}

Bioteknologia eta ingurumena zientziaren eta teknologiaren astean

2002/11/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Saretek-ek antolatutako Zientziaren eta Teknologiaren Astean, bigarren egunean, zenbait aldaketa egon dira programatutako hitzaldietan; esate baterako, Kenneth Timmisen ordez, Juan Luis Ramos gonbidatu dute Arabako Miñaoko Parke Teknologikora. Hala ere, nabarmentzekoa da interes handiko gaiak jorratu dituztela.

Juan Luis Ramos Espainiako Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiko (CSIC) ZAIDIN-eko esperimentu-estazioko zuzendaria da, eta bioteknologiak ingurumenean izan dezakeen aplikazioari buruz aritu da; batez ere, poluitzaieak bitarteko biologikoak erabiliz degradatzeko aukerei buruz. Hitzaldiaren ondoren, pare bat galdera egiteko parada izan dugu.

Hitzaldian, lindanoa aipatu duzu, eta hura desagerrarazteko teknika garatzen ari zaretela esan duzu. Zertan ari zarete zehazki?

Bai, hala da. Dakizuenez, lindano pestizida asko erabili zen garai batean Euskal Herrian, Galizian eta beste hainbat lekutan, eta orduan sortutako poluzioa desagerrarazteko teknika lantzen ari gara hainbat ikerketa-zentro elkarlanean, horien artean, GAIKER dago.

Dagoeneko badugu lindanoa degradatzeko gai den mikroorganismo bat, baina, tamalez, ez da oso eraginkorra. Beraz, bakterioaren eraginkortasuna handitzeko ahaleginetan ari gara. Horretarako, batetik, bakterioaren beraren gaitasuna areagotu nahi dugu, eta, bestetik, errizosferan eragin nahi dugu. Hain zuzen ere, bakterioa landareen sustraien inguruan bizi da, eta errizosferaren proteina jakin batzuek sustatzaile-lana egin dezaten bilatzen dugu. Azkenean, helburua bakterioaren eraginkortasuna handitzea da.

Bioteknologiak indar handia du AEBetan; aldiz, Europan errezeloz begiratzen zaio genetikoi eraldatutako organismoak sortzen dituen teknologia horri. Zure ustez, zein izango da joera etorkizunean?

Egia da bioteknologiak indar ikaragarria duela AEBetan, eta Europa oso atzetik doa, baita oinarrizko ikerketan ere. Orain dela 15 urte, Europa liderra zen ikerketa bioteknologikoan, nahiz eta AEBetan aplikazioak gehiago landu. Orain, berriz, bioteknologiaren ikerketa desagertzen ari da Europako programetatik. Horrek esan nahi du ez dela inolako erraztasunik emango aurrera egiteko; dagoeneko egin ditugun lanak geldituta daude eta ez dugu baimenik landa-azterketak egiteko...

Askotan aipatzen da errekonbinatutako organismoetan sartutako gene arrotzak naturara pasatzeko arriskuak beldurra sortzen duela. Baina orain baditugu bakterio ‘suizidak’ , beraz, poluitzailea desagertu denean bakterioa ere desagerraraz dezakegu. Hala ere, arriskua behin ere ez da zero izango. Bestalde, bioteknologiarekin beste akats bat ere egin da: sarri, itxaropen handia piztu da eta gero ez da bete espero zena.

Nolanahi ere, estatu espainiarrean ez da laguntzarik ematen bioteknologiaren ikerketarako. Orain, jarduera industrialek sortutako poluzioari bitarteko biologikoekin aurre nola egin ikertzen ari gara. Baina estatu espainiarrean ez da hori ingurumen-arazo handiena. Europako iparraldean eta erdialdean industrien hondakinak dira arazorik larrienak, baina Mediterraneoan oliba-olioa egitean sortzen diren hondakinek kalte gehiago egiten diote ingurumenari. Litro bat olio egitean, litro bat alpetxin sortzen da, eta alpetxina poluitzaile oso kaltegarria da. Oliba-olioa egiten duen enpresa ertain batek New York hiriak baino gehiago kutsatzen du egunean.

Beraz, aurrena arazoak ezagutu behar dira, eta, gero, bioteknologia hor dago, arazo bakoitzari era egokienean aurre egiteko. Oraingoz ezin dugu erabili, baina bitartekoak garatzeko ahaleginetan ari gara.

Bakterio ‘suizidak’

Juan Luis Ramosek hitzaldian azaldu zuen zer ziren bakterio ‘suizidak’. Bakterio ‘suizidek’ beren burua hiltzen dute degradatzen duten poluitzailea bukatzen denean. Hori lortzeko, proteina berezi bat kodetzen duen genea sartzen da bakterio horien genoman. Proteina horrek bakterioaren partea zelularra zulatzen du; ondorioz, bakterioa hil egiten da.

Bakterioa bizi dadin, gene horren espresioa inhibitu egiten da; hain zuzen ere, poluitzaileak inhibitzen du gene ‘hiltzailea’ espresatzea. Baina bakterioek poluitzaile guztia degradatu orduko, genea espresatu egiten da, proteina ekoizten da eta pareta zelularra zulatzen du. Orduan, bakterioaren edukia kanpora ateratzen da, eta hil egiten da.

Mekanismo horri esker, gene arrotzak naturara pasatzea eragotzi nahi da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia