}

Bisita gidatuak agenda elektronikoarekin

2004/01/20 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

PDAk agenda elektronikoak dira. Horietako batzuek badute GPSa ere, erabiltzailearen posizioa ematen duen tresna. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ingeniari batek beste funtzio bat ere erantsi die gailu horiei: bisita gidatuak egiteko aukera.

Miguel Campoy ingeniariak garatutako sistemaren bidez, aurrez prestatutako eremu jakinetan bidaia gidatuak egin daitezke eta toki jakinen inguruko informazioa ere eskuratu. Sistema horri esker, turismoko gidarien ordez edo hirietako planoen ordez erabili ahal izango dira agenda elektronikoak. "Bisita gidatu baten aplikazioa egin dugu. PDArekin eta GPSarekin, erabiltzailea Unibertsitatearen campusean kokatzen duen aplikazioa garatu dugu. Aplikazio horrek, aldi berean, hainbat informazio ematen du, kasu honetan Nafarroako Unibertsitate Publikoko landarediari buruzkoa".

Ibiltzen goazen heinean, inguruan dugunari buruzko informazioa ematen digu gailuak, landareei buruzko informazioa alegia. Izan ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusean ehundik gora landare, zuhaixka- eta zuhaitz-mota daude. Horietako bakoitzaren posizioa jakiteaz gain, argazkiak ikus daitezke, eta oinarrizko ezaugarriak ere irakur daitezke gailuaren pantailatxoan. Nahi izanez gero, bilaketa zehatzak egitea ere badago. Argazkiez eta testuaz gainera, agenda elektronikoa soinuez ere baliatzen da ibilbideari buruzko informazioa emateko.

Gailuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan dauden landarren informazioa ematen du

Sistema GPS sateliteen eta Miguelek egituratutako datu-basean oinarritzen da. GPSak, lehenengo, PDA daraman pertsona aurkitzen du, eta, gero, datu-basean duen informazioaren erlazionatuta, posizio zehatz horretarako datu-baseak fitxatuta dituen xehetasunen berri ematen du.

Miguel Campoyren gailuan, oraingoz, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campusa eta hango landareak besterik agertzen ez bada ere, nahi beste aldaketa egin daitezke. Haririk gabeko teknologien garapenari esker, sistemak ordenagailu zentral batekin lan egin dezake. Ordenagailu horretan beharrezkoa den informazioa gordeko litzateke, eta PDA terminal soila izango litzateke. Horrela ez litzateke beharrezkoa PDAk datuak metatzeko ahalmen handia izatea, informazioa ordenagailu zentralean egongo litzatekeelako.

Informazio gehiago Basqueresearch.com atarian.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia