600 bat intsektu espezie bizi direla onar dezakegu. Azkenik, eta normalean irizten denez, tropikoetan 50.000 zuhaitz-espezie daudela ontzat emanez, lortuko genukeen kopurua ondokoa da: 30 milioi intsektu-espezie lurralde tropikaletan. Kopuru hori handiagoa litzateke mundu osoko intsektuak kontsideratuko bagenitu.
Horrela zein bestela, eta asagoegi iritsi garela pentsatu arren, badugu urrutiago joaterik. Zenbait autorek adierazi dutenez, artropodo- eta landare-espezie bakoitzak gutxienez ondokoak dauzka bere bizkar: nematodo bat, protozoo bat, bakterio bat eta birus bat. Hau da, fauna parasitikorako egindako suposamendu hori benetakoa izatekotan, estimazio desberdinetan lorturiko emaitzak bost koiztu egin beharko genituzke: kopuru globala 100 milioitik gorakoa liteke.
Kopuruak kopuru, bizidun-talde konkretu batzuen sailkapenaz arduratzen diren zientzilariak, ehunzango edo iratzerenak adibidez, organismo jakin horien biologiaren aditu bakarrak izaten dira normalean. Gutxi gora-behera, horietako 1.200 espezialista daude Iberiar penintsulan, bertako milaka animali, landare- eta onddo-espezieak identifikatu eta sailkatzeko.
Iparramerikarako inoiz aipatu den sistematikari-kopurua 10.000koa izan da, eta kopuru globalak zifra hori hirukoiztu egin dezake. Hegoamerika eta Afrika subsahararrean (hots, biodibertsitate gehiena kokatzen deneko lekunean), 1.500 bat sistematikari arituko dira: bizidun tropikalen adituek nekez lortzen dute % 5eko portzentaia, organismo guztien gehiengo zabalarekin badihardute ere. Eskasia horren adibide tipikoa, termiten espezialistena dateke: termitak zuraren deskonposatzaile garrantzitsuak dira eta bai lurzoruaren berriztatzaileak (zizareak bezala), izurri-sortzaile nabarmenak eta tropikoetako animali biomasaren % 10; ba, hala ere, hiru pertsona koalifikatu besterik ez daude mundu osoan termiten sailkapenean aritzeko.
Behar den bezala prestaturiko jende-kopurua arras urria izanik, badirudi Lurreko biodibertsitate itzelaren azterketa gure posibilitateetatik kanpo dagoela. Baina, fisikako zenbait esparrutan lortu denarekin konparatzen bada, edo genetika molekularrean beste aipamen bat egitearren, orduan, erronka horren magnitudea hain neurribakoa ez dela ikusiko da. Hamar milioi espezieren prozesamentua 50 urtetan erdiets daiteke, are eta orain arteko metodo inefizienteak erabiliz ere. Demagun, Wilson-ek egin duen bezala, sistematikari batek urteko 10 espezieren erritmo astitsura egiten duela lan, martxa horrek laginketa-bidaiak, bildutako material biologikoa identifikatzeko laborategiko beharrak eta argitarapenak inkluditzen dituelarik, gehi oporrak edota familiarentzako tarteak.
Ba, horrelako lan-erritmoarekin milioi bat urte beharko lirateke eginbeharra burutzeko. Baldin eta sistematikan diharduten zientzilarien bizitza profesional emankorra 40 urtekoa dela onartuz, 10 milioi espezieren deskribapenak 25.000 bizitza profesional beteko lituzke. Kopuru ikaragarria dela iruditu arren, beharrezko sistematikarien multzo hori Estatu Batuetako zientzilari aktiboen populazio osoaren % 10 baino txikiagoa da. Eta, zer esanik ez, sistematikarien lanak askoz arinago egin daitezke, gaur egun erabilera zabaleko gertatzen ari diren teknika berriez baliatuz.
Linnaeus-ek hasitako proiektua behingoz bukatzeko ordua ailegatu da: biosfera osoa kartografiatu behar da orain. Helburu hori betetzeko arrazoi premiazkoena biodibertsitatearen azterketak denbora-muga bat duela da, zientziaren gainerako eremuek ez bezala. Muga bat, zeren espezieak desagertzen ari baitira, abiada bizian desagertzen, batez ere giza iharduerek ondorioztatutako habitat naturalen deuseztapenaren kausaz. Kontura gaitezen: espezie-suntsipenak egungo tasarekin segituz gero, 2020. urterako gaur egungo biodibertsitate osoaren bostena, edo gehiago, iraganeko kontua izan daiteke.
Meteoritoa baino ankerragoak
Zenbat espezie ari da desagertzen? Biologoek ezin dute esan modu absolutu batez, zeren, hasteko, ez baitakigu Lurreko espezie-kopurua sikieran zein magnitudetakoa den. Baina, hurrengo lekuan ezin da munduko habitat gehienen urteroko galera-portzentaia estimatu, ez baitira horretarako beharrezkoak diren ikerketak burutu. Hortaz, ezin jakin urteko zenbat espezie suntsitzen diren koralezko arrezifeetan, basamortu desberdinetan edota larre alpetarretan.
Hala ere, habitat aberatsenari buruzko, hau da, euri-oihan tropikalei buruzko, hurbilketa egin daiteke, bertako espezieen gutxi gora-beherako suntsipen-tasa kalkula daitekeelarik. Hurbilketa hori egitea posiblea da, zeren euri-oihanen deuseztapen-tasa ebaluatu ahal izan baita. Oihanaren azalera-murrizketatik abiatuz, espezieak desagertzen direneko tasak inferitu ahal dira, hau da, suntsipen-tasak eskura daitezke. Eta oihan tropikalek Lurreko animali eta landare-espezieen erdia baino gehiago dutenez, suntsipen-tasa horiek biodibertsitate osoaren galeraren norainokoa antzematea posibilitatuko digute: galera globalaren larritasun-maila diagnostikatu ahal da horrela.
Mundu osoko euri-oihanak 1989. urtean 8 milioi km 2 -raino murriztu ziren, alegia, aro prehistorikoetan zuten hedaduraren erdia baino zertxobait gutxiagora. Deuseztapen-tasa urteko 142.000 km 2 -koa zen urte horretan, hau da, egungo hedaduraren % 1,8; 1979. urtean deuseztatu zenaren doblea ia (= 75.000 km 2 ). Kontuak eginez eta gure pertzepziorako erraztuz: Euskal Herriaren azalera 7 biderrez da galera hori, edo, beste modu batez adieraziz, futbol-zelai bat segundoko.
Oihan tropikalen atzerakada ikaragarri horrek zelan eragiten du biodibertsitatearen gainean? Suntsipen-tasa estimatzeko, ekologian nahikoa ezagun den erlazio bat erabiltzen da, alegia, habitat baten azalera eta bertako espezie-kopuruaren artekoa. Modu honetako modelo matematikoak ohizkoak izaten dira zientzian, zuzeneko neurketak ezinezkoak direneko kasuetan; berorien ondorioz, lehen hurbilketak lortzen dira, gerora asko eta asko hobe daitezkeenak, baldin eta urratsez urrats ereduak doituz badoaz eta datuak ugarituz.
Lehen modelo bat, sarritan behaturiko S = c A z espezie/azalera erlazioan oinarritu da, non, hurrenez hurren, S, espezie-kopurua, A, habitataren azalera, eta, c eta z, lekuz leku eta talderik talde aldatzen diren konstanteak baitira. Suntsipen-tasaren kalkulurako c hori enoratu ahal da; z da benetan garrantzitsua. Kasu gehienetan z-ren balioa 0,15-0,35 tartean egoten da. Balore zehatza bizidun-motaren eta habitataren araberakoa izaten da: espezieak habitatean zehar erraz barreiatzen direnean, z txikia ohi da.
Adibidez, hegaztiek z-ren balore txikiak dauzkate, eta lur-marraskiloek, ostera, handiak. Zenbat eta z-ren balioa handiagoa izan, gehiago urrituko da espezieen kopurua azalera murriztutakoan. Honekiko arau enpirikoaren arabera, azalera konkretu bat jatorrizko tamainaren hamarrenera murrizten denean, espezie-kopurua erdira jaisten da. Berau gertatzen da z = 0,30 denean, eta naturan behatutakoarekin ondo doitzen da.
Aipatu dugun legez, 1989. urtean euri-oihan guztien azalera % 1,8ko tasarekin murrizten ari zen, eta nahikoa arrazonagarriro pentsa daiteke 90.eko hamarkadaren hasieran horrelaxe segitu duela. Balio tipikotzat z = 0,30 emanez, urteko azalera-murrizketak espezieen kopurua % 0,54 urritzea eragingo du, minimoa % 0,27 (z = 0,15 eginez) eta maximoa % 0,63 (z = 0,35 eginez) liratekeelarik. Zer esanik ez, z txikia duten taldeak gutxien erasandakoak izango dira, eta handia dutenek ondorio larriagoak pairatuko dituzte. Horrela izanik, espezie-talde gehienek z-ren balio txikiak badituzte, suntsipen tasa globala % 0,27ra hurbilduko da, eta % 0,63ra kontrakoa gertatuko balitz. Oraingoz ez dago nahikoa daturik tasa erreala mutur bi horien arteko zein puntutan dagoen esateko.
Euri-oihanaren deuseztapenak tasa horrekin 2022. urterarte segituko balu, momentu honetan dauden oihanen erdia desagertuko litzateke. Gertaera horrek sortuko lukeen suntsipena % 10aren (z = 0,15 eginez) eta % 22aren (z = 0,35 eginez) artekoa izango genuke. Kalkulu horretarako z-ren batazbesteko balio tipikoa erabiliz (z = 0,30), % 19ko suntsipena aterako litzaiguke. Hau da, deforestazioak beste 30 urtez oraingo tasan segituz gero, oihan tropikaleko espezieen hamarrenetik laurdenera desagertuko dira.
Eta oihan tropikalak biologoek uste duten bezain joriak baldin badira, kalkulatu dugun galera hori bera bakarrik espezie-kopuru globalaren % 5-10 litzateke, gehiago ez baldin bada. Oihan tropikalerako lortutako estimazio horri beste zenbait habitat aberatsen (koralezko arrezife, laku, ibai eta abarren) estimazioak batuz, detxemaketaren balioa beldurgarri bilakatzen da: habitat guztiak aintzat hartuta, suntsipena % 20koa izan daitekeela kalkulatu da posibilitate oso probable gisara, eta hori, gaur egungo ingurune deuseztapena mantenduz gero.
Biodibertsitatea zelako arintasunez doa desagertuz? Ez dago modurik mundu osoko euri oihanetan urteko desagerturiko biodibertsitatea zenbatzeko, are eta hegaztiena bezain ondo ezaguturiko taldeetan ere ez. Edozelan ere, eta gertatzen ari den hemorragiaren zenbatekoaz kontura gaitezen, hurrengo lerrootan suntsipen-prozesuaz dakigunean oinarrituz lortutako estimaziorik kontserbakorrena aurkeztuko dugu. Horretarako, kontutan hartuz oihanaren murrizketa soilaz galtzen diren espezieak (ez organismo exotikoak sartuta, etab.), z-ren baliorik txikiena emanez (z = 0,15), eta onartuz euri-oihanetan 10 milioi espezie bizi direla eta banakera zabalekoak direla, ba, horrelako parametro zuhurrak (eta konklusio ahalik eta optimistena lortzeko sesgaturikoak) erabiliz, orduan ere, emaitza loa kentzeko modukoa da: kondenaturik daude urteko 27.000 espezie. Egunero 74 espezie. Orduro 3 espezie.
Iraganeko denboretan, giza interferentzia barik espezieak gutxi gora-behera milioi bat urtez bizi izan dira batezbeste, erregistro fosilak erakutsi duenez. Hortaz, urteko espezie bat suntsitzen zen milioi espezieko. Giza iharduerak abiada hori ikaragarriro azkartu du euri-oihanean, hain zuzen, mila eta hamar mila bitarteko aldiko gehikuntza jasan duelarik. Begi-bistakoa da historia geologikoan zeharreko suntsipen-episodio itzelenetarikoan gaudena.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia