}

Biomintzak eragozteko premia

2002/05/30 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Antibiotikoekiko erresistente diren bakterioek mintzak osa ditzakete, baina bada hori eragozteko bide bat.

Bakterioek hesiak eraikitzeko gaitasuna dute. Horretarako, ale asko elkartu eta mintzak osatzen dituzte. Biomintz horiek ezin dira antibiotikoekin desegin, bakterioak horiekiko erresistente direlako. Ondorioz, bakterio-multzo horiek hainbat gaixotasun eragin ditzakete; adibidez, birikak kutsatzen badituzte, fibrosi kistikoa eragiten dute, gaixotasun hilgarria.

Estatu Batuetako Iowa Unibertsitateko biokimikari batzuek aurkitu dute mintz horien sorrera eragozteko baduela sistema bat gorputzak. Bakterioetatik proteina batek babesten gaitu: laktoferrina. Laktoferrinak gaixotasun infekziosoen aurkako funtzioa duela aspaldidanik da jakina. Orain, biomintzen sintesiari trabak jartzen dizkiola ulertu dute zientzialariek. Proteina horrek burdin arrastoak erauzten dizkio bakterioari, elikagairik gabe uzten duen arte. Biokimikarien arabera, horregatik izaten da hainbeste laktoferrina gorputzaren jariakinetan.

Hain zuzen ere, laktoferrina sintetizatzen duten zelulak kaltetuta daudenean garatzen da fibrosi kistikoa. Proteina horren eraginak biomintzen aurkako beste estrategia batzuk prestatzeko balio dezake. Zientzialarien ustez, bakterioarentzako elikagaiak murriztea da proteinaren lanaren gakoa, azken batean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia