}

Birziklatzea beti ez da mesedegarria

2002/09/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Halaxe salatu du Greenpeacek, Indian dagoen arazoa ikusita. Jakina da munduko birziklatze-enpresa handienak Indian daudela, baina, Irailaren 11 gertu dagoela eta, orain zabaldu da herrialde hartara bidalitako hondakinek osasun-arazo larriak sortzen dizkietela zabor hori birziklatzen dutenei.

Indiak herrialde garatuetako zaborrak onartzen ditu, material hori birziklatu ondoren merkaturatzeko asmoz. Izan ere, herrialde garatuen arauak Indiakoak baino askoz ere zorrotzagoak dira, ingurumenari dagokionez. Gainera, langileen soldatak oso dira baxuak, eta merkatuak, berriz, produktu merkeak behar ditu. Hori guztia kontuan hartuta, ez da harritzekoa India herrialde garatuen zabortegi bihurtu izana.

Indiak jasotzen duen zabor-pila horren artean, Dorre Bikien hondakinak daude. Hasieran toxikotasunik ez zutela esan bazuten ere, gerora oso material arriskutsua zela ohartarazi zuten hainbat erakundek. Izan ere, asbestoa, PCBak (bifenilo polikloratuak), merkurioa, beruna eta ordenagailuen eta tresna elektronikoen beste osagai arriskutsu batzuk daude altzairuarekin batera.

Material horiek guztiek arriskuan jartzen dute langileen osasuna, ez baitira langileak babesteko behar diren neurriak hartzen. Baina arriskua ez dator birziklatzen duten materialetik bakarrik, batzuetan birziklatzeko metodoak berak ere kaltegarriak dira osasunarentzat.

Bestetik, ingurumenaz arduratzen direnen ustez, industria horiek egiten dutena ez da birziklatzea, baizik eta materialak berriro erabiltzea kalitate baxuagoa duten produktuak egiteko. Hartara, etekinak handiagoak dira. Haien esanean, arazo hori gainditzeko, ingurumena zaintzea ekonomikoi ere onuragarria dela ikusarazi behar zaie industriei. Industriek, produktuak egitean, kontuan izan beharko lukete komeni dela produktua birziklatzeko erraza eta segurua izatea gerora. Beraz, produkzio-prozesuetan material garbiagoak erabiltzea gomendatzen dute.

Halaber, birziklatze-enpresetako langileez gain, enpresa horietarako materiala biltzen dutenek ere osasun-arazo larriak izaten dituzte. Hain zuzen ere, milaka eta milaka dira egunero kaleko zaborraren artean birziklatze-enpresentzat materiala biltzen duten behartsuak. Lantegi horretan jarduten direnei kabadiwallahs deitzen zaie, eta gizon edo emakume, haur edo heldu izan, egun osoa ematen dute zaborretik trapuak, plastikozko poltsak, beira eta burdina bereizten eta biltzen, ondoren birziklatze-enpresei saltzeko. Bistan da, huskeria kobratzeaz gain, gaixotasun ugari harrapatzeko arriskua izaten dutela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia