Bischoff eta garunaren pisua
2019/09/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Oro ez da urre. Horixe gertatzen da zientzialari ospetsuekin ere. Egiten dituzten ikerketa eta aurkikuntzengatik ezagutzen ditugu, noski. Baina badute beste alde bat, pertsonalagoa, eta haien inguruko pasadizoak, zurrumurruak edo bitxikeriak aurkituko dituzu hemen.
Atal honetako lehen protagonista Theodor von Bischoff zientzialari alemaniarra da. Bischoff oso ezaguna izan zen 1870 aldera egin zituen giza garunaren azterketengatik. Haren lanetako bat garunak pisatu eta batez besteko pisua kalkulatzea izan zen. Lortu zituen datuen arabera, batez beste gizonezkoen garunak emakumezkoenak baino gehiago pisatzen zuen: 1.350 gramo gizonenak, 1.250 emakumezkoenak.
Bischoff oso matxista omen zen, eta, datu horietan oinarrituta, gizonezkoen adimen-nagusitasuna aldarrikatu zuen behin eta berriro. Izan ere, gizonaren garunak emakumearenak baino 100 gramo gehiago pisatzen zituen; beraz, ez zuen zalantzarik: gizonezkoak azkarragoak ziren. Argumentu horiegatik, noski, garaiko emakumeen kritikak jaso zituen.
Bischoff hiltzean, berak hala nahi eta, haren garuna aztertu zuten. Eta ezetz asmatu zenbat pisatu zuen Bischoff-en garunak? 1245 gramo, emakumezkoen batezbestekoa baino gutxiago. Baten batek pentsatuko du ongi merezia zuela!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia