}

Birus batek mehatxupean ditu Pirinioetako sarrioak

2005/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ez da zaila sarrioak ikustea Pirinioetan, 1.500 metrotik gora.

Sarrioa Pirinioetako faunaren ikurretako bat da. Rupicapra pyrenaica pyrenaica da Pirinioetan bizi den taldearen izena, baina espeziea Kantabriar mendikatetik hasi eta Kaukasora arte hedatzen da. Pirinioetan bakarrik, 25.000 inguru bizi dira, eta, izutia bada ere, ez da zaila bi mila metrotik gorako mendietan ikustea. Azkenaldian, baina, Pirinioetako populazioa txikitzen ari da, batez ere ekialdean. Susmagarri nagusia: sarrioen heriotza eragiten duen birus bat.

Kataluniako ingurumen-departamentuak uztailean emandako datuen arabera, Cerdanya-Alt Urgell sarrioen errolda % 85,6 gutxitu da azken urte honetan. Hain zuzen, iaz 563 sarrio zenbatu zituzten lurralde hartan, eta aurten 81 besterik ez. Frantziako aldean ere egin dute errolda, eta han populazioaren % 76 galdu da. Ekialderago ere, Cadí-Moixeró erreserban, datu kezkagarriak bildu dituzte. Iaz 2.363 sarrio bazeuden ere, orain 1.565 bakarrik daude. Horrek esan nahi du lurraldeko sarrioen herena hil egin dela.

Pirinioek etenik ez dutenez, gaitza mendikate osoan hedatzeko arrisku bizia dago.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko zientzialariak, Andorrakoekin eta Frantziakoekin batera, heriotzaren kausa aztertu dute. Antza denez, sarrioei eragiten dien birus bat da eragilea. Birusaren lehenengo arrastoak 2001ean izan zituzten. Orduan agertu ziren hildako lehenengo sarrioak, Kataluniako
Alt Pallars-en. Hasieran ez zekiten zein zen eragilea, eta hori izan zen lehenengo lana: erasotzailea identifikatzea.

Birusa identifikatzeko ikerketan, NEIKER Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak ere hartu zuen parte. Orduan ikusi zuten pestivirus familiakoa zela, txerri-izurri klasikoa eragiten duen birusaren familia berekoa. Abere hausnarkariei ere eragiten diete familia horretako birusek, eta, hain zuzen, ardien birusaren oso antzekoa da sarrioei erasotzen diena.

Ardien birusak arazo larriak sortzen ditu ugalketan, hala nola, abortuak eta sortzetiko malformazioak. Sarrioak, berriz, heriotzara eramaten ditu birusak. NEIKEReko Ana Hurtadoren iritziz, “sarrioetan hain hilgarria izateak adierazten du sarrioentzat berria dela; izan ere, lehendik ezagutzen ez zutenez, ez zuten defentsarik. Beraz, animaliak babesgabe daude birusaren aurrean”.

Birusak heriotzera eramaten ditu animaliak.

Birusak mukosei eragiten die, eta sarrioak erabat ahulduta uzten ditu; ilea galtzen dute, larruazalean gehiegizko pigmentazioa dute... Azkenean, hil egiten dira. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Ignasi Marco-ren esanean, “ezin dugu frogatu birusa dela heriotzen eragile bakarra, baina, azterketen arabera, badirudi lotura zuzena dagoela birusaren eta sarrioen gainbeheraren artean”.

Ondorioa kezkagarria da erabat. Birusa airez transmititzen dela kontuan izanda, ia ezinezkoa da prebentzio-neurriak hartzea. Ez dago birusen aurkako txertorik, “eta izanda ere, nola jarri txertoa haitzetan bizi diren animalia horiei?”. Ignasi Marcok uste du epidemia zabaltzeko arrisku bizia dagoela, “izan ere, Pirinioetako mendikatea dena bat da, ez du etenik, eta sarrioak denean bizi dira”.

Lehenengo agerraldia izan zen lekutik ekialdera egin du izurriak, baina edozein unetan joera aldatu eta mendebaldera etor daiteke. Badaezpada ere, Pirinioetako lurralde guztietako arduradunak erne daude, eta zientzialariak elkarrekin ari dira lanean, indarrak batuta. Egoera ez da, ez, egonean egoteko modukoa.