}

Biomimetika: natura eredu

2007/03/04 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Kakalardo zuri bat berez da deigarria. Cyphochilus kakalardoak zuri-zuria izateko eboluzionatu du, antza denez, onddo zuri batean jartzen denean ikusezin izateko. Bada, are deigarriagoa da zuritasun hori zein geruza mehean lortzen duen. Hori ikusita, industrialki geruza mehe eta zuriak egiteko eredu izan liteke kakalardo zuria.
Kakalardoaren zuritasunak liluratu egin zituen ikertzaileak, eta estaldura mehe eta zuri-zuriak egiteko eredutzat hartu dute.
P. Vukusic, Exeterko Unibertsitatea

Kakalardoa estaltzen duen geruza zuria ile bat baino hamar aldiz meheagoa omen da. Konparaketa bat egiteko, estaldura industrialetan, hain kolore zuria lortzeko, kakalardoaren estalduraren lodiera halako bi behar du geruzak.

Bada, kakalardoaren zuritasunaren gakoa oskolaren gainazalean dago. Kakalardoaren oskolari mikroskopio elektronikoz begiratuta ikusi dute ezkata luze eta zapalez osatuta dagoela, hiru dimentsioko oso egitura zorizkoak dituzten ezkatez, hain zuzen. Hortaz, egitura hori eredu gisa erabiliko omen dute estaldura zuriagoak eta meheagoak lortzeko.

Da Vinci garaiz kanpo

Ez da lehenengo aldia gizakiak natura eredu hartzen duena. Gogoratu, bestela, Leonardo Da Vinciren hegan egiteko saioak: hegaztien antzeko egiturak eraiki zituen horretarako. Tamalez, ez zuen arrakasta handirik lortu Leonardok.

Hainbat hegaztiren hegoei erreparatu diete hegoen itxura aldatzen duen hegazkin bat diseinatzeko.

Lehenengo saiakera haietatik bost mende igaro dira, eta baliabide teknologikoak ikaragarri hobetu dira. Eta ikusi dute Leonardo ez zebilela hain oker; ideia oso ona zen, garaia baino lehen izan zuen, ordea. Izan ere, gaur egun, hegaztia eredu hartzen duen proiektu bat baino gehiago dago.

Esate baterako, abiaduraren arabera hegoen itxura aldatzen duen hegazkin baten ideiarekin ari dira lanean Penn State Unibertsitatean. Kontuan izan dute hegaztiek itxura bateko edo besteko hegoak dituztela hegan egiten duten abiaduraren eta hegaldien luzeraren arabera. Bada, hego horien itxuran oinarritu dira hegazkinaren hegoen diseinua egiteko.

Hegazkin hori gauzatu gabe dago oraindik, proiektu bat baino ez da. Baina batek daki, agian, egunen batean patente onuragarria izango da, velcroa® bezala, esate baterako.

Velcroa® natura eredu hartuta egin den patenterik ezagunena eta erabiliena da. Diotenez, George de Mestral ingeniari suitzarrak bere txakurrarekin ibilaldi bat egin ostean izan zuen velcroaren® lehenengo ideia. Ibilaldian txakurrari eta bere galtzei lapa-belar latza itsatsi zitzaien, eta kendu ezinik ibili zen. Hain gogor itsastearen sekretua jakin nahian, mikroskopioz begiratu zion lapa-belarrari, eta gako-itxurako iletxoak zituela ikusi zuen. Bada, azal hura eredu hartuta egin zuen gaur egun itxitura erabilienetako bat dena.

Asmakizun arrakastatsuenetako bat velcroa® izan da.

Dirudienez, hasiera batean inork gutxik hartu zuen aintzat De Mestralen asmakizuna, eta zituen aurrezki guztiak xahutu omen zituen ideia gauzatzeko eta marka erregistratzeko. Ahaleginak merezi izan zuela esan beharrik ere ez dago, gaur egun milaka kilometro velcro® ekoizten eta saltzen baitira: kremaileraren ordez arropetan, poltsetan, diru-zorroetan; lokarrien ordez, zapatetan... Hamaika erabilera ditu.

Velcroak® berrogeita hamar urte baino gehiago ditu, eta tarte horretan oso asmakizun gutxi izan dira hain arrakastatsuak. Baina De Mestralen sekretua ezagutzen dugu: natura izan zuen eredu. Beraz, arazo praktiko bat badugu, naturari begiratu besterik ez dugu; hark guk baino lehen aurkitu diola arazoari konponbidea konturatuko gara. Natura oso zabala da, ordea, eta non bilatu jakin beharko genuke.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia